SUSTRAI COLINA
IRITZIA

Distopiaz

S.apurgarria,

Lasaiago al zaude? Badakit, medikuarekin hitzordua lortzeko esperantzan, bihar ere manifestazio asko baino ilara jendetsuagoa egongo dela osasun-etxeko atarian. Pertsonek makinek baino bihotz handiagoa dutela sinesten dugu oraindik. Ohiturak dena bezatzen du, ordea. Baita zu ere. Ziur naiz, asteon ilararen aurretik igarotzean, ez dizula egun hartako suminaren erdiak erasan. Ez dago omnipresentea baino ikusezinagorik; ez dago ikusezina baino omnipresenteagorik.

Bestela, esadazu noiz ikasten den hitzen esanahia, definizioa lehendabizikoz irakurtzean ala silaba bakoitzak norbere haragia sastakatzean? Bai, distopia hemen da: Black Mirroreko protagonista sentitzen zara noiznahi, egunkariko albisteek “The Handmaid’s Tale” edo “L’Effondrement” telesailetatik kopiatuak dirudite, eta beldur zara, “Her” filmeko protagonista nola, ez ote zaren zure sakelakoaren Sirirekin maiteminduko.

Baina noiz hasi ote zen dena? David Bowiek ilea moztu zuenean? Dena bukatu zela esan nizunean? Orain 3 urte, agian, biharamunean mundua konfinatuko zutela jakinik, liburu bila atera zinen larunbat arratsalde hartan. Mortu zeuden karrikak, zarraturik dendak zein tabernak, eta, zu, historiaren egun seinalatuek zertan harrapatu zintuzten oroitu nahian. Valeria Luiselliren “Desiertos Sonoros” feriatu zenuen zuretzat bakarrik zabalik zegoen Corte Inglesean eta... ordutik ez diozu berdin begiratzen zure etxeari. Ordutik zapaldu dituzun etxe guztiak konfinatuta geratzeko modukoak diren aztertzen duzu. Orduan ohartu zinen agian bikoteak ez daudela prest horrenbeste intimitate konpartitzeko, inork ezin duela hainbesteko bakardaderik jasan. Orduz geroztik ez dago etorkizunik. Ohiturak dena bezatzen du, ordea. Horregatik saiatzen zara hemendik urte batzuetara zure burua irudikatzen, bizi-asmoak garatzen, ilusioak eraikitzen, baina, aitortzen ez duzun arren, badakizu, behin etxean sartu zintuzten gisan, noiznahi sar zaitzaketela zure baitan.

Osasun-etxe atariko ilarari so, egiaz, ez zaitu osasun-sistema publikoaren eraisteak, ongi-izatearen pribatizazioak edo klase arrakalak asaldatzen. Ez dagoen etorkizunaren beldur zara: medikurik ez denean gaixotzeaz, balkoirik gabeko etxean konfinatuta geratzeaz, konpartitzeko intimitaterik ezaz, edo, besterik gabe, nahi zenuen guztia izan eta zure burua ez jasateaz. Eskerrak pandemiak hobea egingo zintuela sinetsarazi zizuten.