Amaia Ereñaga
artista mexikarraren itzala

Zer du hain berezia Frida Kahlok?

Che Guevararekin gertatu bezala, hezur eta haragizko pertsona izatetik ikono global bihurtzerainoko jauzia aspaldi eman zuen Frida Kahlok (1907ko uztailaren 6a - 1954ko uztailaren 13a), harik eta gaur egun panpinak, agenda, kamiseta, irudika daitezkeen mota guztietako objektuen protagonista bihurtu arte. Indigena mexikarren kulturaren aldarrikatzailea den emakume ezgaitu batentzat ez da lorpen makala. Bilbotik Parisera, Buenos Airestik Sydneyra, bizirik dago Frida Kahloren arrastoa.

Toni Frissell, Vogue - Condé Nast
Toni Frissell, Vogue - Condé Nast

Sareetan, berdin dio zein plataformetan, Frida Kahlo izenarekin bilaketa bat egindakoan, emakume honek idatzitako esaldiak eta margotu zituen irudi minberak eta koloretsuak borborka azalduko zaizkigu. Milaka orrialde daude, milioika aipamen, milaka irudi. Ikaragarria da. Autolaguntzaren “guru” bat dirudi batzuetan, hainbeste aipuren iturria dela ikusirik. Aspaldi joan zen arren, interneten profilak zabaldu dituzte emakume honen aurpegiarekin, bere izenean eginak, bere omenez. Idolo globala bihurtu da begirada zuzena eta mindua, bekain desafiatzailea eta buruan txirikorda beltzak zeramatzan artista hura.

Frida Kahlo ikono bihurtu delako: ikono feminista –emakumeon askatasun gosearen ikurra–, “galtzaileen” ikonoa, Mexikoko nazioarteko irudiaren aurpegia... txiki utzi duen arte hainbeste buruko min eta pasioa eman zion senarraren oroimena –Diego Rivera muralista handia, bere garaian Mexikoko artistarik handiena izan zena–. Liburuak, filmak eta erakusketak hauspotu dituzte Fridaren bizitzak eta artelanek, eta badirudi harenganako interesa ez dela inoiz asetzen. Agorrezina omen da bere unibertsoa. Baina, berari buruz jakin ez dakigun zerbait ba al dago oraindik? Haren inguruan sortutako mitoa zergatik dago inoiz baino biziago? Zergatik sortzen du horrenbesteko interesa?

 

Parisko Galliera Museoan ikus daitezkeen Frida Kahloren 200 bat objektuetako batzuk. Hankaren protesi bat, larruz eta zetaz eginiko botinarekin; Guatemalako ohialarekin egindako berokia eta satinezko botinak. ​ ​Argazkiak: Frida Kahlo Museoa-Casa Azul collection- Javier Hinojosa, 2017.

Emakume aitzindari baten borrokak. Aurretik, pare bat datu biografiko: Magdalena Carmen Frida Kahlo y Calderón 1907ko uztailaren 6an jaio zen Coyoacán-eko Etxe Urdinean, egun Mexiko DFk “irentsi” duen herrian. Aita Guillermo Kahlo zuen, jatorri alemaniarreko argazkilaria; ama, Matilde Calderón, Oaxacakoa, jatorri indigena zuena. 1910ean Mexikoko Iraultza piztu zen; Fridak urte hori aldarrikatu zuen gerora bere jaiotza urte gisa. 6 urterekin, poliomielitisak jota, eskuineko hankan mugikortasun arazoak jasan zituen. 18 urterekin istripu latz bat izan zuen eta, horren ondorioz, arazo larriagoak pairatuko zituen. Egunerokoa oso mingarria egin arte, jasangaitza.

Ohean igarotako ordu luzeetan margotzeko egarria sortu zitzaion. Bere “mexikartasuna” aldarrikatzeko eta, bide batez, zituen mugikortasun arazoak estaltzeko ere, jantzi tradizionalak erabiltzen hasi zen. Estilo propioa eraiki zuen, garaiko modarekin erabat apartekoa, zeuzkan kezka identitarioak eta politikoak jantzien bidez ere azaltzeko hautua hartu baitzuen Frida gazteak. Horretan ere aitzindaria izan zen. Diego Riverarekin (1886-1957) ezkondu zen 1929an. Muralista handiaren hirugarren ezkontza izan zen hura, eta elkarren arteko maitasun-gorroto erlazioa epikoa bihurtu zen. Dibortziatu eta berriz ezkondu ziren; bien bitartean bakoitzak beste erlazio paraleloak izan zituen, Fridak beste emakume eta gizon batzuekin. Haien artean, Trotski. Etxe Urdina –etxe hartako hormen artean eriondo emango zituen Fridak urte dezente– Mexikoko elite artistiko, intelektual eta politikoaren bilgunea zen orduan.

