APR. 16 2023 Bizi ibilbide baten errepasoa Eustakio Mendizabal, «Txikia»: Kantauri itsasoa harrotu zenetik mende erdira Datorren asteazkenean 50 urte beteko dira Eustakio Mendizabal Benito, “Txikia”, hil zutela, Franco diktadorea hil aurreko aroko ETAko kide gogoratuenetako bat. Bere bizitzaren errepasoa da ondokoa, militante ez ezik, euskaltzale eta idazle ere izan zen neurritik egindakoa. Eustakio Mendizabal. Argazkiak: Euskal Memoria Fundazioa- Daniel Velez Iñaki Egaña Aste Santuko ostegun batean, poliziek Algortako kaleetan aurkitu zuten, Jose Manuel Pagoaga “Peixoto”-rekin batera. Ihes egiteari ekin zioten biek. Mendizabal bi tiroz hil zuten, bat lokian gertutik emanda. 28 urte zituen eta Itsasondokoa zen. Peixoto-k, aldiz, Poliziari iskin egitea lortu zuen, Galdakaon ezkutatuz. Gerora, Txikiaren irudia askapen prozesuaren mitorik sendoenetako bat bihurtu da. 1944ko urriaren 9an jaio zen, Bigarren Mundu Gerra hedatuta zegoenean eta Goebels ministro nazia bere ideologiaren garaipena aldarrikatzen ari zela. Egun horietan, hainbat falangista Goierriko lantegiak bisitatzen ari ziren, bi aste geroago egitekoak ziren hauteskunde sindikalak prestatzen. Sindikatu bakarra, bertikala deritzona. Lau anaia izan ziren, jaiotza-hurrenkera honetan: Jose Manuel, Eustakio, Juan Miren eta Jose Luis. Auzokoek esaten dute Arantxa Benito, ama, nortasun handikoa zela, eta Eustakioren izaera gehiago Joxe Mendizabal aitarenaren antzekoa zela. Juan Miren auto istripuan hil zen, Juanita Amundarain bikotekidearekin batera. Joxe 1992an hil zen eta Arantxa, 2002an. Beste familia xume askotan bezala, Eustakiok seminariorako bidea hartu zuen, 11 urte zituela, Batxilergoa ikasteko asmoz eta aldi berean apaiz izateko bokazioa ote zuen jakiteko. Ez zen han ikasle gisa nabarmendu. Matematika, Fisika eta Kimika gorroto zituen. Baina bere hizkuntzari, euskarari, beste hiru gehitzeko gai izan zen. Eustakiok «kolegiotik» ateratzean –beneditarrek hala esaten zioten Lazkaoko ikastetxeari– euskaraz, gazteleraz, latinez eta frantsesez hitz egiten zekien. Hango tutore hurbilena Juan Jose Agirre izan zen; bost urte eman zituen berarekin ikasten. Agirre Alegiakoa da, eta 93 urte beteko ditu aurtengo ekainean. Kultura aldetik zuen jakin-minagatik gogoratzen du Txikia. Eustakiok eskura zuen guztia irakurtzen zuen, euskaraz zegoenean. Beneditarren liburutegian zen Sebastian Mendibururen “Jesusen bihotz maitearen debozioa”-ren lehen edizioak (1747. urtekoak) liluratuta utzi eta behin baino gehiagotan irakurri zuen. Gazteleraz beharbada urte horietan irakurri zuen bakarra Krutwigen “Vasconia” izan zen. Bere ikaskideei dagokienez, geroago bere erakundeko kide izango ziren Luken Otxoantesana eta Andoni Arrizabalagarekin bat egin zuen, biak Ondarroakoak. Halaber, geroago sukaldari ospetsu bilakatuko zen Karlos Argiñanorekin ere egon zen –hiru urte gazteagoa izan arren, barnetegian ohi bezala nahastuta egoten ziren–. Eustakiok nobiziatuaren lehen urtea egin zuen, baina gero klaseak alde batera utzi zituen. Ia bete-betean ikasle zein fraideei jaten ematen zien baratzean aritu zen, bai eta iristen ziren haurrei