MOTOR

Retroklasika, oroitzapenekin gozatuz

(Zazpika)

Auto klasikoen 35.000 zaletu elkartu ziren Barakaldoko BECen, azaroaren 11tik 13ra, Retroklasika Bilbao azokan erakusgai jarritako 1.500 ibilgailu ikusi eta bi urteko etenaldiaren ondoren berreskuratu den Motorshow jaialdiarekin gozatzeko. Aurten, gainera, Renault 5 eta Bilboko «azulito» autobus urdin txikiaren 50 urteurrenak ospatu dituzte.

Aurreko urteetako joerari jarraituz, gero eta gehiago dira Retroklasika Bilbao azokara hurbiltzen diren zaletuak. Iaz 30.000 pertsona eta 1.200 auto hurbildu baziren, aurten aurreikuspen guztiak hautsi eta 35.000 bisita eta 1.500 auto klasiko elkartu ziren, antolatzaileek emandako datuen arabera.

Azokaren erakargarritasun handienetako bat, zalantzarik gabe, klasikoen aparkalekua izan ohi da urtero. Ibilgailu klasikoen ehunka zale biltzen dira han, beren altxorrak garajetik atera eta ekitaldira eramaten dituztenak, beste zale batzuekin zaharberritzearen edo mantentzearen sekretuak komentatzeko.

Erakusketari dagokionez, azokaren hamaikagarren edizio honetako ezinbesteko edukien artean protagonista izan zen Loizaga Dorre Museoa, mundu osoko Rolls Royceren bilduma pribatu handienetakoa eta Retroklasika hitzorduari leial eusten diona. Oraingoan, Miguel de la Vía bilduma bikainak gordetzen dituen auto batzuk ikusi ahal izan ziren bere standean. Hauen artean, Rolls Royce (1955eko Silver Dawn, 1961eko Silver Cloud II eta 1970eko Silver Shadow Coupé) eta 1934ko Bentley 3.5 Saloon.

Edizio honetako beste stand izarretako bat 50 urte bete dituen Renault 5 autoari eskainitakoa izan zen, zalantzarik gabe. Hori dela eta, Renault Klasikoen Klubarekin lankidetzan, zaleek gune berezi bat izan zuten frantses utilitarioaren zenbait bertsio ikusteko: 950 TLtik hasi eta R5 Turbo 2ra, baita TS, TX edota GT Turbo ere.

Mende erdia bete duen beste ibilgailu bat Bilboko autobus zerbitzuko «azulito»a izan da eta, hori ospatzeko, egun gordeta dagoen ibilgailu bakarra jarri zuten ikusgai. Bilboko Trenbidearen Lagunen Elkartearena da, eta urtebetetze festa ere antolatu zuten bertaratutako guztien artean.

Autobus txiki horien zerbitzua 60ko hamarkadan hasi zen eta, ohiko ibilbideak egiten bazituen ere, arinago mugitzen zen hiriburuko kale estuetan, eta bidaiariek eskatutako tokietan geratzeko aukera ematen zuen, taxi kolektiboen funtzioa eginez. Garai hartan berrikuntza handia izan zen hori, baita gidarien artean emakumeak zituen lehen autobus zerbitzua zelako ere.

Bestalde, Plentzia Classic Klubak Honda motozikleta markari eskainitako monografikoa antolatu zuen, eta Euskadiko Automobil Klasikoaren standak pieza berezi bat izan zuen barruan: munduan 26 ale bakarrik egin ziren Bristol 402 modeloko auto bat, joan den mendearen erdialdean Bilbon saldu eta matrikulatu zena.

Ekialdeko Klasikoen Klubak omenaldia egin zion Lada Niva modeloari, bere 45. urteurrena ospatzeko. Horretarako modelo horren aldaeren errepertorio txiki bat erakutsi zuten: Dakar 2022 lasterketan parte hartu zuena eta bost ateko beste modelo bat, Mendebaldeko Europan aurkitzen oso zaila dena. Beste modelo batzuk ere erakutsi zituzten beren standean, hala nola Belgikatik iritsitako 1979ko Volga bat edo oso gutxi ikusitako 1983ko Skoda 120 gorri bat ere.

