MAR. 05 2023 IRITZIA Nahikoa da AMAIA URIBE Ez dugu beldurrik izan nahi. Gauez parrandan irteten garenean lasai joan nahi dugu etxera. Ez dugu etengabe atzera begira ibili nahi. Ez diogu lagun bati eskatu nahi parking iluneraino laguntzeko, han aparkatu dugulako. Goizeko ordu txikietan kalean gizon bat ikusten dugunean, ez dugu sustorik hartu nahi. Ez dugu loa galdu nahi, alaba herriko festetan ateratzen denean. Ez dugu bortxatuak izatearen beldurraren mende bizi nahi. Ez dugu erasotuak izan nahi. Ezin dugu bikotekideen eskuetan hiltzen jarraitu. Ez dugu nahi gure senarrak nola jantzi behar dugun esatea. Ezin dugu jasan, 8 urte baino ez ditugunean, osaba zikina gauero gure logelan sartzea. Ez dugu eskolako zuzendariaren ukitu lizunik sentitu nahi. Ezetz diogunean, gure hitza errespetatzea eskatzen dugu. Bizirik jarraitu nahi dugu, inolako erasorik jasan barik. Ez dugu gizonek baino gutxiago kobratu nahi. Zuzendaritza postuak nahi ditugu, eta dagokigun soldata ere bai. Ez gara gizonezko lankideak baino gutxiago. Astronauta, mekaniko, igeltsero eta lehendakari izan nahi dugu. Ez dugu gizonen arrakastaren atzean egon nahi. Distira eta boterea nahi ditugu, urte larregi eman ditugulako ikusezinak izaten. Ez dugu komentario iraingarririk entzun nahi. Gizonek bezain ondo gidatzen dugu. Haserretzen garenean, ez dugu hilerokoa dugula esaterik nahi. Ez dugu gehiago entzun nahi ahulak garela. Ez dugu etxeko lanen karga gure gain hartu nahi. Atzerrian lanpostu bat eskaintzen digutenean, ez dugu gure senarrak zer egingo duen galdetzerik nahi. Argi geratu dadila, ez garela printzeak salbatu behar duen printzesa. Gure sexualitatea nahi dugun moduan bizi nahi dugu. Nahikoa da. Nekatu gara beldurtuta, erasotuta, gutxietsita eta irainduta bizitzeaz. Martxoaren 8 honetan berriro ere pin morea jantzita aterako dira politikariak kalera. Egun horretan afaria prestatuko digute senarrek, gauza itzela egiten ari direlakoan. Eta gizonezko lankideak ohi baino jatorrago egongo dira, gurekin daudela erakusteko. Baina egun bakar bat ez da nahikoa, urteetan jasan dugun zapalkuntza gainditzeko. Has gaitezen, behingoz, berdintasunean sinisten. Berdintasunean hezten. Berdintasunean bizitzen. Martxoaren 8 honetan berriro ere pin morea jantzita aterako dira politikariak kalera. Egun horretan afaria prestatuko digute senarrek, gauza itzela egiten ari direlakoan. Eta gizonezko lankideak ohi baino jatorrago egongo dira, gurekin daudela erakusteko. Baina egun bakar bat ez da nahikoa, urteetan jasan dugun zapalkuntza gainditzeko. Has gaitezen, behingoz, berdintasunean sinisten.