JAN. 08 2023 IRITZIA Urte berriko promesak AMAIA URIBE Heldu da urte berria. Eta, beste behin ere, xanpainarekin, su artifizialekin eta beteko ez ditugun promesekin eman diogu ongietorria. Bitxia da nola eraldatzen garen urte berria hasteko unean. Inflexio puntutzat hartzen dugu urtarril hasiera eta ordura arte egin ez dugun guztia egingo dugula agintzen dugu. “Gabonetan hartutako kiloak galduko ditut”. “Oraingoan, bai, erretzeari utziko diot”. “Zin dagit mugikorra gutxiago erabiliko dudala”. “Ingeleseko titulua baietz atera!”. Zer? Ezagun egiten zaizkizue promesa hauek, ezta? Zuetako askok aginduko zenioten zeuen buruari halako zerbait egingo zenutela, nahiz eta %80k baino gehiagok ez ditugun urte berriko promesak betetzen. Albistegietan, urte berriari zer eskatzen dioten esaten agertzen dira herritarrak. Eskoletan, urte berria nolakoa imajinatzen duten galdetzen diete haurrei. Gabon zaharreko familiako brindisean, urte berrira begira eskaeraren bat egiteko esan ohi digu osabak. Eta, inguruak behartuta edo tradizioak bultzatuta, nahi ez duenak ere promesaren bat eginez hasten du urtea. Urtarrileko aldapaz hitz egiten dugu gero. Baina beti pentsatu izan dut gure buruari presioa gehituz geu garela urtarrileko malda areagotzen dugunak. Nahikoa dugu Gabonetan gastatutakoaren kolpea jasotzearekin eta urte sasoi honetako prezio gorakadari aurre egitearekin; are gehiago, erregaiaren dirulaguntza kenduko digutela jakinda. Argaltzearen edota ingeles titulua ateratzearen zama jarri behar al diogu geure buruari? Lehendik ere estresatuta egon eta gehiago estresatu? Zertarako? Lagun korrikalari batek beti esaten du markarekin obsesionatuta hasten duen lasterketa txarto ateratzen zaiola. Beraz, promesak utzi eta has dezagun urtea presiorik barik. Lasai. Etorriko denaren zain. Gogoz. Ilusioz. Eta agobiatu barik. Izan ere, aurreko urteek erakutsi digute gutxien espero dugunean pandemia bat edo gerra bat etor daitekeela. Eta hori gertatzen denean haizeak eramaten ditu urte berriko promesak. Urtarrileko aldapaz hitz egiten dugu, baina beti pentsatu izan dut gure buruari presioa gehituz geu garela urtarrileko malda areagotzen dugunak.