JURGI FERNANDES OSTOAGA - SALTO TRAINING

Superkonpentsazioaren kontzeptua

Superkonpentsazioaren fenomenoa jarduera fisikoaren eta kirolaren munduan egon garenoi ziurrenik ezaguna egiten zaigun kontzeptu bat da, baina baliteke bere esanahia zehatz-mehatz zein den ez jakitea. Beraz, hau argitu nahi dugu: entrenamendu estimulu espezifiko batek gure gorputzean eragiten duen egokitzapen prozesuari dagokio superkonpentsazioa. Egokitzapen prozesu hau faktore ezberdinen mende dago, eta hauen arteko konbinazio aproposak eragiten du efektu egokia izatea.

Alde batetik, entrenamenduaren fasea dago. Fase honetan gorputzak estres fisiko bat jasaten du, zuntz muskularren apurketa bat gertatzen da eta gorputzaren energia erreserbak gutxitzen dira, beste zenbait efekturen artean. Honek guztiak, erantzun akutu bezala, gure sistema immunologikoari era negatiboan eragiten dio, gure gorputzeko defentsak jaitsaraziz, nekea areagotuz eta gure forma fisikoa murriztuz. Hau da, entrenamenduak gure errendimendua jaisten du hasiera batean.

Bestetik, bigarren fasea dago, errekuperazioaren fasea alegia. Hemen bi faktorek lan egiten dute: atsedenak berak (jarduera ezak) eta elikadurak. Bi faktore hauek funtsezkoak dira errekuperazio on bat izateko eta homeostasi-a (metabolismoaren autoerregulazioa) egin ahal izateko. Atseden eta elikadura egokiek gure glukogeno erreserba berreskuratzen laguntzen dute (energia mailak igoz) eta zuntz muskularren sintesia areagotzen da (indar maila handituz). Laburbilduz, gure errendimendua hobetzen da entrenamendu hori bideratuta dagoen kirol edota jarduerak burutzeko gaitasuna hobetuz eta etorkizunean izan daitezkeen erronkak burutzeko trebezia handituz.

Hala ere, honek ez du esan nahi gero eta gehiago entrenatzeak faktore hau hobetuko duenik, estimuluaren maiztasuna handiegia bada, errendimendua okerrera joango baita, bigarren fasea errespetatzen ez den bitartean.

Beraz, fenomeno honetan bereziki garrantzitsua da estimuluaren dosia neurtuta eta norbanakoari egokituta egotea, kargaren tolerantzia, dentsitatea eta kantitatea ez delako estandarra. Bakoitzak bere ezaugarrien arabera (kirol esperientzia, maila fisikoa, adina, sexua...) dosi konkretu bati erantzuten baitio era egokian, eta horretara moldatzea da entrenatzaileon lana.