euskarazko eskolak ematen ere. Lazkaon alfabetatu eta euskaraz idatzi zituen lehen poemak. Apaiz izateko bokaziorik gabe, 1966an beneditarren ikastetxea utzi eta Beasaingo tailer batean hasi zen lanean. Bere lehen soldatarekin mendiko bota batzuk eta motxila bat erosi zituen, bere bigarren pasioa, euskararen ondoren, mendia zelako. Erbestean zela, mendira irteten jarraituko zuen bi lagun banaezinekin batera: Jose Miguel Leunda, Biarritzen errefuxiatua eta ELA sindikatuko presidente izatera iritsi zena, eta Iñaki Olaziregi, “Botas”. Pirinioetan eskiatu ere egin zuen, garai hartan bitxikeria zena. 1966. urte horretan, Poliziaren arabera, 13 manifestazio egin ziren Gipuzkoan: zortzi, ETAk antolatutakoak, eta bost, «elementu komunistek» bultzatuak. Urte hartan, 176 isun jarri zituzten horregatik. Eta Eustakio horietako batean atxilotu zuten. Isuna ordaindu ez zuenez, Martuteneko espetxean giltzapetu zuten hilabete batez. 1968-1973, ziztu bizian. Beasaindik Bilbora joan zen Txikia, eta han hasi zen Konpainia Franko Espainola delakoan lanean, 1968ko uda beldurgarria iritsi zen arte: Txabi Etxebarrieta erail zuten, Tolosako Olarrain auzoko polizia-kontrol batean, eta ETAk handik gutxira Meliton Manzanas komisarioa hil zuen. Madrilek salbuespen-egoera ezarri zuen, eta ehunka pertsona atxilotu eta torturatu zituzten. Lazkaon gazte batzuk alkate frankistaren etxea erretzen saiatu ziren. Atxilotuak berehala epaitu eta heriotza-zigorra ezarri zieten. Andoni Arrizabalaga ere Ondarroan atxilotu zuten, eta heriotza-zigorrera kondenatu. Egoera latz horretan, Eustakio Estibalizko beneditarren komentuan ezkutatu zen, Gasteiztik gertu. Muga zeharkatzea erabaki zuen, baina ez zuen erreferentziarik. Bidasoa gainditu eta beste komentu beneditar batean babestu zen, Bellocen. Laster beste errefuxiatu batzuekin harremanetan jarri eta Baionara joan zen, Ondarroako Angel Zubikarai Olearen etxera, hain zuzen ere. Gerora, Polizia frantsesari esango dio 1969ko maiatzaren 15ean egin zuela ihes Estatu espainoletik, fraideen artean utzi zuen arrastoa ezkutatzeko. Azkoiti eta Txikia, 1971n Baionan egindako gose greba batean. Eta beneditarrei eskerrak emateko, urte horretako egun batean, 1969ko ikasturteko azken egunean, Lazkaoko komentuan agertu zen. Aurretik antzezlan bat prestatu zuen, Juan Jose Agirre tutore ohiaren konplizitatearekin. Elkarrekin ikurrina bat jarri zuten komentuko kaperaren goialdean. Garai hartan Lazkaon denda zuen eta gero Donostian ospea hartuko zuen Santi Auzmendi jostunaren langile batek egindakoa zen bandera. Jarri aurretik, zin sinbolikoa egin zuten Eustakiok eta Agirrek. 1969an erakunderako bigarren mailako lanak egiten hasi zen Mendizabal. Udazkenean, Luken Otxoantesana Basauriko espetxean zen isun bat ez ordaintzeagatik. Zigor luzea ezarria zuten bi presorekin, Txomin Ziluaga eta Teo Uriarterekin, bat egin zuen. Urte horren amaieran 15 presorentzat (ETAko 10 eta 5 preso sozial) ihesaldia prestatu beharra zegoen eta Otxoantesana arduratuko zen hartaz. Luken harrituta geratu zen Bilbon prestakuntza-bileretako batean, komentuko lankide ohia, Eustakio, laguntzaileetako bat izan zelako. Txikiaren lehen lanak ziren horiek, aginduak eramanez. 