Jacques Henri Lartigue, une zoriontsuen bila
Goi-klaseko frantses eliteen udako argazki-albumek gehienoi ez ligukete interes handirik piztuko. Seguru asko, purrustadaren bat ere botako genuke. Jacques Henri Lartiguek bere bizitza luzean zehar egin zituen argazkiek, ordea, zerbait berezia dute, agian beren baitan betiko joan diren une eder horien nostalgia gordetzen dutelako. XX. mendeko argazkilari handienetakoari «une zoriontsuen ehiztaria» deitu izan diote.
Berandu iritsi zitzaion ospea eta kritikaren onespena Jacques Henri Lartigueri (1894-1986). 69 urte zituen New Yorken MOMAk eta “Life” aldizkariak deskubritu eta XX. mendeko zuri-beltzeko maisu izendatu zutenean. Ibilbide luze hura 7 urterekin hasi zen, aitak oparitutako 13x8 plaken formatuko argazki kamerarekin. Ia mende bateko bizitza luzea... eta oparoa, hor ez dago zalantzarik –91 urterekin hil zen–. Bizi-bizia, artistikoa eta, antza denez, une zoriontsuz josia. 120.000 argazkiz osatutako funtsa utzi zion dohaintzan 1979. urtean Estatu frantsesari Lartigue jaunak.
Apirilaren 23ra arte, 149 argazki jarri dituzte ikusgai Madrilgo Canal Fundazioak zabaldu berri duen “Lartigue, une zoriontsuetako ehiztaria. Koloretako argazkiak” erakusketan. Estatuan eskaintzen zaion lehen erakusketa handia da, eta bildutako irudiotan bere lan zabalaren alderik ezezagunena ageri da. Koloretako argazkiak dira gehienak, Lartigue koloreekin etengabe “borrokan” aritu zelako bere bizitza osoan. «Bizitzaren xarma eta poesia adierazteko kolorea baino egokiagorik ez dago», adierazi zuen argazkilariak 1985ean egin zioten elkarrizketa batean.
Baina nor zer Jacques Henri Lartigue? Aita bankaria zuen, aurreratua oso: argazkilaritza zaletasuna zuen, aurrerapen tekniko guztiei gertutik jarraitzen zien. Semeak bide hori hartuko zuen. Jacques Henri 1894an jaio zen Courbevoie-n, Parisko kanpoaldean, eta goiz, oso goiz, hasi zen argazkilaritzan. Familia aberats batean hazia zenez, txiki-txikitatik egon zen argazkilari amateurrez eta garaiko prentsa ilustratuaz inguratuta, eta aukera izan zuen lehen eskutik ezagutzeko asmakizun teknologiko berrienak.
Zazpi urte zituenean aitak oparitu zion lehen kamerarekin hain gustuko zituen auto-lasterketak eta emakumeak fotografiatuko zituen. Mugimendua eta kolorea, bere bi obsesioak. Lehenengo, inguruan zituen emakume eta neskak erabili zituen modelo legez: mugitzen eta jauziak egiten jarri zituen. Garai hartakoa da “Bichonnade. 40, Rue Cortambert, Paris, 1905” ospetsua; bere lehengusua ageri da jauregiko eskaileratik behera.
Koskortu zenean, 17 urterekin, Boulogneko basoan emakume aberatsak “ehizatzen” hasi zen. Argazki kamerak ehizarako arma “ez hilgarri” gisa irudika daitezke, baita sedukziorako baliabide gisa. Jacques Henri hiru aldiz ezkondu zen, eta hiru emazteak bere musa bihurtu zituen, etengabe lausotu baitzituen bizitza publikoaren eta pribatuaren arteko mugak.
Teknikak garrantzia du. 1911. urtean, aitak Lumiere anaiek merkaturatutako azken kamera oparitu zion: koloretako plakak zituen estereoskopioa. Hala ere, autokromoaren ezaugarri teknikoek, batez ere behar zuten esposizio-denbora luzeak, ez zioten uzten bat-bateko irudiak egiten, eta etsita, argazkilaritza utzi zuen. Ez zen agur bat izan, dena den. Gero aitortu zuenez, 300 plaka autokromo inguru ekoitzi zituen; gaur egun, horietatik 86 baino ez dira gordetzen Parisko Donation Lartigueko funtsetan.
Gazte hark ikasketa artistikoak egin zituen arren, argazkilaritza eta pinturaren artean jauzi egiten ibili zen luzaroan. Aitak agindu omen zion eginkizun garrantzitsu bat: zoriona bila zezala. Eraldatzen ari zen munduaren lekuko, diziplina anitzeko artista honek “une zoriontsuak” oroimenean gordetzeko hautua edo obsesioa barneratu zuen, eta bizi izandako uneak berpizteko eta oroitzapena suspertzeko baliagarriak ziren irudiak sortu zituen.
