MAY. 07 2023 IRITZIA Flana jaten dugun aldiro amagoia mujika Heriotza ez da agendan kabitzen. Lanerako prestatzen ari zarela, bazkaritarako tuperra betetzen, zaska!, dei bat. “Eta orain zer?”, galdetzen diozu zure buruari. Eta konturatu gabe abiadan jarraitzen duzu, pentsatu gabe, egunero bezala etxeko atea bizkor itxi eta eskailerak bizi-bizi jaisten, tuper eta guzti. “Eta orain, zer?”. Orain geratu, arnasa hartu, pentsatu, gogoratu, digeritu. Orain, egon. Eta zenbat kostatzen zaigun egotea, zenbat dei eta mezu bidali behar ditugun egon aurretik guretzako derrepentean geratu den egunerokotasunari beste batzuek giltza ematen jarraitzeko. Tristuraren zama bularraldean, bururik gabeko oilaskoa bezala, lepoa moztu eta inertziaz oilategian korrika segitzen duena. Umetan sekulako espantua sortzen zidan oilaskoa horrela ikusteak. Eta orain, ni igualtsu, presaka nora noan jakin gabe, helmugarik gabe, heriotzak zangotraba jarri dion eta geratzeak ikara ematen dion koldarraren pare. Geratu naizenean etorri da itsasoa masailetan behera. Gazia. Eta zamatu zaizkit begiak. Autoaren bolantean, geldirik. Erregaiaren depositua zenbaki gorritan, metafora krudela, bizitza erregairik gabe geratzen zaienen zerrenda egunero loditzen da. Batzuetan, gertuko izen-bizitzekin. Arnasa estutu eta lasaitu egiten da horrelakoetan, berak nahi eran, arnasaren jabeak kontrolatu ezinda. Patxada uneetan akordatu zaizkigu zure bizpahiru kontu. Nola egiten zenien errieta umeei, instintuz, aldrebes portatzen zirenean. Nola egoten zinen haien pauso txiki baldarrei adi, lurrera ez erortzeko zaintzen, nahiz eta zuk ordurako nahikoa lan zenuen zure pausajea agintzen. Nola behin haserretu zinen orratzekin puntua egiten ari zinela eta nola erabaki zenuen dagoeneko eginak zeudela egin behar zenituen jertse-bufanda guztiak. Kito. Nola inoiz ez zinen kexatzen, nola konformatzen zinen beti, nola zaintzen zenituen ingurukoak zure burua baino gehiago. Nola jaten zenuen flana. Triste gauden arren, irribarrez gogoratu ditugu zure kontuak. Heriotzak gorputzean zama arraro bat uzten du, astindu gogor bat, laino bat. Oilaskoa bururik gabe korrika egin nahian. Denborazkotasunaren kontraktura bat, zer suma astun bat. Hartuko dugu patxada, ahal dugun guztietan, zurekin irribarrez akordatzeko. Flan bat jaten dugun aldiro, adibidez, gogoratuko gara zurekin, gaurtik hasi eta gure bizitzari geratzen zaizkion flan guztietan. Eta ondorengoei ere emango diegu soka, jarrai dezaten flana jatean zurekin eta gurekin akordatzen. «Gogoratzen? Amonak horrela jaten zuen flana». Finean, hori baikara, orain garena eta gero besteek gutaz kontatuko dutena. Tristuraren zama bularraldean, bururik gabeko oilaskoa bezala, lepoa moztu eta inertziaz oilategian korrika segitzen duena. Umetan sekulako espantua sortzen zidan oilaskoa horrela ikusteak. Eta orain, ni igualtsu, presaka nora noan jakin gabe, helmugarik gabe, heriotzak zangotraba jarri dion eta geratzeak ikara ematen dion koldarraren pare.