1970eko udan, ETAren Seigarren Batzarrak gehiengoz erabaki zuen estrategiaren erabateko aldaketa, langile-alderdi bihurtzeko, gerora izaera troskista izango zuena. Sektore minoritario batek, oso heterogeneoak, V. Batzarreko irizpideei eta lau fronteei eustea erabaki zuen. Eustakio haien artean zegoen, fronte militarrean. Juan Jose Etxabe “Handixe”-ren, eta haren bikotekide Agurtzane Arregiren (1978an hilko zuen BVEk) etxera joan zen. Ordurako Txikiak bazuen neskalaguna: Anabel Zubikarai. Che Guevararen irudia zeraman tirantezko elastikoz jantzia, Angel Zubikarai anaiaren etxean eginiko festa batean maitemindu ziren. 1971ko apirilean, Baionako udaletxean ezkondu ziren Txikia eta Anabel. Bera haurdun zegoen eta Matalaz izena hartu zuen Eustakiok bere seme zaharrenarentzat, buruzagi zuberotarra gogoratuz. Uztailean jaio zen. Urtebete geroago, 1972ko abuztuaren 12an, bigarrena helduko zen, Ekaitz. Baina hiru egun geroago, jendarmeek atxilotu eta Baionan espetxeratu zuten Mendizabal. Paueko kartzelara eraman zuten. Telesforo Monzonek eta Piarres Larzabalek bere alde deklaratu zuten. Epaileak Poitiersera erbesteratu zuen. Ez luzerako, ordea; egun batzuk geroago, Txikia desagertu eta etxera itzuli zen. Juanjo Etxaberen etxetik, bikotea Garrüzera mugitu zen, Amikuzeko eskualdean, Nafarroa Beherean, Donapaleutik hurbil. 1971 zen, eta lau apartamentuko eraikin batera lekualdatu ziren. Goiko pisuan, alde batean Txomin Iturbe eta bere bikotekide Maite Ormaetxea, gonbidatu pare batekin: Isidro Garalde, “Mamarru”, eta Jose Manuel Pagoaga, “Peixoto”. Beste aldean, Anabel eta Eustakio. Bizirauteko, hektarea bateko lursaila eskuratu zuten, Bitirinan. Mintegi bat. Hilabetez hilabete, Lazkaon hartutako trebetasuna zela medio, ezerezetik baratze handi bat sortu zuten, eta bertako produktuak merkaturatu zituzten. Bitartean, tarte libreetan, ETA berreraikitzen hasi ziren. Iturbe, Mendizabal, Garalde eta abarren lehen egitekoa hutsetik kolaboratzaile sare bat sortzea izan zen. Eta horrekin batera, zenbaitetan, VI.aren ondoren joandako ekintzaileak edo militantzia utzi zuten beste batzuk bereganatzea. Hasieran Ondarroa, Arrasate eta Eibar hirukian aritu ziren, zeina Txabi Etxebarrietaren garaiko azpiegitura izan baitzen, ia osorik. Garai hartako protagonistetako batzuek esan zuten bezala, «misiolari» lana izan zen hura, askapen prozesurako jarraitzaileen bila. Eustakio izan zen arduratsuena, eta horrek ere hainbat liskar eragin zizkion, hiperaktibotzat jotzen zutelako. «Arnasa pixka bat hartu», eskatzen zioten. 1971n ETAren jarduera izoztu egin zen. Lapurreta batzuk egin zituzten bankuetan eta faxisten egoitzak erre zituzten, ez besterik. Bitartean, Polizia frantsesak dozenaka atxiloketa egin zituen Ipar Euskal Herrian, euskal erakundea horrela amaituko zen esperantzan. Txikiak eta beste kide batzuek Baionako elizetan itxialdia egin zuten kanporatze neurrien aurkako protesta gisa. Madrilen, Carlos Iniesta Cano jeneralak, Guardia Zibilaren zuzendariak, ETAri buruz hitz egiten zuen: «Aspirina batzuekin sendatzen den gripea da». Urte amaieran, Parisen egindako bilera batean, Euskal Herria eskualdeka banatu eta arduradun bana jartzea erabaki zuten bertaratutakoek. Tolosatik mugarainokoa Txikiari egokitu zitzaion. Hurbilean, Josu Urrutikoetxea izango zen kostaldearen arduradun; Jose Miguel Beñaran Ordeñana, “Argala”, Elgoibar ingurukoa; eta Alberto Antxotegi, Eibarkoa. 