JUL. 23 2023 ERROMESEN ATERPEA Donejakue bidea Nafarroan Donejakue bideak sona handia du mundu guztian. Frantses bidea delakoa da ezagunena. Ehunka erromes ibiltzen dira egunero, milaka urtero, 60.000 ibiltari inguru, turismo etxeen arabera. Fede kontuengatik, gutxi batzuk; erronka gisa, besteak; eta asko, gehienak, euren bizitzan eten bat egin eta hausnarketa epe moduan. Erromes oldeak aberastasuna ekarri du Garazi, Auritz, Erroibar eta Esteribar aldera, baina neurrian, Nafar Pirinioak udako turismo toki masifikatu bilakatu gabe. Erreportajea abiatzen duen orrian, Francisca eta bere lagunak, Biarnoko Paue hirikoak, Bizkarreta-Gerendiain herrian, Erroibarren. Sarri egiten dute Donejakue bidea, eta Gardeko Otal familian dute jatorria. Argazkiak: Andoni Urbistondo Andoni Urbistondo Donejakue zeharkaldiko bide “frantsesak” Donibane Garazi eta Galiziako Compostela hiriburua lotzen ditu 800 kilometroko tartean. Fede kristauko erromesak Erdi Aroaren ondoren egiten hasi ziren bide ezaguna da. Mende batzuk pasatu dira bidea eta bere oihartzuna zabaltzen hasi zirenetik, baina Donejakue bideak munduko erromes bide garrantzitsuena izaten jarraitzen du oraindik. Erromes asko Baionako tren geltokian elkartzen dira, handik hurbiltzen baitira trenean Garaziraino, hegazkinean Biarritzera iritsi ondoren. Lapurdiko hiriburuan bertan jabetzen dira Donejakue bideak daukan arrakastaz, Garazira daraman trena lepo beteta baitoa astelehen buruzuri batean. Udaberria izaten da erromes gehien erakartzen dituen urtaroa, eta Garazin geltokitik hiri barnerako bidea hartu dute 75-100 lagun inguruk. Garazin erromes guztiak hiriko zitadelan dabiltza. Han dago erromesaren etxea, boluntarioek kudeatzen duten zerbitzua. Egunero 400 lagunen zalantzak argitzen dituztela dio langile batek, eta Garazitik abiatuta iaz 55.000 lagunek osatu zutela Donejakue bidea. Pandemia aurreko urtean kopuru hori are handiagoa izan zen: 70.000 lagun. Garazi erromesei begira bizi da urteko hilabete askotan, gotorlekuko harbide estuetako zerbitzu gehienak erromesen beharrei begira baitaude: ostatuak, jatetxeak, dendak… Hizkuntza nahasketa ere handia da kale kantoietan: Korea eta Japoniakoak, ingelesa, portugesa, alemana, frantsesa, gaztelania, euskara… Bixente Egiazabalen La Coquille Napoleon ostatua, Garazin. Argazkian Japoniako Takae, AEBetako Tennessee-ko Mike eta Jason, eta Australiako Bella agertzen dira. Garazin, Ezterenzubira daraman bidegurutze ondoan hasten da Donejakue bidea, zitadelako hegoaldean. Seinaleztapena bikaina da, seinale horiak edonon daude, eta galtzea ezinezkoa da ia-ia. Erromes asko dira, lehen etapan galdu samar sumatzen direnak, baina euren ezjakintasuna edo eskarmentu faltagatik. Donejakue bideak badu halako bide eroso, soil, errazaren sona, batez ere Iruñea igaro eta Galizian sartu arte. Uste hori ez da gezurra, Iruñetik aurrera igoerak ez direlako gogorrak, eta terrenoa, aldiz, lau samarra. Garazitik Iruñera iristeko, ordea, Nafar Pirinioak pasatu behar dira ezinbestean, eta jatorrizko bidea oso gora igotzen da, 1.410 metroraino, hain zuzen ere, Lepoeder kaskoan. Garazi 200 metro eskasera