1932an Fridak abortu bat izan zuen –galera hark eragin handia izan zuen berarengan–, eta 1954an hil egin zen. 47 urte baino ez zituen. Egun batzuk lehenago, uztailaren 2an, medikuen iritzien aurka, Guatemalan estatubatuarren esku-hartzearen aurkako manifestazio batean parte hartu zuen. Bere errautsak Etxe Urdinean daude, “santutegi” antzeko bat bihurturik. Haren oroitzapena, mundu osoan barrena hedaturik.

 

Elixabete Mendibe, Euskalduna jauregian ikusgai jarri dituen artista mexikarraren inguruko bost erretratuekin. Oihalez eginda daude. ​ ​Argazkia: Aritz Loiola | Foku ​ ​

Kahloren unibertsoa Bilbon dago ere. Orain begiratu bat eman diezaiogun egungo planetari, eta harritu gaitezen: une honetan, eta aldi berean, lauzpabost erakusketen protagonista da artista mexikarra. Ez dira edonolako erakusketak eta, seguruenik, argi utz dezagun, baten bat kanpoan geldituko zitzaigun, baina hona hemen ikusgarrienak: urtarrilean Buenos Airesen eta Coventry hirian (Ingalaterra) ikusgai dago, paraleloan, “Frida Kahloren bizitza eta sorkuntza” erakusketa; bien bitartean, Sydneyko jaialdian, “The live of an Icon” izenburupean, publiko gehien erakartzen duen proposamena atondu dute. Azken aldian hain boladako jarri den “murgilketa erakusketa” motakoak dira denak; hau da, baliabide digitalak erabiliz, eta 360 graduko proiekzioen bidez, ikusleok artista mexikarraren bizitzan eta sorkuntzetan murgildu gaitezke.

Gehiago: Estatu espainiarreko Artika argitaletxeak artista mexikarraren marrazki guztiak bildu ditu kaleratu berri duen “Frida Kahloren ametsak” liburuan; eta harrigarriena: Broadwayn 2024an estreinatuko den musikal bat prestatzen ari dira dagoeneko; izenburua: “Frida. The Musical” .

Oso esanguratsua da egiaztatzea nola, duela 69 urte hil den artista bat, agorrezina dirudien interesaren iturria izan daitekeen. Adatsean loreak, gorputz minduan jantzi brodatu koloretsuak eta aurpegian bekain nabarmen desafiatzaileak zeramatzan Frida Kahlo ahaztezina da. Inspirazio iturria izaten segitzen du, argi dago; baina zergatik? «Zergatik? Niretzat, oso ‘bera’ delako. Pertsona oso benetakoa iruditzen zait», erantzun dio galderari Elixabete Mendibek. Madrilen bizi den sortzaile bilbotar honek Bilboko Euskalduna jauregian zintzilikatu ditu (urtarrilaren 29ra arte) Kahlo inspirazio iturri hartuta osatu dituen bost margolan. Erakusketa xumea da, berezia ere bai, seguruenik mexikarrak gustukoa izango zuen horietako bat. Elixabete Mendibek ez baititu margoak erabiltzen: emakumeok antzinatik erabilitako lanaberak eta teknikak arte bihurtu dituelako. Oihalak moztu, itsatsi, tolestu, lisatu, zimurtu, gainjarri... “oihala oihalaren gainean” izendatu duen teknika erabiltzen du emakume honek. Koadroaren markoak ere oihalez egiten ditu.

«Mundu osora iritsi da emakume hau –jarraitzen du Elixabete Mendibek–. Jendeari indarra edo energia ematen diolako gertatzen da hori. Indar handia transmititzen du eta, era berean, sufrimendua jasateko modu berezi bat du. Nik koadro baten enkargua jaso nuen, eta hor sortu zen lan hau. Erosleak Frida gustuko zuela esan zidan eta, ados, bera ikertzen hasi nintzenean, bueno, hari buruz jasotzen nuen guztia oso gogorra egin zitzaidan. Hunkitu egin ninduen, eta hortik atera zitzaizkidan bost koadro hauek [bost erretratu dira, Frida Kahlok sorrarazten dizkion sentimenduen isla]. Sentimendu oso sakonak eragiten dituen artista da, oso barnera iristen da, bai estetikoki, bai emozionalki. Aldi berean, oso ikusgarria da, hunkigarria. Obra gogorra da berea».

1951n Florence Arquinek egin zion erretratua, artistak margotutako kortsearekin. ​​Argazkia: Florence Arquinen argazkia: Bilduma pribatua-Diego Rivera and Frida Kahlo archives, Bank of México, fiduciary in the Frida Kahlo and Diego Rivera Museums Trust

Frida Parisera itzuli da. Iazko irailean, Parisko Palais Galliera museoan “Frida Kahlo. Au-delà des apparences” (“Itxuretatik harago”) erakusketa zabaldu zen egunean, kanpoan ikusleen ilara luze bat ikus zitekeela azaldu zen bertako egunkarietan. Ilarak etxadiari bira eman omen zion, artista mexikarrak sortzen duen interesaren seinale. Miren Arzalluz euskalduna da modaren mundua ardatz duen Palais Gallieraren zuzendaria eta bere izena ere irakur daiteke erakusketa prestatu duten apailatzaileen zerrenda luzean. Bidegurutze bat dirudi zerrenda horrek: Mexiko-Londres-Paris triangeluan prestatu baita. Hots, Etxe Urdina, Victoria & Albert eta Galliera museoen elkarlanari esker.

