Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
Sarraskiaren izate arrunt normalaz

Eichmann, nazi urkatua

Deabrukeriak egiteko, deabrua ez da deabruz mozorrotzen. Edo, nahi bada, deabrua aita ona da, senar eredugarria, seme txintxoa. Fededuna da, ideia positiboak dauzka, ez da handiputza. Ez da psikopata bat, ezta soziopata ere, ez da sadikoa. Arrunt normala da, perfektuki normala, garrantzirik eta irudimenik gabea, ahula, eta, pentsatuko genukeenaren kontrara, irudi horren atzean izaki anker neurrigabea egon daiteke, horroreetan ikaragarrienak egiten dituena. Hori du bere egiazko enigma. Baita Adolf Eichmannek ere.

Hala-holako pertsona izan zen 1906an jaiotako Otto Adolf Eichmann. Normala, nabarmentzen ez zena, erdipurdikoa. Ikasketetarako ezgaia; ez zuen bigarren hezkuntza bukatu eta bizitzeko sosak kaleko salmetetan aurkitzen zituen. Monotonia 1932an hautsi zuen, Hitlerren alderdi nazian eta gero haren Schutzstaffel (laburturik SS) talde paramilitar garrantzitsuenean sartu zenean. Hor aurkitu zion bizitzari zentzu berria, bere bizitza ezdeusa zerotik berreraikitzeko aukera.

Ez zen azkarra, ez zuen ikasketarik, ez zeukan aparteko jakinduriarik, baina aparatu naziak karrera egiteko eta hierarkian gora egiteko aukera parez pare zabaldu zion. Aurrerantzean ez zuen bere bizitzarekin deseroso sentitu beharko; berak miresten zuen Hitlerrek lortutakoa ikusi besterik ez zegoen: Alemaniako “fuhrer” izatera iritsi zen soldadu xehe bat izan zen, eta igoeraren eta boterearen ideia hori benetan txundigarria zen.

Eta gora egin zuen nazien hierarkian. Teniente koronel izatera iritsi zen, Gestapo polizia sekretuaren Auzi Juduen IV. Departamenduko burua izateraino. Hebreera ikasi zuen, kultura juduan busti zen, komunitate juduaren bileretara joaten zen, «espezialista bilakatzeraino». SSetako buru gorenak, Heinrich Himler-ek, Auzi Juduen Zientzia Museoaren arduradun izendatu zuen.

«Soluzio Politikoa» eta «Azken Soluzioa»

Ezertan nabarmentzen ez zen ikasle kaskar eta pertsona gris hura burokrazia nazian distira hartzen joan zen. Autoestimuan bezala, agindu zioten arduretan ere gora egiten joan zen. Juduak Alemaniatik kanporatzeko planak egitea eskatu zioten, haiek emigratzera adoretzeko eta garraiatzeko ardura eman zioten. Madagaskarrera kanporatzeko ideia ere pasatu zitzaion burutik. Hori zen, hasiera batean, juduen auzia konpontzeko, Alemania Handiaren lurraldeak juduz garbitzeko, lehenetsi zen proiektua. «Soluzio Politikoa» deitu zioten. Baina gauzatzeko zailegia omen zen.

Eta, ondoren, «Azken Soluzioa» etorri zen: sarraski totala. Ezohikoa eta lazgarria zen suntsitze prozesu industrial eta instituzionalizatua, herrialdez herrialde garaturikoa, sei milioi judu, munduko juduen herenak, heriotzara eraman zituena. Eichmannek zuzendu eta koordinatu zuen juduen deportazioa eta haiei arropa nola lapurtu edo biktimei urrezko haginak nola kendu eta halako erabakiak hartu zituen; noiz hil, zein epetan erraustu.

Juduak lehenik Europa osoan barreiatuta zeuden guettoetara eta gero eraiki berriak ziren gas-ganberetara (Sobibor, Chelmo, Treblinka eta Auschwitz-Birkenaun) zama-garraiorako trenetan eramatea ere Eichmannentzat erabaki teknikoa izan zen. Berak onartu zuen Bayer konpainiak ekoizten zuen Zyklon-B gasaren erabilera, eta berarentzat erabaki aseptikoa izan zen. Aginduak ongi bete dituen burokrata baten hoztasunarekin, pertsonalki komunikatu zion 1944an bere nagusi Himlerri kontzentrazio-eremuetan lau milioi judu hil zirela eta beste bi milioi, unitate mugikorretan.