Hainbat tresna erabili zituen bere bizitzan zehar, erabat konforme utziko zuen tresnarik aurkitu ez zuen arren. Hasieran autokromoa eta estereoskopia konbinatu zituen baina, zuri-beltzaren maisutzat jotzen den arren, ez zuen errealitatea ondo islatuta ikusten. Baliabide teknikoak falta zitzaizkion, oraindik ez zeuden asmatuta. Frustrazioak eraginda, pinturari ekin zion, 1950eko hamarkadan koloretako argazkigintza modernoa agertu zen arte, eta, horrekin, esperimentaziorako bide berri bat zabaldu zitzaion. Gerraostea zen, koloretako argazkigintzaren aro berria: aurrerapen teknikoen eta prentsa ilustratuaren garapenaren garaia, zeinean benetako merkatua sortu zen argazkilari profesionalentzat.
1940ko hamarkadaren amaieran, Kodak-ek film mota berri bat merkaturatu zuen, eta, horri esker, askoz ere malgutasun handiagoa izan zuen erabiltzeko orduan; obturazio-denborak laburtu zituen, eta kolore biziak eta saturatuak eman zituen. Argazkigintza “demokratizatu” eta argazkilaritza amateurraren hasiera izan zen. Lartiguek erreportaje-enkargu ugari jaso zituen, eta magazinetan eta estatuko zein nazioarteko aldizkarietan argitaratu ziren bere lanak. Horietako asko Kosta Urdinean egindakoak dira: Pablo Picasso, Jean Cocteau eta artista ospetsuen erretratuak egin zituen, eta 1956an Monakoko Rainier III. printzearen eta Grace Kellyren ezkontzako argazkilari ofizial izendatu zuten.
New York, New York. 1963an, 69 urte zituenean, Lartigue eta hirugarren emaztea Estatu Batuetara joan ziren lagun batzuk bisitatzera. Itsasontziz zihoazen eta, bidaian denborarik ez galtzeko, emaztea senarraren lana antolatzen jardun zen. Kasualitatez, Charles Rado izeneko argazkilari-agentearekin egin zuten topo, eta hura izan zen New Yorkeko Arte Modernoko Museoak (MOMA) eskainiko zion erakusketaren hastapena. John Szarkoswski komisarioa txundituta utzi zuen gizon honen lanak. Argazkilari gisa ospetsu egin zuen erakusketa hark, eta AEBetan ezagutarazi zuen, mende hasierako zuri-beltzaren “bat-batekotasunaren poeta” gisa.
Baina erabateko ospea ez zitzaion iritsi erakusketa amaitu eta hiru astera arte: zehazki, 1963ko azaroaren 29an, “Life”-en atera zen hamabi orrialdeko erreportajeagatik. Egun hartako zenbakia ez zen nolanahikoa: zazpi egun lehenago, azaroaren 22an, Kennedy hil zuten, eta presidentea protagonista zuen portada hura milioika pertsonak erosi zuten. Barruan frantsesak zuri-beltzean egindako argazki-altxor hura aurkitu zuten. XX. mendeko argazkigintzaren izen handienetako bat bihurtu zen gauetik goizera.
1974an, Valery Giscard d’Estaing Frantziako Errepublikako presidenteari argazki ofiziala atera zion eta 1979an beste urrats bat egin zuen: bere lana Estatu frantsesari utzi zion lehen argazkilari bizia bihurtu zen. Ehun bat album, milaka negatibo (zaharrenak 1902. urtekoak), grabazio originalak, egunkariak eta kamerak... Horrez aparte, hirurehun margolan baino gehiago utzi zizkion L’Isle-Adam-eko alkateari eta hortik sortu zen Jacques Henri Lartigue Erakusketa Zentroa Val-d’Oisen. Bere web orrialdean ikus daitezke argazkilariak utzitako funtsak; era berean, bisita presentzialez gain, Madrilgo Canal Fundazioak erakusketa online bisitatzeko aukera ematen du.
«Batzuetan esan didate nire argazkietan ez dagoela une tragikorik. Baina nik ez ditut saihesten. Kontua da ez ditudala une horiek gorde nahi, ez argazkietan, ezta nire oroimenean ere, min ematen dutelako. Gerran eta Parisen askapenean argazki tragikoren bat atera nuen, baina oso gutxi izan ziren», idatzi zuen Lartiguek.