Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Interview
Jon Arretxe
Idazlea

«Arrazismoaren olatua da Toure-ren saga idazteko nire arrazoi subkontzienteetako bat»

Euskal irakurleentzat arras ezaguna da Jon Arretxe idazlearen nobela beltzeko Toure-ren saga, hamarkada bat baitarama gizarte honen kronika bizkorra marrazten. Orain telesail batean haragia eta hezurra jarriko diote fikziozko Toure-ri.

Kantaloja zubian, Bilbo Zuria eta Afrika Txikiaren arteko igarobidean. Argazkiak: Marisol Ramirez | FOKU
Kantaloja zubian, Bilbo Zuria eta Afrika Txikiaren arteko igarobidean. Argazkiak: Marisol Ramirez | FOKU

Paperik gabeko Toure burkinafasoarra detektibe lanetan hasi da, patuak bultzatuta, Bilboko San Frantzisko auzo gatazkatsuan. Ez zaio erraza egingo, makina bat jipoi, atxiloketa eta zorigaitzen lekuko eta protagonista izango delako. Guk Jon Arretxe izan dugu gidari San Frantzisko auzoko Toureren txokoetan barrena.

Ohi baino beroago suertatzen ari den 2011ko udazkeneko egun batean, gure protagonista etxetik atera –Bilboko pisu patera bateko gelan lo egiten utzi dio lagun batek– eta San Frantzisko auzoko kaleetan txartelak banatzen hasi da; «Professeur Touré. Afrikar igarle ospetsua, bizkorra, eraginkorra eta bermekoa. Esperientzia handia daukat magiaren arlo guztietan. Edonolako arazoak konpontzen ditut (...). Bizimodu berri bat nahi baduzu, deitu», dio iragarkiak.

Toure, noski, ez da irakaslea inolaz ere, baina egunero bizimodu berri bat bizitzeko gaitasuna badu, hori bai. Batik bat, diru faltak bultzatuta, poltsikoan sosik ere ez baitu, zulo handi bat soilik. Burkina Fasotik etorritako 38 urteko –pasaportearen arabera, berak ez baitu oso garbi– gizon indartsu eta azkar honek atzean emaztea eta seme-alabak utzi ditu, eta Parisen alaba bat, auskalo zein lanetan. Euskal Herriko ‘Afrika Txiki’-ko kaleetan barna, Bilboko San Frantzisko auzoan, abiatuko da ondoren Toure, eta Jon Arretxek irudikatutako pertsonaia leial, kementsu –galtzaile izateko jaio den arren– eta maitagarriari banatu dituen txartelok bizitza eta abentura anitzen giltza bihurtuko zaizkio: izango da detektibe, gigolo, operako abesbatza batean baxu-ahotsa, bizkartzaina putetxe batean, zezensuzkoa jaietan, luxuzko dendetako lapurra, eta eskaintzen dioten guztia, bederatzi nobela betetzeko adina... are ekain hasieran bertan filmatzen hasiko diren telesaileko protagonista ere.

Banekien lan asko argitaratua zarela, baina begiratu dudanean harrituta gelditu naiz: 35 liburu. Ez da marka makala.

Ez dakit zenbat. Toure-ren sagakoak, bederatzi.

