AMAIA URIBE
IRITZIA

Balcón de sacafaltas

Gernikan badago “balcón de sacafaltas” izenez ezaguna den toki bat. Pasealekuko plazaren goian kokatuta dago eta duela urte batzuk herriko nonzeberriak bertan biltzen ziren. Orduak ematen zituzten plazan zeudenei begiratzen eta kritikatzen. Izenak ongi erakusten duen moduan, besteengatik gaizki esaka ibiltzea kirol nazionala izan baita gure herrian.

Pasealekuko balkoiari izen bitxi hori jarri ziotenetik urteak igaro diren arren, kritikatzeko ohiturak hor dirau. Orain, baina, kritikak teknologia berriekin nahastu dira. Eta sarritan pentsatzen dut Twitter dela gaur egungo “balcón de sacafaltas”. Lehia antzeko bat ere badago erabiltzaile batzuen artean. Nork lehenengo kritikatu, nork kritika originalagoa egin. A edo B. Arre edo so. Kontua kritikatzea da. Askotan ahaztu egiten gara, ordea, sare sozialen indarraz. Kritikak biralizatzen badira, jende gehiagorengana iristen dira. Eta kritikatzen zaionari eragiten zaion mina ere areagotu egiten da.

Atera kontuak, izena ere badute egungo kritikatzaileek: “hater”. Euskarara itzulita, “gorrotatzaile”. Zer hitz itsusia eta zer jarduera itsusia. Kritikatzea gauza bat da, gorrotatzea beste bat. Kritikatzea gauza bat da, ankerkeriaz jokatzea beste bat. Kritikatzea gauza bat da, suntsitzea beste bat.

Gero eta ingurune pozoitsuagoan hezten ari gara belaunaldi berriak. Sare sozialetan sartu eta gorrotoa eta kritikak normalizatuta daudela ikusten badute, beraiek ere barneratu egingo dituzte. Eta bullying kasuak etengabe gorantz doazen honetan, kezka eta ezinegona eragiten dizkit horrek.

Mugikorraren edo ordenagailuko pantailaren atzean babestuta, bururatzen zaigun guztia kritikatzera ohitu gara. Eta une oro guztiari buruz iritzia eman behar horretan, muga asko zeharkatzen ditugu. Baina, besteak kritikatzen aritu ordez, hobe genuke geure buruari begiratzea. Besteen akatsak azpimarratu ordez, hobe genuke geure akatsak konpontzea. Nik ez dut “balcón de sacafaltas”-ik nahi. Ez nire ordenagailuan. Ezta nire herrian ere.