Haizea Barcenilla
Artearen Historiaren irakaslea EHUn

Zer egin Picassorekin?

Jar dezagun arazoa mahai gainean: jakina da Picasso matxista zela, bere bikotekideak oso gaizki tratatu zituela, batzuk beharbada fisikoki erasotu zituela eta guzti-guztiak psikologikoki zigortu zituela. Datu historikoak dira hauek, ez dago horien inguruko eztabaidarik.

Eztabaida beste bat da: hau jakinda, nola ikusi, nola kontatu, nola interpretatu dezakegu bere lana? Eragin behar al du gizonaren jarrerak bere lanaren irakurketan? Ez dago artelanaren eta pertsonaren arteko mugarik? “Gernika”-k indarra galtzen al du datu hauen aurrean?

Artearen historia tradizionala joera hipokrita izaten ari da kontu honekin. Picassoren figura aldarrikatzen jarraitzeko argudioa artearen autonomia da: ezin ditugula artelanak egilearen bizitza pribatuaren arabera epaitu. Lana gauza bat dela eta artista beste bat. Baina Picassoren kasuan hipokrita dela diot, artista horren bizitzak beti izan duelako bere lanaren irakurketan lekua. Eta, gai guztien artean, emakumeekiko zuen harremanak leku nagusia izan du.

Betiereko femeninotasuna. Emakumea eta sedukzio klasikoa. Picassoren emakumeak. Picassoren erakusketen izen gutxi batzuk dira hauek. Artistaren ehunka lanek emakumeak irudikatzen dituzte. Horietako asko bere bikoteenak, eta ez beti pozik: Dora Maar negarrez erakusten duena klasiko bat da.

Hala eta guztiz ere, ez nuke Picasso kantzelatuko. Bere lanek, historiako beste askok bezala, gaitzesgarriak diren jarrerak transmititu ahal dizkigute, baina hor daude, garai eta pentsamendu baten emaitza dira. Kantzelatuko nukeena Picassoren jeinutasuna goretsi eta goresten dituzten diskurtsoak dira. Jeinutasun hori maskulinitate toxikoarekin lotu dutenak, emakumeak (musak) erabili eta ondoren abandonatzea justifikatu dutenak, arte sorkuntzak halako izaera egolatra eta nartzisista behar duen aitzakiapean. Picasso errealitate historiko bat da; bere inguruko diskurtsoa, unean uneko interpretazioa. Eta honen berrikuspena gizartearen behar bat da, ez soilik artearen historiarena.