Pozik nabari zaio Jon Arretxeri (Basauri, 1963), nolabaiteko onespena edo irakurleria zabaltzeko bultzada jasotzear dagoela susmatuko balu bezala. Izan ere, ekain hasieran hasiko dira filmatzen Bilboko auzo honetan, benetako kokalekuetan, sagako lehen nobeletan oinarritutako ‘Detective Touré’ telesaila. Ekoizpen ‘potentea’ dirudi. David Perez Sañudok (‘Ane’) eta Carlos Vilak (‘Los misterios de Laura’) eramango dute pantaila txikira DePlaneta eta Tornasol Media ekoiztetxeekin, eta RTVE eta EITBrekin batera. Gaztelaniaz, euskaraz eta frantsesez filmatuko dute eta TVEk gaztelaniara bikoiztuta emango du; EITBk, euskarazko bertsioa. Ekoiztetxeek eurek aurreratutako informazioa da hori. Jon Arretxeri, kontratuen kontuengatik, aktoreekin «oso pozik» dagoela besterik ez diogu atera. Halaber, iazko urte bukaeran argitaratutako ‘Lyrica garaia’ (2022), sagako bederatzigarrena, gaztelerazko bertsioan kaleratzekotan da egunotan. Toure, beraz, modan jarriko ote da? Horrela espero du, munduko galtzaileen izenean. Protagonista beltzaren zaleak erabat harrapatuko dituen tramak eta pertsonaiak ditu.

Baina has gaitezen hasieratik: Jon Arretxe euskal letren munduan oso ezaguna den arren, Toure, detektibe legez, ‘rara avis’ bat da eta bere sortzailea ere ez da atzean geratzen. Polifazetikoa da Arretxe bera: Euskal Filologian doktorea, Heziketa Fisikoan lizentziaduna, piano eta kantu ikasketak ere baditu. Ogibidez, idazle... eta opera kantaria? Definizio horiei funtsezko beste bat gehitu behar zaie: bidaiaria, hortik sartu baitzitzaion letren pozoia. Bidaia-liburuekin hasi zen eta, haur eta gazte literatura lantzen zuen bitartean, nobela beltzari heldu zion. 2012an Toure-ren lehen nobela kaleratu zuen, ‘19 kamera’ izenburupean, beti Erein argitaletxearen zigiluarekin. Iaz, hamar urte geroago, iritsi zen ‘Lyrica garaia’. Bidean Toure Afrikara, Pirinioetara artzain, Parisera eta Madrilera eraman du Jon Arretxek. Orain, berriz, San Frantziskon bizi da.

Gorte kalearen bidegurutzean. Garai batean ospetsuak ziren Moulin Rouge eta Marilyn klubak daude; egun, oso egoera tamalgarrian. Kale honetan kokatu du idazleak Mozolo Baltza fikziozko taberna eta putetxea.

Nola sortu zen Toure? Horrelako pertsonaia bat eta halako giroa ez dira ohikoak gure literaturan.

Baneukan zeozer originala egiteko gogoa, eta ia ezinezkoa da literaturan, dena dagoelako idatzita; nobela beltzean, gehiago. Orduan, etorkinaren irudia bururatu zitzaidan: etorkina, paperik gabekoa, patera pisu batean bizi dena eta kasualitatez bihurtzen dena ikertzaile edo horrelako zerbait, detektibea gehiegi delako. Hasieran ez nekien zenbat nobela izango ziren, esperimentu bat izan zelako.

Beti ihesean dabil, baina saiatu saiatzen da.

Pertsonaia eta bere patua... berak sinbolizatzen du hori, bere profilaren antzekoa duen jende asko dagoelako. Superbibiente hutsa da Toure, eta inprobisatu egiten du. Ez dauka batere aurreiritzirik egin behar den guztia egiteko: ‘Dena sosaren alde’ esaten da liburuetan momentu batean, eta egia da, baina ez da aberats egiteko, baizik eta bizirik irauteko.

Poltsikoan 20 euro badauzka, pozik.

Zezensuzkoarena egitearen truke 20 euro jasoko ditu [‘612 euro’ liburuan, Errekaldeko jaietako zezensuzkoa egiten dute etorkinek; bertakoek egin nahi ez duten lana]. Niri esaten didate egiteko eta, bai zera, baina horrelako bat harrapatzen duzu eta berehala, 20 eurorekin marabillak egiten direlako oso egoera eskasean bazaude. Guretzat 20 euro erronda bat da, baina jende honentzat 20 euro da egun osoan jatea.