dago, eta 1.200 metroko desnibela libratu behar da lehen egunean. Erromes asko ezinean antzematen dira Garazitik abiatu eta berehala, 15-20 bat kiloko motxilatzarrak eraman ezinik, 100 metroz behin arnasa hartzeko geldialdiak egiten. Oinetakoei erreparatuta ere, askok oinetako nahiko justuak daramatzate pista eta mendi bideetan barrena ibiltzeko, batez ere lokaztuta edo bustita badaude. Erratzeko beldurrik gabe esan genezake erromes asko prestakuntza egokirik gabe abiatzen direla Garazitik. Donejakue bidea, baina, lasaitasuna, sor daitezkeen arazoetan ez pentsatzea ere bada; hausnarketa, norberaren barne bidaia, presarik gabeko jarduna, eguna non bukatuko den ez jakitea… Erromes etxeko bulegoa jendez mukuru. La Coquille Napoleon ostatua Garazitik kilometro erdira dago (ostatuan Kokille izena agertzen da). Bixente Egiazabal da ostatu zaindaria, 70 urteko baxenabartarra, eta jakintza handia du erromesen inguruan. Napoleon bertatik igaro zelako deitzen omen zaio bideari pertsonaia historiko horren izenarekin. Betea du ostatua, baina apirilean jende gehiago pasatu zela dio: «Eguraldiak asko baldintzatzen du erromesaren pasa hemen. Lainoa, euria sumatzen badu, ez da irteten». Urteak daramatza erromesei aterpea ematen, eta haien erradiografia azkarra egin du: «Koreako jende asko dator azkenaldian, amerikarrak ere bai. Tonto samarrak dira horiek. ‘The Way’ pelikula ikusi eta bideari buruz dena dakitela uste dute, baina ez da hala». Bixentek zintzo dio Donejakue bideak bere jatorrizko zentzua galdu duela urteen joan-etorrian: «Kutsu erlijiosoa zeukan antzina, baina orain gutxi dira bidea arrazoi horregatik egiten dutenak. Ahalegin, erronka pertsonala da egun motibaziorik handiena». Hamalau lagun daude ostatuan. Bixentek ez dauka toki gehiago. Ilunabarrean munduko lau txokotako erromesak elkartu dira mahai handi baten bueltan: Takae irakasle japoniarra, Bella gazte australiarra eta Tennesseeko bi estatubatuar: Mike eta Jason. Takaek espainiera ikasi nahi du, eta ez du data mugarik bidea osatzeko. Bellak bezala. 29 urterekin bere bizitzan break bat egitea erabaki du, eta lasai da ostatuan, Australiako Perth hiritik Paris eta Biarritzeraino egun osoa hegazkinean igaro eta jet-laga nola edo hala gainditzen. Bi estatubatuarrek “The Way” filma ikusita erabaki zuten Garazira etortzea. AEBetan Donejakue bidearen tamainako hike trail, zeharkaldi luze asko omen dituzte, eta Europako zeharkaldi bat egitea erabaki zuten. Denek Compostelaraino iristeko asmoa dute. Estatubatuarrek, 35 bat egunetan. Bellak eta Takaek ez dakite noiz iritsiko diren, ez baitute lanera bueltatzeko berehalako premiarik. Terry, Casey bikotea, eta Olipha eta Jack semeak (azken hori organ sartuta), Elhursaro lepora bidean, lainopean. LEHEN EGUNA, DENETAN GOGORRENA Lehen eguna da Donejakue bideko egunik gaiztoena. Nafarroa Beheretik Nafarroa Garaira pasatzeko oso gora igo behar da, Lepoeder kaskoko 1.410 metroraino, hain zuzen ere. Garazitik zazpi kilometrora Orisson aterpea dago, toki estrategikoa 800 metro pasatxora. Gorantz jarraituz gero, ostaturik ez dago Orreagaraino (18 bat kilometro), eta erromesak