7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Hiri gosetiak

Groseko merkatua birgaitzen, haren eraispena baino egun batzuk lehenago, 1995ean. Argazkia: Lara Almarcegui - San Telmo Museoa

Aste hauetan Carolyn Steel-en “Hiri gosetiak” liburuaren irakurketan murgilduta nabil, eta biziki gomendatzen dut. Ikuspegi oso interesgarria iruditu zait hirien funtsa ulertu ahal izateko, hauen eta elikagaien arteko erlazioa bistaratzen duelako. Horretan nengoela, San Telmo Museoan martxoaren hasieran inauguratutako “90 Berriak” erakusketan ikusitako argazki bat etorri zitzaidan burura, Lara Almarcegui artistak 1995ean, Donostian Groseko merkatua eraitsi baino egun batzuk lehenago egin zuen birgaitzearen performance-a erakusten zuena. Eta baita, aurreko artikuluan etxeko atariei buruz idazten nuela, hauek gizartearen “errepresentazio” espazio izatearen ideia horrek ere klik egin zuen konexio mapan. Azken urteetan Donostian gertatutako merkatuen transformazio edo desagerpena gogoratu zidan, eta honek gizarte mailan zer islatzen ote zuen.

Barkatuko dizkidazue sarrera luzea eta itzulinguruak, gaia kokatzeko beharrezkoak zirela sentitu dut. Ziur aski zuetako askok bizi izan duzue, bai Donostian, bai beste herri askotan ere, merkatuen desagerpen edo dekadentzia hori. Gizarte mailako aldaketa baten isla sintomatikoa dela garbi dagoela uste dut. Beharbada erosketa ohiturak asko aldatu zaizkigu azken hamarkadetan.

Donostiaren kasua nahiko paradigmatikoa delakoan, adibide gisa hartu dut, gastronomiaren gorespena ardatz nagusietako bat duen hirian, azken bi hamarkadetan merkatu guztiak txikiagotu edo lurperatzera dedikatu baita. San Martin, Gros eta Bretxako merkatuen transformazioek nahiko garbi hitz egiten digute noranzko konkretu bati buruz.

Donostiako San Martin azok. Argazkia: Delboy, Marcel - GipuzkoaKultura

Etxeko atarien kasuan esfera publiko-pribatuaren arteko erlazioarekin gertatzen zen bezala, merkatuak ere nolabaiteko errepresentazio espazioak dira hiri mailan. Gizartearen eta elikagaien arteko erlazioa espazialki kristalizatzen dute. Salmenta tokiak izateaz gain, sozializazio espazioak ere badira. Egia da, oraindik, beste herrialde askorekin alderatuta, gure janariarekiko erlazioa ez dela hainbeste apurtu, baina bidean gaudela dirudi sarritan. Merkatu-plazak betidanik existitu izan dira hirietan, espazio ireki bezala lehenik, eta plaza estali gisa askotan XVIII-XIX. mendeetatik aurrera.

Donostiaren kasuan, San Martingo merkatuaren adibideak nahiko garbi islatzen ditu hiriak azken urteetan hartutako norabide eta lehentasunak. Merkatua eraitsi eta merkataritza gune berria eraiki zenean, hurbiltasuneko merkatuaren erabilera bazter batean utzi (nahiz eta zorionez behintzat mantentzen den) eta protagonismoa orain Zara erraldoi batek eta Fnac batek dute. Supermerkatu eta autoentzako parking batekin osatu zuten operazioa. Beharrezkoak edo desiragarriak izan daitezkeen erabilerak direla argudiatu daiteke, noski, baina orokortasun batetik begiratuta, hartutako neurriek hiri mailan zer-nolako dinamikak sortzen dituzten hausnartzea garrantzitsua dela uste dut. Zara edo dena delako merkataritza gune baten beharrari buruz ez naiz gaur arituko, luzerako eman zezakeen gaia baita, beste hari askotatik garatu daitekeena. Baina bai da azpimarragarria, zentzu oso zabal batean, operazio hauek elikagaiekin erlazio zuzen eta hurbilago bat eskaintzen diguten espazioak soto batera edo bazter batera mugitzean, sinbolikoki errepresentazio espazio horiek desegin eta beste logika batzuek hartzen dutela hirian nagusitasuna.

Bartzekonako Mercat de la Concepció, 1888an, Antoni Rovira i Triasek diseinatua eta 1998an Albert Pineda arkitektoak birgaitua. Argazkia: Glen Fraser

Bartzelonaren kasua alternatiba gisa eredugarria izan dela uste dut. Han, merkatu-plazen berreskurapena auzoen bizia mantentzeko erreminta gisa erabili zen. Azken hamarkadetan auzo guztietako merkatuak birgaitzea eta sustatzea lortu dute, eta gaur egun merkatu sistema sendo eta deszentralizatu bat dute, auzo bakoitzean oso errotuta daudenak.

Antzinarotik, merkatu-plazak hirien bihotza izan dira. Beti eduki izan dute kokapen oso zentral bat, eta hauetara eramaten gaituzten kaleek arteria moduan funtzionatu izan dute. Merkatuak eraitsi ordez, hauen birgaitzearekin auzoko bizia sustatzea lortu da. Bartzelonaren kasuan, merkatuen sotoetan ezarri diren supermerkatuek ezin dituzte produktu freskoak saldu, eta horrela merkatu-plazaren eta supermerkatuaren arteko erlazio sinbiotiko bat lortzen da: freskoak betiko merkatuan daude eskuragarri, eta supermerkatuan beharrezko beste artikuluak eskuratu ditzakegu. Gertutasuneko merkataritza hau sustatuz, inguruko denda eta tabernek ere sentitzen dituzte onurak. Azkenean, auzoko bizi hori hurbiltasuneko merkataritza sare horren aniztasunean datza.

Hiri jasangarriagoak lortzeko bide honetan, elikagaien gertutasunaren garrantzia erdigunean jarri nahi badugu, hauek eskuratzeko hiriak eskaintzen dituen espazioak bitartekari direla ukaezina da, eta funtsezkoa da hauen errepresentazio guneak babestu eta sustatzea, arkitektura hori, azken finean, gizartearen idiosinkrasiaren isla izango delako beti.