BEREBAR TABERNA: Nazio Batuen Erakunde (NBE) txiki bat Bilboko bihotzean

Berebar tabernan, Fermin Muguruzaren abesti bati izenburua eman zion jatetxean, egin dugu hitzordua Jon Arretxerekin. ‘Sanfran’-en, auzoari txikigarri goxo horrekin deitzen baitiote bertakoek. Eguraldiak ez du laguntzen euripeko udaberri honetan, Bilbo berriz bere iraganeko sen grisera itzuli ei delako. Bat-batean badirudi titaniozko Bilbo moderno eta gentrifikatu honen aztarnak desagertu direla. Halere, eta Udalak ‘aurpegia garbitu’ berri dion arren, San Frantziskoren “arimak” bere horretan dirau eta horren adibide garbia da Berebar taberna.

Karim El Haddadi bertoko jabeak 18 bat urte daramatza taberna eta jatetxe hau gidatzen. Abegikor eman digu ongietorria. Berebar tabernak NBE txiki bat dirudi; horrela deskribatu izan du Arretxek ere bere liburuetan. Makina bat te hartua da hemen. Plater goxo baten aurrean jarraitzen dugu hizketan.

San Frantzisko berezia da oso. Ospe txarra duen arren, nik esango nuke Euskal Herrian ez dagoela horrelakorik.

Horrelako auzo bizirik ez dago; hemen denbora guztian gertatzen dira gauzak. Hemen kristoren mugimendu soziala dago, elkarte pila bat daude eta ehun eta piko lurraldetako jendea egongo da seguruenik. Izugarria da. Hau da nobela beltz sozialak kokatzeko leku onena, duda barik.

Pertsonaiak sortzeko inspirazioa nondik hartu zenuen? Benetakoak al dira?

Batez ere lau pertsonaia daude, Toure eta bere kolegak: Osman pisukideak irudikatzen du afrikar beteranoa, etorri berriari laguntzen diona, pixka bat aitarena egiten ari dena. Malikoa da eta rol hori betetzen du. Gero Xihab dago, hemengo [Berebar taberna] kamareroa zena, eta hori pertsonaia erreala da. Nobela idazterakoan bera nuen buruan, tipo argala, sinpatikoa, ‘baziloia’ delako eta beti adarra jotzen dabilelako. Gutako norbait sartzean, berak galdetzen zion euskaraz: ‘Zer nahi duzu?’. Moro bat euskaraz egiten! Urte asko egin zituen hemen, eta alde egin zuenean oso zorte txarra izan zuen bizitzan.

Emakume bat ere badago, Kristina, Toure-ren amodioa. Ilegorria, zuria, farmazialaria, baina saltsa ilunetan sartuta dagoena.

Pertsonaia hori asmatu nuen eta badauka beste istorio bat atzetik. Kontua da behin idazle batzuk geundela Bilboko Liburu Azokan elkarrekin afaltzen, kanpotik etorritakoak ere baziren, eta horietako bat ile gorria duen emakume kazetari espainiar ospetsu bat zen. Afaltzen ari ginenean, hasi ginen tontakeriak esaten eta berak bota zuen: ‘Ba, nik sekulako mamadak egiten ditut 2 euroan’. Niri buruan gelditu zitzaidan: ‘Mamadak  2 euroan, mamadak 2 euroan’... eta saga bera horrela hasten da: Toure txartelak banatzen ari da eta topatzen du kartel bat putiklub batean: ‘Zupaldiak 2 eurotan’. Ez da posible! Eta nor da egiten dituena? Ba, emakume ilegorri bat, Kristina izena daukana.