Alemania naziaren porrotaren ostean, Eichmannek sasira jo zuen. Suitzatik Italiara ihes egin zuen, Vatikanoaren baimenarekin, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen pasaporte batekin. Eta goi mailako beste nazi eta gerra kriminal askok egin bezala –tartean Joseph Mengele, Auschwitzeko kontzentrazio-esparruan eginiko esperimentu eta ikerketa genetiko izugarriekin zoritxarreko fama hartu zuena–, Argentinan aurkitu zuen aterpea eta (ustezko) babesa.

Gas-ganberetarako garraioaren antolatzailearen bahiketa

Baina 1950eko hamarkadan Eichmannen nondik norakoen berri izan zuten eta 1960ko maiatzean Mossad Israelgo zerbitzu sekretuetako talde berezi batek bahitu zuen. Buenos Aireseko kanpoaldean bizi zen eta Mercedeseko langile baten, Ricardo Klement-en, izen-abizenak zituen paperetan. Hogei egunez etxe batean atxiki zuten, bortizki torturatu eta galdekatu zuten, eta gero, lasaigarriak injektatu eta parranda batetik zetorren gaupaseroaren itxura emateko bere arropak whiskiz busti ondoren, El Al Israelgo airelinearen hegaldi komertzial batean Tel Avivera eraman zuten.

Orduan ezagutu zuen munduak Ricardo Klement identitate faltsuaren atzean Adolf Eichmann ezkutatzen zela. Gorputz argalekoa, burusoila, itxura batean inori kalterik egin ezin zion gizona zirudien. Ez zirudien sadiko bat, odolzalea. Sekula ez zen beste soldadu baten aurka borrokatu, sekula ez zuen pistolaren katua sakatu, bere burua beste pertsona bat hiltzeko ezgai ikusten zuen. Sei milioi juduren heriotza eragin zuen operazioan, Azken Soluzioan, parte hartu zutenen artean bilatuenetakoa eta bizirik geratzen zen nazi handienetakoa izan arren, ez zen bereziki ideologizatua. Eichmannen kasuak mundua harritu zuen, eta, aldi berean, bere hoztasun eta ustezko normaltasunagatik, beldurtu.

Bera zen juduak garraiatzeko sistemaren arduraduna, kontzentrazio-esparruetarantz juduz beteriko trenak noiz eta nola abiatu behar ziren zekiena. Haurrak, emakumeak, gizonezkoak, azkar eta arretaz, efikazia beldurgarriarekin, garraiatzen zituen. Komunitate juduaren goi arduradunekin eskuz esku lan egin zuen, garraitzekoak ziren juduak zenbat ziren, zenbat ondasun zituzten, ezinbestekoak zeintzuk ez ziren eta nora bidal zitezkeen jakiteko. Eta informazio hori guztia eskuetan zuela, heriotza industrialeranzko trenak antolatzen zituen, azpiegitura hauen ondoan eraiki eta esklaboen eskulana zuten enpresen «xurgatze-ahalmenaren» arabera erabakitzen zuen azken geltokia.

‘Holokaustoaren arkitektoaren’ sasi-epaiketa

«Genozidioaren burokrata» eta «Holokaustoaren arkitektoa» esaten zioten pertsona hura kristal blindatuak zituen kutxa batean azaldu zen munduak adi-adi segitu zuen epaiketan. Formalismoak eta prozedurak betetzeko plantak egin bazituzten ere, epaiketa fartsa hutsa izan zen. Dena zegoen aurretik erabakia. Denek zekiten akusatua urkatua izango zela. Eta hala gertatu zen, Eichmann 1962ko maiatzaren 31n urkatu, erraustu eta errautsak Mediterraneora bota baitzituzten, Israelgo ur jurisdikzionalen mugetatik kanpo. Eichmannen ekintzak epaitzeko saioa izan behar zen hura herri juduaren zorigaiztoak ikusgarri egiteko espektakulua bilakatu baitzen, sortu berria zen Israelgo Estatuaren efikaziaren erakusgarri.

