7K - zazpika astekaria

Erritmo zirkadianoak eta atsedena


Erritmo zirkadianoak egunean zehar ziklikoki gertatzen diren fase batzuk dira, eta funtzio fisiko zein psikologikoak erregulatzen dituzte. «Zirkadiano» hitzari erreparatuz, circa (ingurua) eta diem (eguna) hitzek egunean zehar gertatzen diren ekintzei erreferentzia egiten diete.

Fase ezberdinen erritmikotasun hori bi osagai dituen “barne erloju” batek gidatzen du: bat gorputzaren erdian kokatuta dago, hipotalamoa. Bestetik, periferikoa dugu, gorputzeko ehun eta organo gehienetan aurkitzen dena, muskulu-eskeletikoa hain zuzen ere. Erloju zirkadianoa hiru zatitan antolaturik dagoela esan genezake. Alde batetik, sarrera, non organismoak ingurumeneko seinaleak jasotzeko hartzaileak dituen eta seinale hauek osziladore zentralera garraiatzen dituen. Aipaturiko osziladore zentralean denbora zirkadianoa mantendu eta erritmoa ezartzen da eta, azkenik, irteeran, erritmoa hainbat prozesu fisiologiko eta metabolikoren kontrol gisa adierazten da.

Erritmo zirkadianoak, hortaz, gure atsedena edo lo-orduak erregulatzen laguntzen diguten erritmo biologikoak dira. Normalean, argitasun eta iluntasunarekin lotu edo sinkronizatzen dira; hortaz, argia dagoenean esna egoten gara eta ilun dagoenean lo egiten dugu, kasu normaletan. Esaterako, errelebotan lan egiten duten pertsonek erritmo hauek oso nahastuta izaten dituzte, eta normalean loaren kalitatea okerragoa izaten da. Esaterako, bidaia luze batean hainbat ordu-tarte igarotzen ditugunean jet-lag izenez ezagutzen den nahasmena agertzen da, aipaturiko erritmo hauetan aldaketa esanguratsuak sortuz.

Gainera, hormonen ekoizpena ziklo zirkadianoekin oso loturik dagoen gaia da. Ikerketetan ikusi denez, hazkuntza-hormona eta tiroidea estimulatzen duen kortisola loaren fase batzuetan jariatzen dira. Hortaz, melatonina iluntasunarekin aktibatzen da, eta gure gorputzean logura sortzen du. Bestetik, gorputza aktibatzen doanean badakigu kortisol hormonaren maila igotzen ari dela.

Badakigu atsedena egunerokotasunean osagai nagusi bat dela. Baina argi dago edonolako atsedenak ez duela balio. Aipaturiko erloju biologiko honen erritmoari jarraitzea oso garrantzitsua da, gure gorputza osasuntsu mantentzeaz gain, gaixotasunak saihesteko eta behar ditugun lo-orduak era egoki eta efizientean betetzeko.