7K - zazpika astekaria
KONTSUMOA

Gasaren azken baliabideko tarifa


Urtean 50.000 kWh baino gutxiago kontsumitzen baduzu, gasaren Azken Baliabideko Tarifa (ABT; gaztelaniaz TUR)  hartzeko eskubidea duzu. Kontsumitzaile gehienak egoera horretan daude. Soilik lau enpresek dute tarifa hori eskaintzeko eta kontratatzeko baimena; beraz, zure gas kontratua ez badago enpresa horiekin eginda ez zaude ABTaren babespean. ABTa kontratatzeko, enpresa hauetako batera jo behar duzu: Baser comercializadora de referencia –900 902 947 doako telefonoa–; Comercializadora regulada, Gas & Power S.A. (Grupo Naturgy) –900 100 502 telefonoa–; Curenergia, Comercializadora de Ultimo Recurso, S.A.U. (Iberdrola) –900 100 309 telefonoa–; Energia XXI, Comercializadora de Referencia S.L. (Endesa) –800 760 333 doako telefonoa–.

Tarifa libreko merkatuan lehen urteko kontratuan bazaude eta ABT tarifara pasatu nahi baduzu, zure konpainiak penalizatu egin zaitzake, baina inoiz ez energia terminorako (prezioaren alde aldakorra) aurreikusitako fakturazioaren %5 baino gehiago ordainarazita. Dokumentazio hau prestatu beharko duzu: NAN/AIZ, datu pertsonalak, etxebizitzaren helbidea, helbideratzeko banku kontua eta HPKU delakoa (fakturan aurkituko duzu).

Azken errekurtsoko merkaturatzaileek jasotzen dituzten eskaera guztiei erantzuteko betebeharra dute, betiere kontsumitzaileek baldintzak betetzen badituzte. Ez ordaintzeagatik hornidura etenda duten pertsonei bakarrik ukatu ahal izango diete arreta. ABT tarifaren kontratazioa ezin da beste ezein produkturen baldintzapean jarri. Adibidez, azken baliabideko merkaturatzaileak mantentze aseguru bat eskain diezazuke, baina zu libre zara aseguru hori onartzeko edo ez, eta zure erabakiak ez du inola ere baldintzatzen ABTa kontratatzeko eskubidea. Azken baliabideko merkaturatzaileek ezin diote deskonturik edo errekargurik aplikatu ABTari.

Erreklamazioak. Kexarik edo erreklamaziorik baduzu, lehenengo eta behin saiatu akordio bat lortzen zure konpainia merkaturatzailearekin, eta lortzen ez baduzu, hona jo: Kontsumobide (euskadi.eus), edo kontsumitzaileen elkarteak. (ikusi www.kontsumobide.euskadi.eus)