MIREN ARTETXE
LIBURUEN TXOKOA

Autobiografia bat

Assata Shakur. Itz: Danele Sarriugarte • Katakrak, 2022 • 368 orri • 25 euro

(Zazpika)

Estatubatuarra eta beltza. Joanne Deborah Byron izenez jaio zen 1947ko uztailean New York hirian, eta geroago hartu zuen beste deitura, Assata Shakur, ekintzailarena, militantearena. Pantera Beltzak eta Beltzen Askapenerako mugimenduko kidea izan zen, eta ezagutu zituen gertutik heriotza hainbatetan, eta bere haragian tortura eta kartzela. Eta azkenean erbestea ere bai. Kuban aurkitu zuen babesa espetxetik ihes egitea lortu ondoren. Gaur egun, FBIk bere bila segitzen du, eta bi milioi dolar eskaintzen ditu topatzen duenarentzat. Literaturarako duen gaitasuna jasota gelditu zen 1988an, “Assata: An autobiography” obra idatzi zuenean. Jatorrizko bertsioa, ingelesez idatzia, best seller bat da. Orain emakume honen bizitza “epikoa” euskaraz ere irakur daiteke, Danele Sarriugarteren itzulpenari esker. Libururako hitzaurre bana idatzi dute Angela Davisek eta Joseba Sarrionandiak.

 

Nire minaren etxean •

Iñigo Antsorregi Dierez • Elkar, 2022 • 132 orri. 14 euro • Depresioak hartu zuen Iñigo Antsorregi bi urtez. Garai ilun haietan ideia suizidak izan zituen. Hil egin nahi zuela aitortu zion amari. Gaur egun, errekuperatuta dagoen honetan, bere bizipenak jaso ditu liburu batean: zerk piztu zion gaitza, nola iritsi zen horra, nola sentitzen zen egun haietan, eta baita nola lortu zuen ateratzea ere. Erabat autobiografikoa den narrazioa da, eta umoretik heldu dio gaiari begietara aurrez aurre begiratzeko. Bere asmoa eta nahia dira bere egoera antzekoan diren pertsonak lagundu ahal izatea. «Pertsona bakar bat konprenituta sentitzen bada, merezi izan du», esan du.

 

Etxe berdea •

Andoni Agirrezabala • Erein, 2022 • 144 orri. 17 euro • Ezbehar bat gertatu da herrian. Hildakoak, tartean. Poliziak ustez bere lana egin du. Herriko aguazila, ordea, ez dago konforme egin den txostenarekin, eta bere kabuz ikerketa paraleloari ekin dio. Testigantzak bildu eta txostena osatuko du... Azalpen honekin nobela beltz baten aurrean gaudela dirudi. Eta neurri batean horrela da, baina ez da nobela klasiko bat, zeren misterioa guk irakurleok argitu behar baitugu. Liburuan aurkituko duguna aguazilaren txostena da eta gure ardura piezak behar bezala kokatzea da: lekuko bakoitzak berea kontatuko du, bakoitzak gaizki edo ongi oroituko du 2005eko urriaren 29 hartan gertatutakoa, gezurrak edo egiak esango ditu, eta sinestea edo ez gure esku egongo da.

 

Landura •

Jose Luis Otamendi • Susa, 2022 • 96 orri. 12,82 euro • Jose Luis Otamendiren poema liburu berria. Itxialdian idatzitako testu asko jasotzen ditu, baina ez da pandemiaren inguruko liburu bat. Egoera desberdinen aurrean norbera bakantzearen arriskuen inguruan aritzea izan du helburu. Mundu zahar baten amiltzea haztatzen du poetak, eta behin asmatutako etorkizun puskez eta bizi duen sasoiaz itaundu; noren alde ari den jendea lanean non, zerk egiten duen jendea herri, aspaldiko hitzetatik zeinek balio duen elkar ferekatzeko gaur. «Nitasun intimo batetik abiatuz, bizi naizen garaiaren gogoeta egitera etortzen naiz. Objektuek, makinek, espazioek eta paisaiek garrantzia dute, eta horiek gerturatzeko eta humanizateko ahalegina egin dut», esan du Otamendik.

 

Atsoa •

Victor Català • Txalaparta, 2022 • 320 orri. 19,50 euro • Antologia honek Víctor Català (Caterina Albert i Paradísen luma-izenez) idazlearen narratiban bidaia bat proposatzen du, mende erdi batean idatzitako hamar ipuinen bitartez. Aita ezezagun eta ama kementsu baten kumea dute protagonista, bizi den ingurunean bere lekua egin nahian borrokan dabilena. XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako bizi baldintza gogorrek bustita, pertsonaiek zein gertaerek basakeria txundigarri batez dirdira egiten dute idazlearen kontaeran. Caterina Albert i Paradís (L’Escala, 1869-1966) idazlea, margolaria eta eskultorea izan zen.