JONANDER AGIRRE MIKELEZ
ARKITEKTURA

Erreta

Testu hau idazten hastekoa nintzen egun berean jakinarazi dute TAC! Festibalaren pabiloiak eraikitzeko proposamenen irabazleak nortzuk diren eta aitortu behar dut izenburua nire lehen inpresioarekin erabaki dudala. «Aitortu» diot, lehen begiratuan etsipen puntu batekin hartu dudalako proposamena. Ezin errazago utzi didate aukeraketa, Donostiako Saguesen kokatu behar duten pabiloia erretako zuhaitzez egin behar baitute.

TAC! Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioak sustatutako festibala da. Aurreko edizioan –lehena izan zena– Granadan eraiki zuten pabiloia eta bere inguruan hainbat hitzaldi eta bestelako ekitaldi antolatu zituzten arkitektura sustatzearen aitzakiapean. Aurtengoak bi egoitza izango ditu, bata Valentzian eta bestea Donostian, MUGAK arkitektura bienalarekin batera gauzatuko dena urria eta azaroa bitartean.

Irabazleen proposamena ezbehar bat da. Ezbeharraren euskarazko zentzu literalean, esan nahi da, gertatu behar ez den zerbait kokatzen baitu Donostiako punta ikusgarri batean. Pabiloiak azkenaldian ohikoegi bihurtu diren suteetan kaltetutako zuhaitzez gorpuzten den altzairuzko egitura bat proposatzen du, bolumen kubiko batekin. Sinpletasun formal hori arrapala batekin apurtzen da, erdialdean diagonal bat sortuz  eta bertan sortzen da pabiloiaren espazio bildua. Suteen inguruko kontzientziazioa da pabiloiaren ideia nagusia eta aldi berean bere kontraesan nagusia, proposamena bideragarri izateko ezinbestekoak baititu suteak, zenbat eta gehiago hobeto eta zenbat eta hurbilago hobeto, eraikitzeko duten aurrekontua ez baita handia. Norbaitek esan lezake gerta daitekeen onena dela pabiloia eraikitzeko adina sute ez gertatzea.

Pentsatuko duzue esandakoagatik ez zaidala proposamena gustatzen. Ez da horrela. Arkitektura niretzat ez baita gustuko edo ez gustuko duzun zerbait, baden (errealitate, formalizazio, konbergentzia bat den) zerbait baizik, eta horren irakurketa delako gustuko duguna edo ez duguna. Berez, pabiloiak modu oso agerikoan azaleratzen du arkitekturak duen ezinbesteko kontraesan bat gaur egun, are agerikoagoa dena arkitektura sustatzeko egiten diren ekimen hauetan, gehienetan klima larrialdiaren aitzakiapean.

Proposamena ‘El País’ egunkarian agertu ohi diren ‘El Roto’ ilustratzailearen hainbat binetarekin lagunduta aurkeztu dute proiektuaren egile Julia Ruiz-Cabello Subiela eta Santiago Del Aguilak. Esanguratsua da suteen inguruko sei bineta oso egoki topatu izana proposamena ulertarazteko, eta nahiko alboragarriak, tokian kontestualizatzeko idatzi dituzten bi arrazoiak (zer behar), bata azpimarratuz Gipuzkoa Europako baso azalera portzentaje altuenetarikoa duen lurraldea dela eta pabiloiaren diagonala Urgull mendiari begira dagoela ‘hiriaren birika eta sinbolo eskulturikoa’. Esan zezaketen pabiloia kokatu duten lekuan sanjoanetako su handienetakoa egiten dela eta barne espazioa Parte Zaharrera begira dagoela, non sute tragiko batek gaurko Donostiaren genesia hasi baitzuen, baina honek ez du garrantzi handirik. Memoriak ez dira inoiz arkitektoon indargune izan.

Garrantzia emango diote horri dagoeneko proposamena kritikatzen hasi direnek. Twitterren ikusi dira dagoeneko hainbat. Ez nago oso ados. Arkitektura festibaletan sustatzearen oso aldekoa ez naiz, arkitektura ez den beste zerbait sustatzeko pentsatuak daudelako uste dudalako eta gauzak hobetzeko ahalmena izan beharko luketenengatik ardura kentzeko su artifizialak direla iruditzen zaidalako. Hala ere, eta hasierako inpresiotik buelta asko emanda, uste dut pabiloiaren proposamena gustatzen zaidala esan dezakedala.

Aurreko paragrafo batean idatzi dut arkitekturak baduela kontraesan bat klima krisiaren garai honetan, baina ez dut aipatu. Arkitekturak eraikitzearen beharrean du bere kontraesan nagusia eta horren inguruko gogoeta ezinbestekoa dugulako nahi nuke proposatu den pabiloia prisma horretatik irakurri.

Eraiki nahi ez den pabiloia.

Saguesen, eraikuntzarik behar ez duen espazioan.