Kontzertuak
Gogoan dut nire lehenengo kontzertua. Haurra nintzela, Akelarre taldea etorri zen herriko jaietara. Aho zabalik geratu nintzen, 1.000 biztanle inguruko herrian nolako jendetza batu zen ikustean. Urrundik ikusi nuen kontzertuaren zati bat. Soinu eta argi, salto eta dantza, poz eta euforia. Neure buruari agindu nion nagusitan oholtza gainean egongo nintzela. Musikarako, baina, ez dut trebetasun berezirik izan eta publiko modura gozatu ditut hainbat eta hainbat kontzertu.
Lagunekin eskutik helduta kantatzen nuen Ken7ren lehen kontzertuetan. Txapelpunk eta Kaotikorekin, heldua nintzela uste nuen, artean umemoko bat baino ez nintzenean. Berri Txarrak-ekin maitemindu nintzen. Shakira eta The Policen kontzertuak kubritu ditut lanean. Gatiburen kontzertu batean egin zidaten ezkondu aurreko agur-festetako bat. Atzerrian bizi nintzenean Instagrametik jarraitzen nituen Izaroren kontzertuak. Estatu Batuei agur esaten hasi nintzen Coldplayren kontzertu batean eta Euskal Herrira itzuli izana ospatu dut erromeriekin.
Duela egun batzuk, Bob Dylan albiste izan da bere kontzertuetara mugikorrak sartzea debekatu duelako, eta bat nator berarekin. Kontzertuak bizitzeko dira. Dantzatzeko. Momentua gozatzeko. Ahotsa urratzeraino kantatzeko. Salto egiteko. Gure bizitzako une bereziak gogoratzeko eta oroitzapen berriak eraikitzeko. Ezin dut ulertu nola batzuek kontzertu osoa pasatzen duten artistari barik mugikorreko pantailari begira. “Stories”-ak argitaratu eta argitaratu, aurrean duten istorioa %100ean bizi barik. Aurreko ilaretan egoteko hiru egun ematen dituzte kanpatuta, baina gero ez dira gai minutu bakar batez mugikorrak utzi eta kontzertuan barneratzeko. Artistak ere konturatu dira horretaz. Irribarreak ikusten zituzten lekuan flashak ikusten dituzte orain. Eta mugikorrak debekatzen hasi behar izan dute, kontzertuak gozatu ditzagun.
Bizitzaren kontzertuko notak galtzen ari gara. Denbora gehiegi pasatzen dugu aurrean duguna grabatzen. Ez dugu ikusten, ordea, grabatzen pasatzen dugun denbora hori ez dugula berreskuratuko. Bob Dylanek galdera bat bota digu: “Ez al da hobe mugikorreko galeria barik, oroitzapenen galeria betetzea?”. “The answer, my friend, is blowin’ in the wind”.