SAN FRANTZISKO KALEKO 43. ZENBAKIA: Pisu patera bat

Horrela deskribatzen du ‘Lyrica garaia’ (2022) liburuak San Frantzisko kaletik Bilbi plazarako bidean dagoen panorama: «(...) Zati honetan jatetxe eta taberna berriek lehengoak ordezkatu dituzte, lokal zainduagoak eta garestiagoak ageri dira, eta giro berriak bestelako jendea erakarri du, modernoagoa edo. ‘Gentrifikazio prozesua’ deitzen diote honi Sanfraneko elkarteetako lagunek, eta prozesu horrek aurrera jarraituz gero, gu denok auzotik kanpora bidaliko omen gaitu. Hori diote, bai, baina niri ezinezkoa iruditzen zait halakorik gertatzea. Gurean osatu den miseria-gotorlekua trinkoegia da, nekez desegingo dute, eta deseginda ere beste norabait joan beharko genuke hemen bizi garen milaka lagunok. Arazoa ez litzateke desagertuko inola ere, baina batek daki, agian konformatzen dira gu ere lekuz aldatzearekin».

San Frantzisko kaleko 43. zenbakiraino gerturatu gara. Tira, 4 zenbakia erori zaio. Parez pare Manolo janari-denda dago, egun irauten duten betiko denda gutxi batzuen lekuko, eta BBKren egoitza zaharrean telesailaren antolakuntzarako ekoiztetxeek atondu duten bulegoa ikusten da. Eta espaloiaren bi aldeetan, gizon eta gazte anitz, multzoetan, ez dago oso garbi zertan ari diren. Zenbaki honetan kokatzen du Jon Arretxek Osman eta Toure-ren pisu patera, eta hemen eman zuen Arretxek berak ia urtebete lehen liburua idazten. ‘Aurpegia garbitu diote auzoari, zeren nobelan aipatzen dira espaloi estuak eta, fijatu naiz, joño! Orain espaloi zabalak ditu!’, diosku. Polizien kamerak aldatu dituzte: ez dira desagertu, berriak jarri dituzte. Eta kito.

Jon Arretxe, San Frantzizko kaleko Berebar taberna ikonikoan. Atzean, irribartsu, Karim El Haddadi, jabea. Ekainean filmatzen hasiko diren telesaileko eszena ugari hemen kokatuko dira.

Harritu egin al zaitu auzoak azken birmoldaketarekin izan duen aldaketak? Hemendik kanpo bizi zara.

Nik hemen daukat etxe bat niretzako, orain dela hamar urtetik. Izan Basaurikoa naiz, bizkaitarra naiz, baina Arbizun bizi naiz, Nafarroan. Eta hemen pisu bat daukat nahi dudanean etortzeko. Lehenengo nobela idazteko, pisu bateko giltzak utzi zizkidaten, lagun baten lagunak salgai zeukalako eta, saltzen ez zen bitartean, bertan egon nintzen, ia urtebetez. Hemen egon nintzen ia-ia nire etxean baino gehiago. Eta auzo bizia dela esaten dudanean da aldatzen ari delako etengabe. Baina funtsean dagoen miseria poltsa hori beti egon da. Lehen, meatzarien bizimodua zen. Miribilla auzora etorri ziren meatzeetara lanera, eta horiek bizi ziren gaurko etorkinak bezala [XIX. mendean, Miribillako hiru meategien garapenarekin batera, Estatutik langile asko etorri ziren Bilbora. 1950eko hamarkadaren erdialdera, behin minerala ia agorturik zenean, itxi egin zituzten]. Bizi ziren ‘gomazko etxeetan’, horrela esaten zieten, zeren etxe batean sartu zitezkeen 5, 10 edo 20 lagun. Espainia aldetik etorritako etorkinak bizi ziren horrela: pasilloan, balkoian. Lehengo ‘gomazko etxeak’ dira gaur egungo pisu paterak. Historia errepikatu egiten da: miseria, meategietan lan egin eta gero diru pixka bat lortu familiari bidaltzeko, oraingoek egiten duten bezala.

Bilbo Zuria, hau da, hemendik kanpokoa ere erretratatzen duzu. Eta galdera bat botatzen duzu liburuetako batean: euskaldunok arrazistak gara? Nik zuri galdera bera botako nizuke.

