IRUDITAN
Ikusten duzu ilunabarrean
Ikusten duzu ilunabarrean
eguna itzaltzera doanean.
Han, izpilu urdinean, miruen hegada,
haizearen maindireak kulanka,
ilobatto zenduaren gerezi gorriak
eta arrabitaren hari lasatuak...
Hara han, andereen esku hezeak,
neskatilak eguzkiaren sutegian
eta itsasoa bera arnas hestuka.
Han, egunurratzea oinazeka
panpina tristeen irriñoak
sagar honduen dardarra
eta isiltasunaren sukaldeko apalak...
Begira han, urrunago ere
odolaren istil dizdiratsua
eta gauaren ezpain uhela.
Begira, begi goseon ate handia
beti zabalik eskaintzen den ate miragarria.
Han kraskatzen dira etengabean
ezinaren beiradura gardenak.