7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Akonpainamendua


Duela urte batzuk jaso nuen akonpainamendu hitza lehenengoz modu gozoan. Transexualitate egoeran zegoen haur baten gurasoek kontatu zidaten haien etxean haurrari bidean laguntzea erabaki zutela. Berak egin behar zuela bidea, baina etxekoek ondoan egotea, babestea, laguntzea, erortzen zenean eustea erabaki zutela. Akonpainamendua. Ederra. Gure amonak beste era batera esaten zuen. Etxeko eta inguruko guztiei laguntzen zien medikutara. Ez zela beharrezkoa, bakarrik joateko modua zenuela esaten zenion eta hark, «berdin da, konpainia egingo dizut». Konpainia, zein gauza xumea eta zein garrantzitsua.

Akonpainamendu hitza berriz entzun dut asteotan komunikabideetan. Madrilgo parlamentuan zera proposatuko dute: suizidatzeko arriskua ikusten duen kasuetan, medikuak izenda dezala pertsona horren ingurukoren bat akonpainamendua egiteko, bere ondoan egoteko. Eta laguntza emango duen pertsona horrek izan dezala bi asteko baimena lanean, baimen ordaindua. Egia esan, zure ingurukoren bat hari horretan zintzilik ikusi eta lanera derrigor joan beharrak ez du samurra izan behar. Eta ez bakarrik muturreko kasu horietan, auskalo zenbat egunetan joan garen lanera gure premia zeukan norbait zaintzen geratzeko aukerarik ez genuelako. Egoera mikatza izaten da hori, burua ez han eta ez hemen.

Baina produkzio katea den gure jendarte honetan, makinak ezin dira geratu nola edo hala. Pertsonon makalaldiak ez daude makinak izan ditzakeen aberien zerrenda horretan jasoak. Erortzen bazara, lurra ukitu baino lehen altxa eta aurrera. Eta ez bada inor konturatu zure estropezuarekin, hobe. Berdin da katarroa, birus bat edo hiltzeko gogoa izan. Gero buru osasunaz kanpainak egiten dituzte, lelotutako leloekin, sinesgarritasun eskasarekin.

Epe laburrean inguruan bi kolpe latz gertatu dira, bi heriotza bortitz. Orain inguruko denak ari dira ikasten, kokatzen, lurra hartzen. Akonpainamendua hitzak inoizko esanahi egiazkoena hartu du. Baina konpainia egiteko, ondoan egoteko, entzuteko, babesteko, eusteko, altxatzeko, egon egin behar da eta egoteko denbora izan behar da. Minean itota dagoenak bakarrik egon nahiko du akaso, baina norbait behar du gertu. Denbora, denbora eta denbora. Ez dago besterik. Baina denbora ez dute zakukadaka saltzen, eginbeharrez betetako egunerokoari lapurtu behar zaio denbora. Eta kontua ez dago erraza. Behar zaituztenen ondoan ez egotea gaixotzeko motibo ere izan daiteke.

Akonpainamendua. Bizitzako hitz garrantzitsuen hiztegian sartu beharko genuke hitz hori. Egin diezaiogun konpainia elkarri, ondoan jarri eta entzun. Batzuetan ez da beharrezkoa hitzik esatea ere.