Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Promesak

Hobekuntza lanak eta inaugurazioak. Politikariak irribarretsu; bizikletan, dantzan, krispaziorik gabeko profesioaren itxura eman nahian. Promesak loratu dira bazter guztietan; promesa uzta oparoa udaberri honetakoa. Akaso hauteskundeak izango dira aurki.

Promesak badauka zera berezi bat, magiaren eta konfiantzaren arteko testura bat. Norbaitek hitzematen duenean, promes egiten duenean, luze egiten den isilune labur horretan, bi pertsonaren arteko kontratu berezi bat sortzen da. Promesa egiten duenak era horretan lotu nahi du parekoa, promesa betetzen duen artean gutxienez inguruan izango duelakoan. Hori da, berez, promesaren estrategia psikologikoa.

Politikariek badakite zerbait jendartearen psikologiaz eta horren zimurrez. Ez alferrik, adituz eta profesionalez inguratzen dira, jendarteak zein joera izango duen aurreikusi nahian. Arrainak nondik joango diren asmatu nahian, sarea toki egokian jarri eta arrantza arrakastatsu egiteko.

Arazoa da politikarien ahotan maiz hitzek esanahia galtzen dutela, eta are errazago hauteskunde usainean. Hartzen dituzte herriaren hitzak eta distira ateratzen dieten neurrian hustu egiten dituzte barrutik. Hitz distiratsu barnehutsak. Eta behin politikariek hainbestetan erabiltzen dituztenean, kolorerik eta zaporerik gabeko txikleak dirudite. Tokitan geratzen dira bi haurren arteko promesa solemne horiek, listuarekin zigilatzen direnak.

Promesa egin eta bete artean, inplikatutako partea zain egoten da. Konfiantza eman dio, hitza hartu dio eta zain, besteak noiz beteko. Hori ez da une gozoa izaten. Betetzen den promesak lasaitasuna eta poza ekartzen ditu. Betetzen ez denak, tristura eta desengainua.

Hauteskundeetan jokatzen dena ez da haurren arteko listuzko promesa bat, baina horiek bezain egiazko eta ilusionagarri beharko luke. Garai txarrak dira etxe askotan. Gerrikoa estutzetik gerrikorik gabe bizitzera pasa direnak asko dira, gehiegi. Kalean ere ez da giro. Kolektiboa apal eta indibiduala harro.

Hauteskundeek zirrara sor dezakete edo nagia. Edo bietatik, egunaren arabera. Promesa handiak baino, akaso nahiago eguneroko bizitza bizigarriago egingo duten konpromisoak, penak samurtu eta bizitza ospatzeko motiboa emango duten neurriak.

Badira promesak erraz egin eta nekez betetzen dituzten lagunak. Horiekin azkenerako aspertu egiten dira ingurukoak; desengainuak zamatutako poltsikoekin ibiltzea ez da erosoa. Badira promesak egin eta beti betetzen dituztenak. Gutxi batzuk dira, beti ez baitago norberaren esku. Eta badira bete ezin duten promesarik sekula egiten ez dutenak.