1971ko udan, Josu eta Eustakio Azkoitiko baserri batean babestu ziren beren sareak koordinatu eta finkatzeko. Jesus Basakarte bertsolari zumaiarrak, antolakuntzaren kolaboratzaileak eta Eustakiok bertsolaritzarekiko zuen grina ezagutzen zuenak, Madarixan bertso ekitaldi bat antolatu zuen, ezkutatzen ziren tokitik gertu, Jon Lopategi eta oraindik bizirik dagoen hirugarren bertsolari bat ere bertan zirela. 1972 hasieran, Txomin Iturbek zuzendutako komando batek Lorenzo Zabala bahitu zuen, Precicontrol enpresako akzioduna, bertako langileak greban zirela. ETA berrantolatua zegoen. Mugaren bi aldeetan errepresioa izugarria zen, eta horrek are bizkorragoa egin zuen Mendizabalen jarduna, batetik bestera beti. Bere jarduerak mugalariak kezkatu zituen, inoiz ez zuelako, hil zen arte, astebete baino gehiago igaro Garrüze herrian bere bikotekidea eta semeak bisitatu gabe, etxetik urrun egon arren. Batzuetan, bidea arintzeko, Larhunera igotzen zen kremailera-trenaren bidetik ibili eta funikularra baino lehenago iristen zen. Muga zeharkatzeko hiruzpalau bide eskura zituen, baina Aldudekoa zen gehien erabiltzen zuena. Eustakiok urte osoan zehar egindako lanak sare sendo bat ehundu zuen; ez bakarrik bere inguruan, baita Gipuzkoa eta Bizkaiko gainerako lekuetan ere. Harrera-etxeak eta ezkutalekuak ezarri zituen Oiartzunen, Tolosan, Elgetan, Ondarroan eta Elgoibarren. Ondarroakoan, Magdalena kalean, beste aktibista batzuk ere babestu ziren hainbat urtez, “Txiki” Paredes gaztea barne (1975eko irailean exekutatu zuten). Bertan, Rosa Arkotxak hiru seme-alabei eman beharreko arreta eta harrera-lana uztartzen zituen. Bere senarra, Luis Ituarte, “Atxe”, Txikiaren ohiko gidari bihurtu zen, bere “dos caballos” autoan. Izan ere, Mendizabalek ez zekien gidatzen. Luis Arriola, “Kaiser”, ere ohiko gidari izan zuen. 1972an ETAren zuzendaritzan euskaraz jakitea derrigortzat jo zuen Txikiak eta, ondorioz, Argala, esaterako, gune horretatik kanpo geratu zen. Erabaki hori izango litzateke Beñaran Madrilera joateko arrazoietako bat, Iñaki Perez Beotegirekin batera, 1973an, Luis Carrero Blanco almirantearen bahiketa prestatzeko. Eustakio hil ondoren magnizidio bihurtuko zen bahiketa. Urte hartan ETAk kide berri andana hartu zuen, EGItik etorritako ehunka gazteren sarrerarekin. Horien artean, zuzendaritzak «urrezko komando» deiturikoa osatu zuen, Lasarteko lau gaztek osatutakoa: Jose Mari Iartza Etxenike, Lorenzo Egia, Mikel Laskurain eta Imanol Isasa. Ordutik aurrera, eta urte osoan zehar, Iartza Etxenikeren Lasarteko gurasoen etxea Txikiaren ohiko aterpe bihurtu zen. Bertan, gurasoak, Jose Mari eta honen sei arrebak bizi ziren. 