MIREN ARTETXE
LIBURUEN TXOKOA

Barbaroak eta zibilizatuak

Ibai Atutxa • Txalaparta, 2022 • 120 orri • 11 euro

1244_7K_liburua
1244_7K_liburua (Zazpika)

Iratzar fundazioak eta Txalapartak elkarlanean argitaratzen duten Iparrorratza bildumaren 5. alea. Kritika eta praktika marxisten, transfeministen eta dekolonialen pentsamoldeak bere eginez, mendez mende gure herrian eraikitako iruditeria basa aztertzen du eskuliburu honek. Horretarako, Euskal Herriko pentsalariak eta iturriak oinarri hartuta, lau barbarizazio prozesu aletzen ditu, barbarizazioa izanik, egilearen hitzetan, «euskaldun desobediente emantzipatzailearen aurkako indarkeria materiala». Horrenbestez, erreminta kutxa bat izan nahi du euskararen, euskaldunaren eta Euskal Herriaren zapalkuntzak barbarizazio prozesuen gurutzaketatik ulertzeko... Euskal Herriko zapalkuntza harremanez, Francoren diktaduraz eta Europa garaikidearen eraikuntza biolentoaz idatzi du Ibai Atutxak. Gaur egun Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa sailean.

 

Haurrek hitza •

Lidia Txukovskaia, Lidia Zhukova. Itz: Josu Zabaleta • Katakrak, 2022 • 84 orri. 10 euro • Jatorriz 1942an argitaratutako liburu honek Bigarren Mundu Gerrako testuingurura eramango gaitu; ohikoa ez den ikuspegi batetik, haurren begi eta ahotsetik hain zuzen ere. Garai beltz horretan, milioi bat lagun baino gehiago ebakuatu zituzten SESBeko mendebaldetik Uzbekistanera. Tartean berrehun intelektual baino gehiago egon ziren haurrak zaintzen; horietako bi izan ziren Lidia Txukovskaia eta Lidia Zhukova, liburu honen egileak. Biak ala biak haurrek kontatutakoa jaso zuten, eta bizipen horiek argia ikusi behar zutela iruditu zitzaien. Liburu hau da emaitza, gertakari krudelez beteriko liburua, gogorra bezain laburra.

 

Natura gure esku •

Aiora Zabala Aizpuru • Alberdania, 2022 • 142 orri. 15,50 euro • Gizakiaren eta ingurumenaren arteko harremanei buruzko gogoeta egiten du Ekonomia Ekologikoan doktorea den Aiora Zabalak liburu honetan. Kontakizunaren protagonista ez da gizakia era abstraktu batean, baizik eta egilea bera edo egilearen tankerako norbait izan daitekeen pertsona gazte bat, gaur-gaurkoa izateagatik eguneroko arazoak bizi dituena, eta haiekiko nola kokatzen duen bere burua azaltzen duena. Hamar kapitulu ditu liburuak, sarrera eta amaiera barne. Zortzi kapitulu nagusietan, eguneroko gai banaren inguruan antolatzen dira kontakizuna eta gogoetak. Horrela, solasaldian edo barne bakarrizketan, hainbat eta hainbat gai datoz orrialdeetara.

 

Poema liburu bat - irakurtzeko jarraibideak •

Angel Erro • Erein, 2022 • 64 orri. 9,50 euro • Angel Errok urteetan idatzitako poemekin osatutako olerki bilduma da. Burlatako idazlearen ohiko estiloari jarraiki, umore asko dago liburuan, eta, gaiei erreparatuta, nagusi da maitasuna –pertsonen artekoa, herrien gainekoa, hizkuntzarekikoa, poesiarekikoa...–; baita amaren figura edo hiria ere, mugimenduan ikusten baita poeta. Liburuak jasotzen dituen poemak «ordenagailuko hamaika karpetatan, desordenatuta eta birus batek noiz hartuko zain» zeuden. Ideia, proiektu eta «porrot askoren metaketaren emaitza» da azken bertsio hau, idazlearen arabera. Liburuak XIV. Blas de Otero-Angela Figuera Poesia lehiaketa irabazi zuen.

 

Ilunpeko zelataria •

Alberto Ladron Arana • Elkar, 2022 • 396 orri. 24 euro • Ekintza ugari, solas biziak, jakin-min eutsiezina, suspensea eta erritmoa. Ladron Aranaren ohiko markak dira, eta hauek dira  nobela honetan aurkituko ditugunak. Kontakizuna gerraostean kokatuta dago, Iruñean. Familia erabat ezberdinetatik datozen Iñigo eta Jokintxo, bi gazte dira pertsonaia nagusiak, bata gerrako irabazleen kasta aberatsekoa eta galtzaileen semea bestea; abenturarako grinak eta zinemarako zaletasunak batzen ditu. Espero ez duten amesgaizto bat biziko dute: musuzapi bat aurkituko du Iñigok zineman. Bahitutako neska batena den bihozkada sumatu eta haren bila abiatuko da. Bi lagunen abentura ilun eta korapilatsua.