ondo pentsatu behar du non geratu, Orisson atzean utzi baino lehen. Ez dira asko lehen etapan Garazitik Orreagaraino joaten direnak, gehienen erritmoa oso apala baita. Motxila eta erromesa bera Orreagaraino eramateko taxi zerbitzua eskaintzen dute Garazin, eta negozio emankorra omen da. 8 euro ordaintzen dira motxila garraioagatik, eta 54 euro pertsona bakoitzeko. Taxiak Ibañeta lepoan barrena iristen dira Orreagara. Garazitik Orreagara bertatik ere joan daiteke oinez, segurtasun arduradunek neguan Lepoeder-ko bidea itxi eta Ibañetakoa irekitzen baitute, eguraldi txarragatik (1.057 metrora dago Ibañeta, Lepoeder baino dezente baxuago dago). Ez dira gutxi izan azken urteetan Lepoeder kasko inguruetan lainoarekin edo eguraldi txarrarekin galdu eta gorriak ikusi dituzten erromesak, larrialdi zerbitzuei esker aurrera egin behar izan dutenak. Olivier belgikarra, behinola erromesa, egun Larrasoañako Amari ostatuko jabea, Australiako Jonathanekin. Jonathanek 11 aldiz osatu du, dagoeneko, Donejakue bidea. Lainopean, ilun bistan ia, bidea egiten edo bestelako kausaz hil zirenen oroimen harrespila eta plaka ugarik bereganatzen dute ibiltariaren arreta, denak opari edo oroitzapen objektuez zipriztinduta. Elhursaro lepotik gertu Australiako familia bat agertu da gure aurrean bat-batean, mamu ikusezinak balira bezala. Terry da aita, Casey ama, eta Olipha eta Jack 7 eta 4 urteko semeak. Terryk arrastaka darama Jack txikia dagoen gurdia, eta motxila handi-handi bat bizkarrean. Casey emazteak beste maleta bat darama arrastaka. Iraganean gaixotasun larri bat gainditu zuela dio Casey-k, eta herio hartatik libratu zuenari, edo libratzen lagundu zionari eskerrak emateko etorri omen da familia osoa Donejakue bidea egitera. Zeharkaldia 35 bat egunetan osatu nahiko lukete, eta meritu itzela dute, ia-ia etxea baitaramate bizkar gainean. Fedea beste ezer baino indartsuagoa zela esan zuen norbaitek aspaldi. Akaso Australiako laukote horren balentria ikusi zuen esan horren egileak bere pentsamenduan. Tarteka maiteminak jota, despistatu samar doazen bikote batzuei bidearen norabidea argitzeko beharrean izan gara, seinaleztapena bikaina izan arren. Eguartean Mixel Egozkueren furgoneta zurira iritsi gara. Arnegikoa da Mixel, laboraria, baina udaberrian eta udan elikagai goxoak eta edariak eskaintzen ditu Bentarteko lepotik gertu. Bere etxaldean ekoitzitako gasna goxoa, besteak beste. Goizez behar egiten du, «bederatzietan hasi eta ordu bata arte, ondoren azienda zaindu behar baitut Arnegin». Mixelek orduak pasatzen ditu 1.100 metrora, eta egun askotan tenperatura apalekin: «Honat iristen naizenean, haizearen norabidea aztertzen dut aurrena, haizea datorren tokian furgoneta jarri eta babesean egoteko». Salmenta guneak araututa daude. Mixelek furgoneta jartzeko hitzarmena dauka Garaziko eskualdeko agintariekin, eta lortutako irabaziekin ere zergak ordaindu behar dizkio Frantziari. Ibiltari ilarak, Garaziko erromesaren bulegoan. Bentarte leporaino asfaltatuta dago pista, baina ondoren pista mendi bidea bilakatzen da tarteka. Putzua eta lokatza pausoka agertzen dira, eta Australiako