Nurenbergen ez bezala, non epaile eta fiskal estatubatuar, errusiar, frantses eta ingelesek parte hartu zuten, soilik juduei zegokielako beren etsaiak epaitzea. Edo garaiko lehen ministro israeldar eta epaiketaren benetako arkitektoa izan zen David Ben Gurionek, Israelgo aurreneko lehen ministroak, adierazi bezala, akusatuen aulkian ez zutelako Eichmann eserarazi, historiako antisemitismo guztia baizik, «Nabukodonosorretik Hitlerreraino, eta Hitlerretik erresistentzia palestinarreraino».

Epaiketa ez zen normala izan, inondik inora ere, normaltasun plantak egin bazituzten ere. Hotzean begiratuta, prozedura akatsez betea izan zen: akusatuaren bahiketatik hasi, bere aldeko lekuko faltatik segi eta krimenak gertatu zirenean existitzen ez zen estatu batek epaituko zuen egitatean buka. Estatu hori Israel zen. Juduek, historian behingoagatik, bazituzten legeak, estatu aparatuak, botereak; jada ez zuten nazioarteko inongo epaimahairen babesik behar. Fiskalaren laguntzailea izan zen Gabriel Bach-ek, gero Israelgo Auzitegi Goreneko epailea izan zenak, bi hamarkada geroago kazetari bati kontatu zionaren arabera, akusatuaren aldeko lekukoak auzi-aretoan agertu izan balira eta, adibidez, juduen sarraskitzean beste judu batzuek jokatu zuten paperari buruzko istorioak kontatu balituzte, inor ez zen Eichmannez gogoratuko!

Erantzunen, eta ez asumituak diren egien, bila

Artean gas-ganberen eta oraindik lur freskoa zuten hobi komunen oroitzapenak bizi-bizi zeudela, Hannah Arendt pentsalaria Jerusalemera abiatu zen, ‘The New Yorker’ aldizkariarentzat Eichmannen aurkako epaiketaren gaineko kronika bat egitera. Erantzunen bila joan zen, ez asumituak ziren egien bila. Filosofoa deitzea gustatzen ez zitzaion pentsalaria zen, pentsamenduaren independentziaren aldekoa, ez zuen inongo talderen izenean idazten. Jatorriz judua zen alemaniarrak, filosofo onek bezala, gauzak leku konprometituetatik begiratzen zituen, leku idor eta antipatikoetatik, sakontasunez, zintzotasunez.

Eta, idazle alemaniar on guztiek bezala, oso ondo idazten zuen, esaldi trinkoekin, hiztegi aberatsarekin. Ez, ez zen erraz irakurtzen den autore horietakoa, liburu arinekin ohituak dauden irakurleentzat aproposena. Baina kazetaritza kronika izan behar zuena “Eichmann Jerusalemen” izenburuko liburu bilakatu zenean –Katakrak argitaletxeak berrargitaratu du orain euskaraz, Mario Zubiagaren hitzaurrearekin–, bazterrak astindu zituen. Eta ez, ez zen bere liburu konplikatuena izan.

Arendt Eichmannen epaiketan ikusi eta aztertu zituen gauzekin kritiko agertu zen: Sarraskiaren eta jazarpenaren aurrean erakunde juduek erakutsitako pasibotasunagatik (galdera deseroso eta aztoratzaileak egin zituen), epaiketa ikuskizun huts eta fartsa bilakatzeagatik, bahiketa ilegala izan zelako, Eichmannen delituak gizateriaren aurkakoak izanik ere herri juduaren aurkako horroreak bakarrik hartu zirelako kontuan, eta, hortaz, nazioarteko epaimahai bati zegokiolako epaitzea, ez Israeli.