1973ko martxoaren 1ean, komandoa atxilotu zutenean, Eustakiok aste osoa zeraman etxean. Gau hartan eta hurrengoan ez zen agertu, ziurrenik bere familia bisitatzera itzuli zelako. Lasarteko etxebizitzara itzuli zen gero, atxiloketen berririk ez zuela, eta Joxepa Etxenike etxeko jabea ezustean harrapatu zuen. Azkar alde egiteko beharra helarazi zion. “Urrezko komandoa” zeritzanarekin, Txikiak Felipe Huarte bahitu zuen, Estatuko gizon aberatsenetakoa eta Tornifasa enpresa lan-gatazka betean zuen enpresari frankista. Huartek hamar egun eman zituen bahituta, Iruñetik Itsasondoraino lehenengo, eta, egun batzuk geroago, Lasarteko etxabe batera –Fermin Izagirre “Burugorri”-k alokatua– eraman zuen komandoak. Bera aska zezaten, familiak 50 milioi pezeta ordaindu zuen. Askatu zutenean, Huartek Txikiari galdetu zion zenbat jaso zuen erakundeak. Zenbatekoa entzutean, dolarretan zela pentsatu zuen. Literaturaz eta euskaraz gain, Txikiak mendia zuen bere pasioetako bat. Gaur jakin denez, Guardia Zibilaren barne-informazioaren arabera, operazioa bertan behera uzten saiatu zen. Ordainketaren egunean bost agente Baionara bidali zituzten Tomas Perez Revillari eta Eustakio Mendizabali erasotzeko, baina azkenean ez zituzten atzeman. Gerra zikineko ekintza hau lehenetarikoa izango zen Ipar Euskal Herrian. Juan Mari Bandres abokatuak, ordainketan bitartekari izan zenak, atentatu bat jasan zuen egun batzuk geroago, lapa-bonba batek bere autoaren azpian eztanda egin zuenean. Huarte askatu eta egun batzuetara, komando berak, Txikiaren eta zenbait liberaturen laguntzarekin, bolborategi bat hartu zuen Hernanin, eta hiru tona dinamita inguru eraman zituen. Urte amaieran, horren zati bat Carrero Blancoren aurkako Madrilgo atentatuan erabili zuten. Hernaniko sindikatu bertikalaren egoitza molotov koktelekin erre zuten, Txikia ere protagonista zela, eta kazetari frantziar batek kanpotik grabatu zuen ekintza. Ihesaldian erabilitako autoa erre zitzaien gainerako koktelen ondorioz, eta bost ekintzaileek, erredura batzuekin, mendira ihes egin behar izan zuten, Urnietatik gertu. Poliziaren barne-txostenei esker –batez ere Guardia Zibilarenak–, berriki jakin ahal izan da errefuxiatuen kolektiboan infiltratuak izan bazirela. Horien artean, Santos Gonzalez Turrientes, Baionako gose grebetan Txikiaren ondoan esertzen zena. 1973an, Guardia Zibilaren txosten sekretuek adierazi zuten ETAren aparatu militarraren burua Eustakio zela, eta helburu nagusitzat hartu zuten. Otsailaren hasieran, Guardia Zibilari informazioa pasatzen ziotenen arabera, Parisen zegoela jakin izan zuten. Eta egun batzuk geroago Oñatin zegoela, Mikel Etxabururekin. Etxebizitza miatu zuten, baina ihes egin zuten biek. Otsailaren 8ko eguerdian, polizia-inspektoreak Eustakio atxilotzen saiatu ziren Zumarragan. Txikiak, bere arma erabiliz, alde egitea lortu zuen berriro, Irimorantz ihesi. Guardia Zibila Polizia laguntzera heldu zen, mendia miatu zuten eta inguruko errepideak kontrolen bidez itxi zituzten. Baina Txikia ez zuten harrapatu. Muga zeharkatu eta salbu zela sentitu zuen, baina Guardia Zibilak 1973ko martxoko goiz batean jakin zuen Mendizabal Baionara bilera batera zihoala. Espainiako zerbitzuen interpretazioen arabera, Parisera edo Belgikara joan zitekeen