MARKEL URRATE ANTIA - SALTO TRAINING

Erreadaptatzailearen zubia

Askok galdetuko duzue ea nor edo zer den erreadaptatzaile bat. Ziurrenik zuetariko askori tokatu zaizue noizbait lesioren bati aurre egitea eta, ziur aski, behar baina gutxiagotan eskatu duzue profesional baten laguntza. Jakina da errekuperazio orok etapa ezberdinak dituela (diagnostikoa, balorazioa, fisioterapia, ariketa fisikoa...) eta berregokitze hau era egokian egiteko etapa bakoitzeko profesionalen elkarlana ezinbestekoa dela (horra, talde multidisziplinarraren garrantzia). Aldiz, komunikazio, jakituria edo desadostasun falta dela kasu, etapa ezberdinen ardurak nahastu egiten dira askotan; medikuak jarduera fisikoa errezatu, fisioterapeutak mediku lanak egin, jarduera fisikoaren adituak fisioterapeuta lanak egin... Aldian behin badira arlo ezberdinak bateratzen dituzten profesionalak ere.

Hemen sartzen da erreadaptatzailearen papera. Lesio ororen bilakaeran aurrera joan ahala, fisioterapia tratamendutik ariketa fisikoaren tratamendurako zubia behar bezala eraikitzea garrantzitsua da, lesioaren osaketan aurrera jarraitzeko. Fisioterapian, ariketa fisikoan eta lesioen inguruko psikologian ezagutza izatea ezinbesteko ezaugarria da unean uneko estimulu egokiak prestatzeko. Honela lortzen baita lesio bat atzean uztea, estimulu egokien bidez zereginak beteta. Zehazki, erreadaptatzailea bera da zereginak prestatzearen arduraduna, ariketen karga eta intentsitatea kontrolatuz, era progresiboan lesiodunari aurrera egiten laguntzen diona.

Gizartean, mugimendua eta ariketa fisikoa pixkanaka dagokien garrantzia hartzen ari direla iruditzen zait, bi aspektu hauek terapia ororen giltzarri bihurturik. Beraz, errekuperazioko etapa guztiek garrantzia duten bezala, erreadaptatzailearen lanak mugimenduaren zubian duen garrantziaz hausnartzeko gonbidapena egiten dizuet.