JON URZELAI GARRIDO - SALTO TRAINING

HITT entrenamenduaren onurak pertsona adinduetan

Argi dago denbora pasatu ahala pertsonon gaitasun fisiko funtzionalak aldatu egiten direla eta horrek gure osasun-egoera eta bizi-kalitatean eragiten duela. Horregatik, pertsona adinduen patologiak edo mugak zeintzuk diren jakinda, ezinbestekoa da horiei beraien mugen barnean aktiboak izaten erakustea. HIIT delakoa, hau da, intentsitate handiko tarteen entrenamendua, entrenamendu mota egokia izan daiteke gaitasun fisiko horiek lantzeko eta, ondorioz, pertsonon bizi kalitatea hobetzeko.

Entrenamendu metodo honek adinekoen aldagai fisiologikoetan eta gaitasun fisiko funtzional zein kognitiboan eragiten du. Aldagai fisiologikoei dagokienez, frogatua dago patologia espezifiko batzuetarako onuragarria dela, baita presio arterial, bihotz-funtzio, profil lipidiko, glukosa eta funtzio kognitiborako ere. Horrez gain, egiaztatua dago pertsona adindu aktibo zein ez-aktiboen eta lodi zein osasuntsuen egoera fisiko funtzionalak hobera egiten duela; izan ere, gihar masaren indizeak hobera egiten du, goi eta behe ataletako indarra handitzen da, arnas gaitasunean hobekuntzak antzematen dira eta indar-potentzia areagotzen da, besteak beste. Hori gutxi balitz, frogatuta dago kasu askotan adinduen alderdi kognitiboak, hau da, garunak hobera egiten duela entrenamendu kognitibo-motriz eta fisikoari esker. Horregatik, garrantzitsua da entrenamendua diseinatzerakoan adinekoen ezaugarriak ezagutzea eta, horien arabera, maiztasuna, intentsitatea, denbora eta ariketa mota kontuan hartzea.

Hortaz, esan dezakegu HIIT entrenamendua metodo segurua dela osasuntsu dauden edota sedentarioak diren helduentzat, betiere profesional batek gainbegiratuta. Gainera, kontuan hartu behar da pertsona guztiak ez garela berdinak eta entrenamendua bakoitzaren ezaugarrien araberakoa izan behar dela, hau da, indibidualizatua. Entrenamenduak ariketa fisikoarekiko afizioa ekarriko du eta, horrekin batera, pertsonon osasuna eta bizi kalitatea hobetuko da.