denboraldi batez, «erreta» zegoelako, eta han ETAko errefuxiatu komunitateak zeudelako. Baina errealitatea justu kontrakoa zen. Erakunde armatuko zuzendaritzak kolaboratzaile sareak indartzera bidali zuen Eustakio Bilbora. Apirilaren 15ean, Txikiak Garrüzeko etxea utzi eta muga zeharkatu zuen eta Zarautzera joan zen bilera batera, Pagoaga eta Urrutikoetxea ere bertan zirela. Han zeudenak harrituta geratu ziren. Txikia artzain-txakur batekin etorria zen Ipar Euskal Herritik. «Ezin zara txakur batekin mugitu», esan zioten. Handik aurrera, txakurra desagertu egin zen. Hurrengo gauean, Mendizabalek Ondarroako Arkotxaren etxea hartu zuen babesleku. Goizean Algortara abiatu zen. «Atzetik dizkiagu». Hilaren 19an, Ostegun Santuan, Pagoagak bilera zuen Bilbon beste bi kiderekin. Bazkalostean trena hartu zuen, Algortan Eustakiorekin hitzordua zuen-eta. Arratsalde partearen erdia zen. Geltokian giro arraroa antzeman zuten. Alangoeta auzorantz abiatu ziren, eta orduan zortzi poliziakide ikusi zituzten kalearen zabaleran segika. «Atzetik dizkiagu», komentatu zion Txikiak Peixotori. Eta korrika hasi ziren, armak erabili gabe, tiro-salba baten artean. Pagoagak Algortako erdigunera zihoazen eskailera batzuk igo zituen, eta Txikia, ordurako ipurmasail batean zauritua zela, auto batean sartu zen. Polizia bat iritsi zen bere parera eta lokian eman zion tiroa. Poliziek beraiek jaso zuten, eta Basurtuko ospitalera eraman. Han artatu zuen medikuak esan zuen: «Eskuburdinak kendu ahal dizkiozue. Hilda dago». Bitartean, Peixoto atari batean sartu zen, jaka bota, betaurrekoak jaso eta zigarro bat erre zuen. Semaforo baterantz abiatu zen. Gelditu zen lehen autoan sartu zen, gidariari ETAko militantea zela eta Bilbora eramateko esanez. Txoferrak, izuturik, berehala obeditu zuen. Aste Santuko prozesioek oztopatzen zuten trafikoa. Azkenik, ibilgailutik jaitsi, taxi bat hartu, eta Galdakaora abiatu zen. Han, apaiz lagun batek ezkutatu egin zuen, Elgetara itzuli zen arte. 19ko gauean, telebistako informazioengatik, bere lagunaren heriotzaren berri izan zuen. «Bizirik ez naute harrapatuko» errepikatua zien Txikiak bere kideei eta familiari. Jose Saiz Bizkaiko polizia-arduradunak barne-txostenean adierazi zuenez, hilaren 17an eta 18an antzeman zuten Txikia Mungian, Bilbon eta Algortan, ETAko hainbat kideri eginiko jarraipenen ondorioz; besteak beste, Roke Mendez-i, erakundearen eskualdeko arduradunari. Trenez mugitu zirela egiaztatu ondoren, agenteek zaintza jarri zuten Plentzia, Areeta, Algorta, Matiko, San Inazio, Deustu eta Bilboko geltokietan. Lau poliziako beste bi talde ibili ziren aldiriko trenetan. Haiek aurkitu zuten Algortan, baita garai hartan Garratz Zabarte zela uste zuten beste militante bat ere. Peixotok handik ihes egin ahal izan zuen, ezagutu ez zutelako. Saiz harrituta geratu zen ETAko militanteak zeraman pasaportea Eustakioren aurkako Paueko epaiketan parte hartu zuen poliziakide bati lapurtua ziotela ikustean. Txikiaren heriotzaren ondoren, BPSk ETAko 67 kide identifikatu zituen V. Batzarrarekin lotutako ildoaren jarraitzaile gisa. Eustakioren heriotzan parte hartu zuten agenteei dominak eman zizkieten. Egun batzuk geroago, Poliziak Juanjo Mendiola atxilotu zuen Barakaldon, propaganda banatzen ari zela, Mendizabalen heriotza salatzen. Roke Mendezek (Jose Luis Mondragonekin batera hilko zuen Poliziak 1974ko maiatzean) ihes egitea lortu zuen, klandestinitatera pasatuz. Atxiloketa eta torturari esker, Poliziak jakin ahal izan zuen Eustakio non egon zen azken bi egunetan, Josefina Puenteren etxean. 