Segun eta zenbat molestatzen gaituen, edo zer kentzen diguten kanpotik datozen horiek. Guk gurea daukagunean ez dago arazorik, baina iruditzen bazaigu ‘niri txarto badatorkit edo nire lanari ere bai’, hasten gara ingurura begira eta kanpokoei errua botatzen.

Eskuinak nabarmen egin du gora orokorrean mundu mailan azken urteetan. Horrek kezkatzen zaitu?

Aspaldiko kontua da. Ni oso kezkatuta nago gai horrekin eta hori da nire arrazoi subkontzienteetako bat serie hau idazteko. Nik hasieran uste nuen esan dizudana, zeozer originala egin nahi nuela, baina horren atzetik badago beste zerbait. Nik seme beltza daukat eta alaba vietnamdarra, eta inor baino euskaldunagoak dira, euskaraz gaztelaniaz baino hobeto hitz egiten dute, baina ziur nago sufritu behar dutela arrazismoa beraien bizitzan, batez ere aspaldi honetan dagoen eskuindar olatu horren erruz. Zeren Europa guztian hedatu da, eta hemen errazago sortzen dira eskuin muturreko alderdiak eta kristoren arrakasta daukate haiek zabaltzen dituzten mezuek... Nire semea kalean ikusten duenak ez du Arretxe bat ikusiko, ikusiko du beltz bat. Jende askok barneratuta dauzka mezu horiek eta, horren erruz, nire semeak, nire alabak eta hemen dagoen jende guztiak hori dena sufritu beharko du. Horrek moskeatzen nau, agobiatzen nau. Literaturaren bidez nik lehen pentsatzen nuen ezin zela ezer egin, inork ez zigula kasurik egiten, baina gero eta kontzientziatuago nago zeozer egin dezakegun ideia horrekin.

Beraz, literaturak eta kulturak gizartea aldatzeko gaitasuna izan dezakete?

Bai. Eta nik hau esatea ez nuen imajinatuko, zeren orain dela urte batzuk Gijongo Nobela Beltzaren Asteko mahai-inguru batean egon nintzen idazle hegoamerikar piloarekin, eta hor dira denak super teorikoak eta iraultzaileak. Niri tokatu zitzaidanean, esan nuen: ‘Ez flipatu, guk ezin dugu ezer egin, hemen jendeari bost axola guk idazten duguna’. Moskeatu egin ziren. Gogoratzen dut nola antolatzaileak kristoren bronka bota zidan eta gehitu zuen: ‘Gainera, euskal azentuarekin esaten duzu, belarrira are okerrago ematen duena’.

Harrezkero konturatu naiz mundua aldatu ez, baina bai zerbait egin dezakegula; daukazun irakurle kopuruaren arabera, noski. Niri jende askok esaten dit: ‘Toureren nobelak irakurtzen ditudanetik beste era batera ikusten ditut kalean topatzen ditudan afrikarrak, eta orain beste sinpatia bat diet edo, gutxienez, hobeto ulertzen ditut’. Horrek zoriontsu egiten nau, hori delako nire helburu nagusienetako bat. Orduan, lau irakurle badituzu, horiei begiak zabalduko zaizkie pixka bat edo sentsibilizatuko dira hainbeste sufritzen duen jende honekin? Eta milaka eta milaka irakurle lortzen badituzu? Ni beti oso eszeptikoa izan naiz, baina azken urte hauetan, agian seme-alabengatik, gehiago sentsibilizatu naiz. Semea nerabea da, 17 urte ditu, eta hasi da herritik irteten. Orain arte zen Jonen semea eta izena zeukan, baina kanpora joandakoan izango da beltz bat, edo “un puto negro” batzuentzat. Utziko dio izen-abizena izateari jende askorentzat, batez ere zabaltzen ari den olatu arrazista horren erruz. Konturatu naiz horixe dela nire motorretako bat edo arrazoietako bat saga honekin jarraitzeko, nire seme-alabak.

