7K - zazpika astekaria

Behobia-Donostia lasterketa popularra


Behobia-Donostia Irungo auzo txiki honetatik abiatzen den eta Donostiako erdialdean bukatzen den lasterketa popularra da. 57. aldiz ospatuko den maratoi erdi honek milaka korrikalari biltzen ditu Donostiako kaleetan, Gipuzkoako lasterketa ospetsuena bihurtuz. Bai kirolari profesionalak eta bai afizionatuak gai izaten dira lasterketa hau amaitzeko, baina badira kontuan izan beharreko hainbat alderdi.

Lehenik eta behin, jakin beharra daukagu lasterketa honen distantzia 20 kilometrokoa dela. Ez da lasterketa erraza, 7. eta 16. kilometroetan bi gain garrantzitsu mendean hartu behar baitira. Horregatik, epe luze-ertainera planifikazio bat eramatea garrantzitsua da. Kontuan izan behar dugu korrikalari gehienek ordu eta erdi baino gehiago behar izango dutela lasterketa burutu ahal izateko; beraz, gure gorputzeko artikulazioek zein giharrek prest egon beharko dute lesiorik eta ezbeharrik ez izateko.

Bestalde, jakin badakigu pertsona guztiok ez gaudela mota honetako lasterketak burutzeko prest. Egia da Behobian parte hartzen duten gehienek lasterketa bukatzen dutela, baina badaude beste batzuk erretiratu egiten direnak. Askotan, gaztetan lasterketa hau egin dutenak entrenatu gabe edo gutxi entrenatuta apuntatzen dira. Seguruenik, urte hauetan entrenatu gabe ibili badira, hauen egoera aerobikoa okerrago egongo da eta zailtasun handiagoak izango dituzte erritmoa mantentzeko. Gainera, urteak aurrera doazen heinean, gihar masa galdu egiten da, eta artikulazioak okerrera joaten dira. Hortaz, zuk uste artikulazio eta gihar horiek bi orduko lasterketa bat jasateko moduan egongo direla?

Azkenik, lasterketa honen aurretik esfortzu proba bat egitea derrigorrezkoa izan behar lukeela uste dut. Arazo kardiobaskularrak edozein momentutan etor daitezke, eta maratoi erdi baten aurretik gure gorputzak esfortzu fisikoei ondo erantzuten diela ziurtatzeak garrantzi handia du. Behobia-Donostia egitera bazoaz, lehenengo entrenatu, ondoren zure gorputza lasterketa egiteko prest dagoela ziurtatu, eta azkenik disfrutatu, egunak eta giroak merezi baitute.