Bestalde, Eichmannek egia deseroso bat utzi zuen epaiketan; are deserosoagoa, Jerusalemenen esan zuelako: kasu askotan juduek eurek ahalbidetu zutela Holokaustoa gertatzea. ‘Judenrat’-ek, hots, juduen kontseiluek, parte-hartze zuzena izan zutela, gas-ganberen bidean judu askok ez zutela alemaniar bakar bat ere ikusi, borrero gehienak agian ez baina pila bat juduak zirela. Beste aukerarik izan al zuten? Edonola ere, kontu horri ere heldu zion Arendtek, bere idatzian hausnartu egin zuen eta horregatik jaso zituen kritika latzenak ere. «Bere burua gorrotatzen duen judua» izan zen samurrena, baina latzak egotzi zizkioten: biktimak eta borreroak berdindu zituela, bere burua defendatu ez zuelako herri judua koldarra izan zela eta bere patua merezi zuela defendatzen zuela eta gisako «perlak».

Historia ilun baten kapitulu ilunena

Judu batentzat, dudarik gabe, komunitate juduen buruzagiek beren herriaren sarraskitzean izan zuten parte-hartzea historia beltz horren kapitulu krudel eta lazgarriena da. Galdera hantxe zegoen, eta hortxe jarraitzen du: «Zergatik ez ziren juduak matxinatu?». Zergatik ez ziren heriotza industrialera kondenatu zituen sistemaren kontra jaiki? Eichmannen aurkako Jerusalemgo epaiketan ‘judenrat’-ek jokatu zuten paper tragikoa ia ez zen aipatu. Are gutxiago aipatu zuen fiskalak. Hori zela-eta, Arendtek susmo txarra hartu zion. Buruzagi judu batzuekikoa eta fiskalaren jokabidearekikoa zen bere desadostasuna, fiskala denetan kapitulu ilunena zena estaltzen ari zela iruditzen zitzaion. Espektakulu haren helburua ez zelako Eichmann zigortzea edo judenratek izan zuten papera aztertzea.

Arendten kronikan bereziki probokatzailea zen behin eta berriz jartzen zuela auzitan juduen buruzagitza. Egia esan behar ote zieten juduen kontseiluek juduei, egia zekitenean? Nora deportatuko zituzten esan behar zieten? Eta zenbatek lortuko zuten salbatzea, egia jakinez gero? Zergatik ziren ‘judenrat’-eetako buruzagiak agintari nazien aurrean hain edukatu eta hain otzanak?

Buruzagi batzuek ederki zekiten deportatuak zuzen-zuzenean Auschwitzera zihoazela (eta ez ekialdera, birkokatze-eremuren batera, naziek zioten bezala). Egoera hartan matxinatzea ezin pentsatuzko gauza bazen, zergatik ez zieten juduei ihes egiteko edo ezkutatzeko aholkatu? Judu-erakunderik batere eta “judenrat”-ik izan ez balitz, deportazioaren makineria ez zen ibili zen bezain koipeztuta ibiliko. Naziek milioika lagun banaka-banaka beren etxeetatik atera behar izango zituzten. Eta, modu horretan, ez ote zen judu gehiago salbatuko?

Gaizkiaren hutsaltasunaz

‘Eichmann Jerusalemen’ liburuak azpititulu deigarri bat zekarren: ‘Gaizkiaren hutsaltasunaren gaineko txosten bat’. Azpititulu honek ere hautsak harrotu zituen. Izan ere, zer da hutsaltasuna, arrunkeria edo banalitatea? Hiltzea hutsalkeria al da? Herri oso bat sarraskitzea arrunkeria da? Borreroaren kontzientzia, Eichmannena, kontzientzia morala izan daiteke? Zergatik deitu zuen Arendtek hutsaltasuna? Zer deitu zuen banala?

