JUL. 16 2023 IRITZIA Agintekeria Amagoia Mujika Ez naiz ondo moldatzen txakurrekin. Beldurra diet eta haiek segituan konturatzen dira. Umetatik gertu izan ditut, baina ez gara ondo moldatzen. Beti pentsatzen dut nahi izanez gero, gogoak ematen badie, min handia egin dezaketela. Mina egin dezakeenak burua argi izan behar du, gaitasun hori noiz eta nola erabili garbi izateko. Horregatik segur aski, ez naiz fio txakurrekin. Ingurukoek mila aldiz esan didate txakurra animalia leiala dela, ez duela eraso egiten besterik gabe, egoteko lasai. Urteen joanean, pixka bat baretu zait beldurra, lortu dut disimulatzea, baina txakur bat inguruan denean, ez naiz lasai-lasai egoten. Berdintsua gertatzen zait agintea dutenekin. Ez naiz fio haien boterea ondo erabiliko ote duten, neurriz eta norabide egokian. Ez da beldur arrazionala, inguruan ikusitakotik eta ikasitakotik etorritako beldurra da. Agintea izatea ardura handikoa iruditzen zait. Zure erabakiek eta ekintzek besteen gainean eragina dutenean, beste bizitza batzuk hobetzeko edo okertzeko gaitasuna dutenean, tentuz ibili behar da. Gogoan daukat herri inguruan merkatalgune bat zabaldu zutenean. Inguruko lehenengoa. Nerabeak ginen gu eta pozik joan ginen berritasun hura gertutik ikustera. Han ikusi genituen lehendabiziko “seguratak”. Eta harridura eta barre tartean ikusi genituen gizonezko ezagun zenbait, uniformez eta borraz. Ez ziren herriko argienak eta ez zitzaigun oso lasaigarria iruditu haiei boterea ematea. Finean, uniforme batek eta borra batek boterea ematen dute, beste norbait astintzeko lizentzia. Ez luke edonoren esku egon behar. Irakasleak ere badatozkit gogora. Ikasleen ongizatean parte handia daukate, onerako eta txarrerako. Gauza ederra da ikasleak esku onetan daudela sentitzea, irakasleak haien gainean daukan eragina mesedetan dela sentitzea, neska-mutikoen ongizatea lehen lerroan dagoela sentitzea. Horren guztiaren kontrakoa ere gertatu daiteke, eta horrek egonezin latza sortzen du. Ba bai, agintea eta boterea izatea ez zaizkit tentagarri. Horiek izatea ardura handiko lana iruditzen zait, egoki eta justiziaz erabiltzeko hautua egiten bada gutxienez. Miresten ditut politikan zintzo dabiltzan lagunak, hezkuntzan azala uzten duten hezitzaileak, herritarren zaintzan tematuta dauden uniformedunak. Miresten ditut agintea eta boterea herritarren bizitzak hobetzeko erreminta gisa ulertzen dituztenak. Tamalez, gehiago ikusten da agintekeria. Gehiegi. Eta agintekeriaren aurrean herritarra gerizperik gabe geratzen da, babesik gabe, arrisku betean. Eta nik oraindik beldurra diet txakurrei. Tener autoridad y poder no me tentan. Que sean ellos me parece un trabajo de mucha responsabilidad, al menos si se hace para utilizarlos correctamente y con justicia. Admiro a quienes entienden la autoridad y el poder como para mejorar las vidas de los ciudadanos.