Hilda Trujillo Sotoren “Altxor bat Etxe Urdinean” saiakeran irakur daiteke 2003. urtean egin zuten aurkikuntzaren historia. 1954an, Frida hil ondoren, Diego Riverak emaztearen bainugela giltzapean zigilatzeko agindua eman zuen. Ia mende erdi itxita egon da, eta, zabaldu zutenean, artistaren bitxiak, margoak, kortseak, botikak, kosmetikoak, argazkiak, gutunak eta, batez ere, arropa sorta bikaina agertu zen. Artistaren autorretratuei esker, arte-historialariek ongi ezagutzen zituzten objektuak eta argazki ugari berreskuratu ahal izan zituzten. Fridaren jantzietan zigarroen erredurak eta margoen arrastoak zeuden, egunero erabiltzen zituen adierazle. Guztira, 200 objektu pertsonal daude, Londresen aurrena eta orain Parisen ikusgai jarri den laginean.

Parisen bertan egon zen 1939ko urtarrilean gure protagonista. Andre Bretonek, Surrealismoaren fundatzaileak, gonbidatuta bidaiatu zuen, erakusketa kolektibo batean parte hartzeko... eta bizitzaz gozatzeko. Miro, Kandinsky, Dali... guztiak ezagutu zituen; denak txunditu zituen, emakume hark karisma handia baitzuen. Gaixotu egin zen ere, ospitalera eraman behar izan zuten, eta oinazearen lekuko Dora Maar-ek atera zizkion argazkiak gelditu zaizkigu. Parisen emandako egun haietan maitale batzuk izan zituela diote, horien artean Alice Paale poeta, Paale surrealistaren emaztea. Hil arte Frida eta Alice lagunak izan ziren.

Julian Levyk 1938an egindako erretratua.  ​Argazkia: Diego Rivera and Frida Kahlo archives, Bank of México, fiduciary in the Frida Kahlo and Diego Rivera Museums Trust

Gizonen menpe, baina aske. Cristina Kahlo mexikarra argazkilaria da, Fridaren iloba eta haren ondarearen zaintzaileetako bat. “Frida. Viva la Vida”, Giovanni Troilok zuzendutako dokumentalaren harira, egin zituen adierazpenetan hauxe zioen: «Nik uste dut Frida Kahloren ikasgai handienetako bat benetakotasuna dela, eta hori da harengan nabarmentzea gustatzen zaidana: pentsatzeko, hitz egiteko eta janzteko eran benetako emakumea izan zen. Hori izan da bere ikasgairik nabarmenena. Hala ere, nik uste dut  haren lana oraindik ere aztertzeko dagoela, sinboloz beteta baitago, eta, behingoz, utzi egin beharko genioke hainbeste ‘fridamaniari’, anekdota eta ikono izatearen kontu haiei eta Fridaren lanari kasu egin».

Argibide bat: Cristinak amonaren izena darama, Fridaren arreba txikiena. Lau anai-arreba ziren. Frida eta Diego Riveraren modeloa izan zen Cristina, haiekin bizi zen Etxe Urdinean... Diegoren maitale bihurtu zen arte. Ez da harritzekoa, beraz, Fridak hauxe esatea: «Bi istripu larri izan ditut nire bizitzan. Bat, 18 urtekin tranbia batek harrapatu ninduenean. Bestea Diego izan zen». Bi ahizpen artekoa apurtu egin zen orduan. Baina Kahlo anai-arreben artean seme-alabak izan zituen bakarra izan zen Cristina: Isolda eta Antonio ziren. Eta Antoniok lehen abizena kendu (Alcalá) eta Kahlo hartu zuen. Antonio da Cristina Kahloren aita.

Feminismoak berreskuratu zituen Frida Kahloren ondarea, irudia eta bizitza. «Frida ez zen feminista izan. Nire ustez gizonen mende egon zen –dio Cristinak–. Emozionalki Diego Riveraren mende, baita ekonomikoki ere, nahiz eta berak gutun batzuetan esan independizatu nahi zuela; baina kontua da ez zuela behar adina saltzen bere lanetik bizi ahal izateko. Nikolas Murray argazkilariak ere laguntza ekonomikoa eman zion urte batzuetan. Ez zen gizonekiko independentea izan. Baina askatasuna ematen zuen emakume bat zen, garai hartarako pentsaera irekia zuelako. Nire ustez, Frida emakume politikoa izan zen».