GORTE KALEAN: Prostituzioa eta ez dira hauek lirika garaiak

Harrobi kaleko eskaileretatik igo, poliziaren kamerak eta jende multzoak atzean utzi, eta Gorte kalera iritsi gara. Toure-k berak hainbat alditan egin duen ibilbidea da, Gorte kalean kokatzen baitu Jon Arretxek fikziozko Mozolo Baltza taberna eta putetxea. Palankaren urrezko garai haiek, dena den, akabo, joan ziren. Hemen pandemiaren osteko miseria tristea baino ez dago.

Sagan islatzen dira ere Gorte kalearen urrezko garaiak. Entzuna daukat boxeoa ikustera etortzen zirela herrietatik.

Lehengo zaharrek esaten dute San Frantzisko zela Bilboko kale dotoreena, denda onenak zeuzkana eta La Palanka zela leku alaia, ez gaur egun dagoen toki deprimentea. Gehiago zela giro kabareteroa, eta musika zuzenean, karta partidak eta txanpain botilak ikusten zirela, glamourra zeriola eta jende aberatsa etortzen zela limusinetan. Gero, droga sartu zenean 80ko hamarkadan, hasi zen degeneratzen, klubak ixten hasi ziren eta asko aldatu da ordutik.

Prostituzioaren egoera ere islatzen da liburuotan. Esaterako, prostituzioa debekatzeko legeak sortu duen egonezina prostituten kolektiboan. Dokumentazio lan handia egin zenuen? Hemendik, Gorte kaletik, gertu dago Askabide elkartea.

Bai, Askabidek lokal bat zeukan Gorte kalean eta gauero zabaltzen zuten 9-10ak aldera kaleko emakumeak hartzeko. Edari beroak ematen zitzaizkien, gailetak eta kondoiak. Eta aholkuak ere bai, nahi izanez gero. Han ere egoten nintzen, kafea banatzen eta istorioak, sekulako istorioak, entzuten. Batzuk nigerriarrak ziren, mafia nigeriarrek ekartzen dituztelako neskak handik, eta bidean denetarik egiten diete; ez dira etortzen berehala hona: urteak ematen dituzte Afrika zeharkatzen. Geldialdi guztietan tratatzen dituzte ganadua bezala, eta poliziei esaten diete: ‘Egin nahi duzuena horrekin, baimenen truke’.

 

Gorte kalearen bidegurutzean.

Aitortu behar dut Lyrica droga gisa aipatzeak harritu egin nauela. Adinekoei ematen zaie dementziarako.

Lyrica modako droga da hemen, hori esan zidan kaleko hezitzaile batek. Lurrean botata aurkitzen dituzu Lyrica pilulen plastikoak, hutsik. Dirudienez, jonkiei nahiko erraz errezetatzen zaie, eta trapitxeatu egiten dute kalean dabilen jendearekin. Titulurako egokia izan zitekeela pentsatu nuen.

Jokoa ematen du. Musikarekin ere badu zerikusia eta, hor behean ABAO dago eta zu, idazle izateaz gain, kantaria ere bazara eta.

Bertoldt Brechtek ‘ez dira garai onak lirikarako’ edo horrelako zerbait bota zuen poema batean, eta, noski, lirikarako garai aproposa bada, baina zein motatako lirikarako? Guretzat opera bat entzuteko garai aproposa izan daiteke, baina nire nobeletako pertsonaientzat zertarako garaia da? Drogatu, ebaditu eta errealitate gordin horretaz ahaztekoa, eta hori lortzen dute Lyrica pilulen bidez askok.

KANTALOJA ZUBIA: Bilbo Zuriaren eta Afrika Txikiaren arteko bidegurutzean

Kantaloja zubia sarrera edo irteera izan daiteke Bilbo Zurirantz. Ondoan Fleming plaza dago, non komunitate afrikarreko gizon ugarik, lanik ezean, orduak ematen dituzten berbetan, karta jokoan eta denbora joanean. Turista batzuk ikusten dira igaroan, galduta bezala eta ikara aurpegiarekin, motxilari ondo helduta; baita familia asko ere, eta mota guztietako herritarrak gora eta behera, eguneroko kontuekin. Hau da Bilboko auzorik multikulturalena, bizia erabat.