52 urteko emakume hau Basauriko espetxean sartu zuten. Donibane Garazi, 1973. Txikia hil eta egun gutxira egin zen Aberri Eguneko argazkia. Garrüzen, Txomin Iturbek senarraren heriotzaren berri eman zion Anabel Zubikarairi, eta Itsasondon Txikiaren familiarekin biltzeko aholkua egin zion, galeraren mina partekatzeko. Gau hartan, Anabel, lagun batekin, Hendaiara joan zen eta muga oinez zeharkatu zuen. Mugako postuan, guardia zibilak cavarekin ospatzen ari ziren Txikiaren heriotza. Azkenik, Itsasondora eraman behar zuen kontaktuak huts egin zuen, eta auto-stop egin behar izan zuten, gauez, Donostiaraino. Handik taxiz, goizaldeko hiruretan, Itsasondora. Atean Arantxa, Txikiaren ama, eta Anabel besarkada batean batu ziren, malko artean. Poliziak gorpua bahitu zuen eta goizaldean lurperatu zuten, familiartean. Polizia Armatuaren konpainia batek eta Guardia Zibilaren beste batek herria inguratu zuten. Arratsaldean, hileta elizkizun bat egin zen, eta, poliziaren zenbaketaren arabera, 1.500 fededunek parte hartu zuten. Kalez jantzitako agente batzuk ere sartu ziren elizan. Txostenean, poliziek adierazi zuten ez zutela ezertxo ere ulertu omenaldi-ekitaldietan, bertaratutakoek euskaraz hitz egin eta abestu zutelako. Antzeman zuten gauza bakarra esaldi hau izan zen: «Txikia handi», eta honela itzuli zuten: «Pequeño pero grande». Apirilaren 29an, Piarres Larzabalek Txikiaren aldeko hileta elizkizuna egin zuen Zokoako elizan, tokia errefuxiatuz eta lagunez beteta zegoela: «Guk nahi duguna da: bakea. Haatik, egiazko bakerik ez ditake, ez baditugu haien oinarritzat hartzen Askatasuna, Zuzentasuna, Egia, Anaitasuna. Eustakio joan zaigu, bainan hemen geratzen zauku harena zen eta gure den egitekoa». Handik egun batzuetara, Anabelek Felipe Huarteren dolumin pribatua jaso zuen, Txikiak urtebete lehenago bahitu zuenarena, hain zuzen. Musikaren bitartez gogoan. 1947an, Telesforo Monzon Lapurdira itzuli zenean, bere lehen poema lana argitaratu zuen: “Gudarien egiñak”. Haietako baten izenburua “Sasetaren ekiñaldiak” zen. 1973an, Txikia hil zenean, Monzonek olerkia egokitu eta Eustakiori aipamena egin zion. Telesforo pianoan zela, Mamarru, Iturbe eta Maite Ormaetxearen ahotsek abestu eta grabatu zuten lehen aldiz abestia, gero Pantxoa eta Peiok aski ezagun egin zutena. Dangiliske taldeak ere abestu zuen. Maite Idirinek Txikiari buruzko bi abesti ere konposatu zituen: “Hil haute” eta “Eustakio hil”, eta Mendizabalek idatzitako poemetako bat musikatu zuen: “Gizonen pausoak”. Onki Xin taldeak ere abesti bat eskaini zion: “Ez zinthomatik”. Jon Aranok Susak 1992an argitaratu zuen liburu batean bildu zituen Txikiaren poemak: “Hitz etena. Eustakio Mendizabal Txikiaren olerkiak”.