Motorshow arrakastatsua. Protagonismo berezia izan zuen aurten Retroklasikara itzuli den Motorshowak. Azken edizioko murrizketen ondoren, BECeko lehenbizko pabiloiak Penintsula iparraldeko kirol-automobil klasikoen indoor ikuskizun handiena hartu zuen bi egunez, kronoaren aurkako probak, jazarpenak, drift, eta bestelakoak antolatuz.

Usansoloko Racing Taldeak antolatutako jaialdian, Iñigo Olabek (BMW Super 2000), Xabier Rikek (Citroen Saxo) eta Txus Jaiok (BMW M3) osatu zuten podiuma.

Erakustaldi horiez gain, azokak ohiko atalak mantendu zituen, hala nola ordezko piezak, osagarriak, opariak edo zaleek beren ibilgailuak salgai jartzeko gunea.

«Horrela –adierazi dute antolatzaileek–, Retroklasikarentzat handia izan den edizio bat ixten da, pandemia aurreko asistentzia zifretara itzuli baita, eta berriz ere klasikoen sektoreak Penintsulako iparralde osoko zaleengan izan duen eragina erakutsi du».

 

Donostiak 68 autobus elektriko erosiko dizkio MAN Trucks etxeari.

Mugikortasun elektrikoaren arloan Euskal Herrian inoiz egindako operaziorik handienean, Donostiako D-Bus konpainiak 68 autobus elektriko erosiko dizkio MAN Trucks etxeari: 12 metro luzera duten 51 ibilgailu, eta 18 metro luzera duten beste 17. Operazioak 50 milioi euroko kostua izango du eta Next Generation funts europarren finantzaketa izango du. Esleipenera beste bost ekoizle aurkeztu dira: Evobus, Irizar Emobility, Iveco, Solaris eta Volvo. Gaur egun Donostiak hiru autobus elektriko ditu eta 2025erako ibilgailu guztiak elektrikoak edo hibridoak izateko asmoa du.

 

Audiren logo berria Q8 e-tron autoak estreinatuko du.

Audi etxe alemaniarrak lau uztaien logo berria aurkeztu du eta Q8 e-tron elektrikoa izango da estreinatuko duen lehen ibilgailua. Audiko diseinatzaileek azaldu dutenez, logo berria bi dimentsiotakoa izango da eta ez du kromaturik izango, zuria eta beltza baizik. «Uztai zuri deigarrien barrualdea kristal beltzezko gorputz batean sartuta balego bezala da, distira handiagoa lortzeko». Horrekin lortu nahi dutena da toki guztietan irudi berbera mantentzea: egunkari batean, smpartphone batean, telebistako pantailan edo autoen kanpoaldean zein barrualdean.

 

Aiways U6 txinatarra urte amaieran iritsiko da Europara.

U5 autoa merkaturatzen hasi ostean, Aiways txinatarrak urte amaiera honetan salgai jarriko du bere bigarren modeloa, U6 izeneko SUV coupe elektrikoa. Prototipoaren azken gidatze probak egiten ari dira Munichen, horien artean autobidean abiadura handian gidatzeko testak, izan ere Aiways U6ren azelerazio ahalmen handiagoak balaztatze sistema optimizatzea eskatzen baitu. Enpresak adierazi duenez, gida-probaz gain, prototipoak ere ziurtapen programa zorrotz bat egiten ari dira, urtea amaitu baino lehen Europan merkaturatze azkar bat ahalbidetzeko. 160 kW-eko motorra du (218 zaldi) eta 400 kilometroko autonomia eskaintzen dion 63 kWh-ko bateria.