Booma egon da nobela beltzarekin eta, bide batez, «euskal noir» izendatutako azpigeneroa dagoela diote. Dolores Redondo, Eva Garcia Sainz de Urturi, Mikel Santiago edo zu, euskaraz idazten duen bakanetakoa, sartzen zaituztete hor. Genero bat osatzeko osagaiak ditu «euskal noir» horrek?

Bai, zera, batere ez. Baina inportanteena da gutaz hitz egitea; hori ondo datorkigu. Gijongo Nobela Beltzaren Astean izena ipini ziguten: ‘Txapela noir’. Nik baietz, deitu nahi duzun eran, kontua da norberaz hitz egitea, oihartzuna izatea eta agertzea, zeren, azken finean, promozioa da. Orduan Txapela Noir edo Txistorra Noir edo nahi dena, berdin da. Hala ere, ez daukagu zerikusirik gure artean. Esango nuke, eta agian hau pixka bat polemikoa izan daiteke, baina pixka bat eskumakoa dela uste dut. Hau da, nobela beltza jatorriz beti izan da oso ezkertiarra, eta lehenengo amerikar klasikoak ziren kartzelan egondako jendea, komunistak edo madarikatuak boterearentzat... eta gai soziala egon da beti hor. Baina azken urte hauetan indarra hartu eta modan jarri dena izan da poliziakoa, eta poliziak onak dira... hor kritika sozial hori... eta idazleak askotan dira, lagunak ditut, abokatuak eta horrelakoak [barrez].

Baina zuk salmenta onak dituzu.

Euskaraz bai, euskaraz hogeita hamapiku urte daramatzat publikatzen. Ni konturatu nintzen egin nuela irakurleria bat bidaia-literaturari esker: hasi nintzenean ez zen idazten, eta hartu nituen irakurle finko batzuk. Umorea sartu nuen eta salmentak asko igo ziren horren erruz, edo horri esker, eta nobela beltzarekin aritu naiz azken urteetan. Nik oraindik badaukat aukera, telesailari esker, Espainia aldean batez ere zabaltzeko, zeren hemendik kanpo ez nau inork ezagutzen.

 

BABEL BARRUKO HERRIA

Ines Intxausti, Kazetaria eta San Frantzisko auzoko bizilaguna

2005ean heldu nintzen Sanfran auzora bizitzera. Berebar tabernaren aurrean, hain zuzen ere, eta ezin dut minarete hoberik imajinatu, egunero bertoko giza naturaren lekukoa izateko. Little Italy bezalako Little Afrika ikus dezakegu San Frantzisko kaletik behera eskumara eta ezkerrera zabaltzen den gune berezia. Ez dira ahaztu behar gero, Hego Amerikatik, Europako ekialdetik edota beste hamaika lekutatik etorritako hainbeste lagunen kopuruak.

Kaleen paisaia aldatu eta aberastu egin da etorkinen denda eta saltokiekin auzoko bost zentzumenak astinduz. Usainak, koloreak, jakiak, soinuak, hizkuntzen erritmoa eta kaletik doazen lagunen hitz mainak berriak dira guretzat nahiz eta aski argi egon betirako geratzeko heldu direla. Erlazio horrek gure bizimodua hobetu besterik ez du egiten, askok uste ez bezala.

Txina, Bolivia, Kosovo, Errumania, Txina eta beste herrialde batzuetatik etorritako haurrak euskaraz entzutea asko eskertzen dudan esperientzia estetikoa da. Orain amazigh, arabiera, olof, tutsia, errumaniera eta txinera ikasteak izan beharko luke gure erronka. Mestizaje perfektua bihurtuko litzateke gure Babel txiki hau. Ea nor animatzen den!