JUL. 02 2023 LUMA BERRIEN AZTARNAK Berunezkoa Ilustrazioa: (Kristina Fernandez) Aiert Ordoñez Adarraga Lorik egin gabeko enegarren gaua zen, baina ez bat gehiago. Motxila nuen nire alboan, ahazteko beldurrez. Bizikletan iritsi nintzen. Zortziak laurden gutxiagoan egin nuen igerilekuko atea irekitzeko keinua. Bizkarreko arazoak nituelako hasi nintzen igerian. Gogoko nuen artean lokarturiko gorputza uretan murgiltzea, gauean bere baitan uzkurtutako giharrek beraien tokia hartzea, esnatu berritako luzapen gustagarriaren pare. Hasperenik egin gabe, kloroa dosi txikitan komeni da soilik. Zortzietarako urpean egoteko, ez nuen irratidun iratzargailua goiz jartzen. Nahikoa nuen ordu erdiko tartea arropak jantzi, bezperan prestatutako motxila bizkarrean hartu eta bizikletan igerilekura iristeko. Goizeko loari hamar minutu gehitu nahi izaten nizkion, alferkeria gosaldu. Ingurukoei norbere burua goratzeko gezur horietako bat kontatzen nien: baraurik joatea erabaki kontziente eta osasuntsua zela. Gezur txikiek elikatzen gaituzte. Berotzeko lauzpabost luzeren ondoren eskailera moduko ariketa mailakatu bat egiten nuen. Hamar, hamabi, hamabost, hamabi eta hamar luze; tartean, arnasari buelta emateko minutuko atsedenaldia. Eten horietan ikusten nuen egunero Alex, makuluak lagun. -Egun on! -sorosleari. -Berdin, Alex, egurra tokatzen zaik gaur, ezta? -Luzeak laburtzen saiatuko gaituk! -ironia atsegin zuen Alexek. Bainujantzi beltz bat soinean, gerripean estu lotutako korapilodun soka zuria, txanoa buruan eta txankleta bakarra eskuin oinean. Makuluek iragartzen zuten bere etorrera, sandalia bustiaren hotsarekin batera. Kalerako galtza bakeroek estaltzen zuten ezker hanka metalikoa, eta zapata marroiak, karbonozko oina. Hanka izkinan utzi eta igerilekuaren ertzera hurbildu zen. Lurrean herrena, arraina zen uretan. Tximeleta eta crawl era nahasten zituen, eta ur azalera txikian hartzen zuen arnasa, bere erresistentzia zela medio. -Hori martxa, hori! -nik, zeharka. -Gizakia urtarra duk, gizona! -Hori hiri komeni zaik eta… -arnasari buelta eman ezinik. -Ez duguna nahi izaten diagu, eta nik bazeukaat. -Hik daukak erakutsi beharra, hik, arrainen mundukoa behar huke, ezkatez beteriko azala eta brankia eder batzuk, hire ahoa itxita edukitzeko -pasa nintzen erasora. -Ez duk nahikoa kloro edan, edo gehiegi edan duk! Zur eta lur gelditu nintzen. Lurrean makuluen laguntza ezinbesteko zuenak ura zuen habitat naturala. Igerilekuan ezaguna eta estimatua zen, denek irribarrez ematen zizkioten egun onak. Niri kontrakoa eragin zidan hasieratik, amorrua erraietan hazi eta gorputz osora zabaldu zitzaidan, ia konturatu ere egin gabe. Agerian uzten zituen nire gabeziak. Seinalatua nintzen, errefusaren pare. Askotan kontatzen den istorio horietako bat zen Alexena. Bere mugak gainditu dituen pertsona, gizartearentzako eredugarria, lider bat... Batzuetan, kontua ez da zer sentitzen dugun, zer aitortu dezakegun baizik, moral eta sasi-etikaren belardian. Hasieran jeloskor sentitzen nintzen, ez nuen ulertzen nola jaso zezakeen nik baino agur jatorragorik. Errukiagatik zela pentsatuta lasaitzen nuen barne zaldia. Soka tenkatzen joan zen, eta geroz eta tentsio handiagoa sentitzen nuen igerilekuan ikusten nuenero. Otzana zena bizkortzen hasi eta saltoka iritsi zen, odol zaporea nuen ahoan. Ez zegoen atzera bueltarik. Egunero zen, egunero. Kloro usaina ere amorruarekin lotzen hasi nintzen, eta nire egia zurrunenak pitzatzen hasi ziren, lokartzea ezinezko bihurtu arte. Gorputza itzalitakoan pizten zen burua. Zerbait egin behar nuen. Igerilekura joatea astun egiten hasi zitzaidan, izarek bularra estutzen zidaten, eta jaikitzea gero eta nekezago egiten. Ostiral batean urkatu nuen errutina zorrotza. Nik ez, Alexek akabatu zuen, ez nintzen nire kabuz sekula horretara iritsiko. Erabakia hartua nuen. Berunezko lastak eramango zuen bere egoa hondora. Igerilekuko alde sakonean itxarongo nuen, eta bertara iristean lotuko nizkion bi eskumuturrak berunari. Aquagymeko jubilatuen zarata nahikoa izango zen bere aparra itzal zedin. Sinplea eta eraginkorra. Telebistan ikusi nuen nonbait, baina ez naiz oroitzen non. Badator Alex poz-pozik igerilekura. Zatoz, bai, zatoz epelera. Laster ezkatez beteko zaizu azala, gorpua brankietatik tiraka uretatik ateratzean. Idazleari buruz... Aiert Ordoñez Adarraga (Donostia, 1989) hezitzailea da eta esparru formal zein ez formalean ibili izan da kolektibo desberdinetan. Bertsolaritzak piztu zion sorkuntzarako sugarra, ahoz zein idatziz. Euskara eta kultur sormena ardatz, hezkuntza gizartea eraldatzeko tresna bezala ulertzen du.