Jon Urzelai Garrido - Salto training
KIROLA

Elektroestimulazioa, zer da eta zertarako balio du?

Elektroestimulazioa lesioak errehabilitatzeko eta muskuluak sendotzeko erabiltzen den teknika eraginkorra da, egun entrenamendu munduan asko erabiltzen dena. Teknika honen bitartez, ezaugarri bereziko estimulu elektrikoak aplikatzen zaizkio pazienteari.

Mekanismo honek muskuluak estimulatzen ditu; izan ere, bere helburua elektrodoen artean dagoen muskulua estimulatzea da. Prozesu horretan, programa ezberdinak erabil daitezke. Horien artean, prestakuntza fisikoa, errekuperazio-masajeak, minaren kontrakoak, errehabilitazioa edo fitness programak. Betiere, kontuan izan behar dira kirolari edo pertsonaren ezaugarriak eta patologia. Horregatik, pertsonaren eta bere helburuen arabera, elektrodoak landu nahi den muskuluan ezarriko dira eta zona horretan eman nahi den intentsitate korronteak aplikatuko dira. Hemen, bi fase ezberdindu ohi dira: bata, kontrakzio-fasea, eta bestea, deskarga-fasea.

Lehen aipatu bezala, gaur egun asko erabiltzen den mekanismoa da, batez ere lesioak jasaten dituzten kirolari eta pertsonekin. Gehienbat, lesioen hasierako faseetan erabiltzen da, azken finean, lesio baten ostean muskulua atrofiatuta edo immobilizatuta geratzen delako. Ondorioz, nahiz eta muskulua immobilizatuta egon, gailu honekin muskulua kontrakzioak jasotzeko kapaz izaten da; hau da, egin genezakeen indar lana gailu honek “ordezka” dezake. Honenbestez, muskulua korronteen bidez estimulatzen da eta sendotzen hasten da pixkana-pixkana.

Bestalde, gaitasun fisikoak hobetzeko ere balio du, eta goi errendimenduan asko erabili ohi da, kirolarien errendimendua hobetzeko helburuarekin, noski. Errekuperazio faseetan ere baliagarria da. Argi izan behar dugu, pertsona bakoitzak behar batzuk dituela eta honenbestez, erabili behar genukeen programa, bat edo beste izan beharko litzatekeela. Korronteen intentsitatea ere programaren arabera aldatu egiten da, eta pertsonak toleratzen dituen korronte estimulazioekin probak egin beharko genituzke, muskulua ohitzen hasi arte.

Laburbilduz, esan genezake egun ezinbesteko mekanismoa bilakatu dela, entrenamendu munduan ematen dituen erraztasun eta onurengatik. Horrez gain, erabiltzeko erraza da eta, behin tresna nola erabiltzen den jakinda, edonork erabili ahalko luke.