Iñigo Ocamica
ARKITEKTURA

Oroimenean errotuta

High Line Park, New York –Arkitektoak: Diller Scofidio. Paisajista: Piet Oudolf–,  Manhattanen intentsitate bortitzaren erdian oasi bat. Argazkia: Iñigo Ocamica
High Line Park, New York –Arkitektoak: Diller Scofidio. Paisajista: Piet Oudolf–, Manhattanen intentsitate bortitzaren erdian oasi bat. Argazkia: Iñigo Ocamica

Terapia moduko zerbait suertatzen ari da hilero artikulu hauek idaztea. Ez dakit terapia hitza aproposa den, konpondu ez dudalako askorik konpontzen, baina barnera begira jarri eta hausnartzeko esparru bat eskaintzen didate. Begirada propioaren biluzte prozesu honetan ateratako gogoetek norbaiti, zentzua ez bada, behintzat kuriositatea piztea espero dut. Bestela, bisitatzeko leku interesgarrien gida gisa erabilgarriak izan daitezke.

Oroimenaren inguruan geratu nintzen bueltaka aurreko artikulua idatzi ostean. Zein urrats uzten digute bizitzen ditugun espazioek? Nola pentsatzen dugu arkitektura? Eta horretan nenbilela, Peter Zumthor arkitekto suitzarraren “Pensar la Arquitectura” (Arkitektura pentsatzea) liburua etorri zitzaidan burura. Bere izebaren lorategira sartzen zen oroitzapenarekin hasten da liburua, eta gero izebaren etxearen sukaldea ere deskribatzen du.

Zumthorrek dio horrelako oroitzapenak direla bizipen arkitektoniko sustraituenak. Memorian sakonki errotuta daude, eta haien bitartez eraikitzen ditugu espazioek eragiten dizkiguten gogo-aldarteak. Oroitzapen hauek dira imajinarioan eredutzat ditugun irudi arkitektonikoak, eta arkitektoek hauekin lan egiten dugu  espazio berriak sortzeko unean.

Badira espazio ugari, bizitzan zehar, hunkitu egiten gaituztenak, gure gain nolabaiteko eragin berezia dutenak, askotan zergatiaz ia konturatzen ez bagara ere. Memorian errotzean, bizipen horiek iruditeria oso bat moldatzen dute, alez ale, eta begirada ere baldintzatzen digute.

Horregatik, bidaiatzeak izugarrizko balioa izan dezake. Atmosfera berriak kuriositatez bizitzerakoan, eszenatoki berriak sartzen ditugulako oroimenaren bilduman, eta esperientzia horiek guztiak tresna erabilgarriak izan daitezke gerora. Sarritan erabiltzen dut praktika gisa, bisitatutako toki bitxien bilduma egitea... argazkiez, marrazkiez eta momentuan idatzitako bat-bateko hausnarketa laburrez josia.

‘El jardín (in)temporal’, Veneziako 2018 Arkitektura Bienalean egindako interbentzio iragankorra. El Cueto jatetxea eta bere lorategia, 2022ko udan bukatutako lana. Argazkiak: Iñigo Ocamica

High Line Park. Paisaiaren arkitekturaz New Yorken maitemindu nintzen. Oso lagun min batekin egin nuen bidaia, unibertsitateko 2. maila bukatu ostean, 2012ko udan. New Yorken hamar gau, eta Chicagon hamaika egin genituen. Hamar urte baino gehiago igaro dira jada, baina High Line Park biziki gogoratzen dut oraindik.

Diller Scofidio arkitektoen eta Piet Oudolf paisajistaren proiektu bikaina da, behin East Side Line trenbide izan zenaren errailen gaineko parke eta azpiegitura berde garai gisa sortu zutena. Han ezagutu nuen lehen aldiz Oudolfen lana, eta benetan liluratuta geratu nintzen. Hirutan bueltatu ginen bertara afaltzera, entsalada edo sandwich batekin ilunabarrean, Manhattanek duen intentsitate bortitzaren erdian oasi bat iruditu zitzaigulako.

High Line Park oroimenean errotuta dudan lorategietako bat da. Horren ostean Oudolfen lana askotan aztertu dut erreferentzia gisa, eta ziur aski bizipen honek baldintzatu ninduen karrera amaieran hautazkoetako bat Paisaiaren Arkitektura hartzea erabakitzean.

Proiektuak diseinatzen nagoela, hango atmosfera askotan etortzen zait berriro gogora. Sentsazio solteak badira ere, sentimendu konkretuak eta memoriak difuminatutako irudiak... atmosfera haren esentzia harrapatu nahian, gogoeta egiten dut sentsazio horiek zein elementuek sortu ote zizkidaten eta, aldi berean, zeren bitartez interpretatu ote ditzakedan, esku artean dudan proiektuari atmosfera horren kutsuren bat oparitzeko.

Oroimenaren inguruan artikulua idazteko bueltaka nenbilela, konturatu nintzen Iñigo Tudancarekin batera egin nuen karrera osteko lehen proiektuan, Veneziako Bienalerako egin genuen “El jardín (in)temporal” interbentzio iragankorrean, bazegoela High Line Park-en bizitako oroipenen pintzelkadaren bat. Eta hari fin batek ere lotzen zituela hamar urte lehenago bisitatutako parke horren oroitzapena eta 2022ko udan bukatu genuen Errioxako El Cueto jatetxea ere, lorategian. Oroitzapenak, noizbehinka, errealitate berriak sortzeko tresnak izan daitezkeelako.