Ez, Arendtek ez zuen esan, ez zuen esan nahi izan, Eichmann burokrata soil bat zela, kontzientziarik gabea, aginduak itsu-itsuan betetzen zituena. Aitzitik, antisemita ideologiko bat zela gogorarazi zigun, gora egitea nahi zuen anbizio handiko burokrata. Hirugarren Reich-a miresten zuela, bera bezalako pertsona arrunt bat ‘fuhrer’ izatera eraman zuelako. Ez, Eichmann ez zegoen jokatu zuen bezala jokatzera behartuta. Baina, azken buruan, bere ekintzak, kaskarkeria batetik zetozen, pentsamendu propiorik gabeko pertsona baten ekintzak ziren. Burokrazia totalitario batean automatak behar direlako, kopuru handian gainera, jasotzen dituzten aginduak kuestionatzeko ezgai direnak. Epaileak, poliziak, komunikabideen arduradunak, funtzionarioak, denak aritu behar direlako gorputz bereko zelulak balira bezala, autokritikarako eta juzgu propiorako zirrikiturik gabe.

Epaiketan bere defentsako abokatuak adierazitakoaren arabera, Eichmannek ez zuen gas-ganberetan edo kontzentrazio-esparruetan gertatzen zenaz ezagutza zuzenik, burokrazia naziaren automatizazioan engranaje huts bat baino ez zelako. Ez zuen bere kontzientziaren ahotsari belarriak itxi beharrik, hitz errespetagarriekin hitz egiten ziolako.

Aginduak bete besterik ez zuen egin. «Ez nuen sekula ezer ere egin, handia izan edo txikia, Adolf Hitler edo nire nagusien agindu zehatzik gabe». Ez zuen gas-ganbera bat bera ere piztu; berea burokrazia lana izan omen zen, paperak betetzea. Obedientea izatea, txintxo-txintxo jokatzea, hori zen egotzi ahal zitzaion gaiztakeria bakarra. «Ez nuen juduen heriotzarekin harremanik izan, sekula ez nuen judu bat hil, ezta beste pertsona bat ere, judua izan ala ez. Sekula ez nuen judua zen edo judua ez zen pertsona bat hiltzeko agindurik eman. Erabat ukatzen dut hori».

Bere burua «betebehar kategoriko» kantiarraren jarraitzailetzat aurkeztu zuen Eichmannek, baina horrek ez du esan nahi, inolaz ere, intelektual bat zenik. Bere ekintzen ondorioen jabe zen? Bai, kontzentrazio-esparruak eta gas-ganberak bisitatu zituen, SSetako bere nagusiak informatzen zituen milioka gizakiren suntsitze instituzional eta industrialaren nondik norakoen inguruan. Leialtasunez bete zituen agindu denak. Eta Arendtek oso argi zuen: pertsona on eta errukiorraren plantak egiten zituen burokrata hura garaiko kriminal handienetakotzat zeukan. Eta ados zegoen jaso zuen zigorrarekin: urkatzea merezi zuen.

Obedientea da arriskutsua

Eichmann aztertu zuenean konklusio beldurgarri horretara iritsi zen Arendt: gaizkia ez da deabruzkoa. Sei milioi pertsonaren heriotzan parte hartzen duenak ez du zertan munstroa edo psikopata izan. Ez zen pertsona anormala; zu, irakurle, edo ni, letron idazle, bezalako batek, gu bezalako giza jende korrienteak, basakeria handienak egin ditzake. Erotasunik ez zegoen Eichmannegan; epaiketan zehar ikusi zen bezala, gizon lasaia zen, kontzientea.

Gaizkia desmitifikatu zuen Arendtek. Ez da deabruak bereganatu dituenen kontua. Gizakion izaeraz ere hitz egin zigun, aspaldikoa den eztabaida horri, gaiztoak ala borondate onekoak ote garen, ongiarekiko edo gaizkiarekiko tirantza naturala ote dugun, horri beste buelta bat emanez. Sortze beretik onak garela zioen Jean-Jacques Rousseauk; batzuk besteekiko otsoak garela zioen Thomas Hobbesek (homo homini lupus); Arendtek, baina, obedientzia itsuaren arriskuez ohartarazi gintuen; estatu orok dauzkan burokraten armadan beste burokrata automatizatu bat, juzgu etikorik gabekoa, munstro nola bilaka daitekeen.

Eta gonbidapena ere egin zigun: kuestionatu, kuestionatu beti eta edozein zirkunstantziatan.