familiarekin gogoratu gara, tarte honetan komeria franko izango dituztelako bi gurditxoekin aurrera egiteko. Lepoeder kaskora iristea nekeza egiten da, baina handik paradisua, atsedena dastatzen, usaintzen hasten da erromesa: 3.5 kilometro baino ez dira geratzen Orreagara. Lehen etapako zati teknikoena da, xenda malkartsua tarteka, eta erromesek tentu handiz osatzen dutena. Zorua heze dagoelako, eta hanka zuztarrak zukutu samar, ordurako. Orreaga, Donejakue bideko bihotz eta arima. Donejakue Bideko gune arkitektoniko aberatsenetakoa da Orreaga, eta garrantzi estrategiko handikoa. Pirinioetako magalean sortua, erromesen zaindaria izan da mendeetan, eta bide osoko erromes ostatu handienetakoa dauka, 200 oheko aterpe gaitasunarekin. Hainbatentzat Orreaga izaten da bideko abiapuntua, lehen etapa gogorra, Lepoeder kaskoa saihestuz. Donejakue bideak izan duen bilakaeraren lekuko, aterpean ostatu erdiak 30 euro balio du (afaria, ohea eta gosaria), baina ondoan dagoen hotel eta jatetxean diru zorroa askoz gehiago astindu behar da. Erromesak bezala, turistak ere trumilka iristen baitira Orreagara. Asko Iruñean ostatu hartuta, lau izarreko hoteletan. Kolegiata bisitatzen dute, Donejakue bideko kilometro gutxi batzuk egin, eta bazkari oparoa egin ostean hiriburura bueltatzen dira autobusean Iruñean arratsalde pasa egiteko. Erromesak baitaude bidean, baina baita erromes turistak ere. Gaztelaniaz hobeto ulertzen da azken horiei nola esaten zaien: turigrino, peregrino-ren ordez. Baionatik Garazira doan trena, jendez lepo, Garaziko geltokian. Orreagatik gertu, bi kilometrora, Auritz dago, eta han, Loizu ostatuan, erromes afari bikaina eskaintzen dute 12 euroren truke. Porru eginda dagoen erromes edo ibiltariaren platera bigarrenez betetzeko batere komeriarik ez dute, gainera, zerbitzariek. Lo potzolo egin ondoren, goizean goiz Auritzeko errepide nagusia iparretik hegora zeharkatzen ari diren dozenaka erromes ikus daitezke ostatuko leihotik. Bigarren etapa oso polita da. Auritz, Aurizberri, Mezkiritz, Bizkarreta-Gerendiain eta Lintzoain igarotzen dira, Zubiri Esteribar bailarako hiriburura iritsi aurretik. Belaze zabal eta berdeak alderik alde, batzuetan, eta baso benetan dotoreak, bestetan. Buen camino! hitzak entzuten dira tarte honetan etengabe, atzerritarrek bigarren egunerako ikasten dituzten hitz magikoak. Donejakue bideak Auritz, Erroibar eta Esteribar bailarak aberastu ditu nabarmen. Erromesen etorrerak ostatu, jatetxe eta bestelako zerbitzuen handitzea ekarri du, eta horrek bizitza eman dio biztanleriaz larri samar dabiltzan paraje ikusgarriei. Oso deigarria da Miguel tabernaren kasua Bizkarreta-Gerendiainen. Mezkiritz jaitsita iristen da parez pare erromesa gune horretara, eta terrazak eta tortilla usainak geratzera behartzen dute ibiltaria ezinbestean. Tarte batez, ibiltariak Nashville-era, Country musikaren sehaskara jauzi egiten du (Tennessee, AEB), musika hori entzuten baita terrazan ozen. Zerbitzariak apenas du kazetariaren galderak erantzuteko astirik, eskaera guztietara iritsi ezinik. Salneurriekin ere komeria franko du, bi kaferengatik hiru euro eskatu, eta bezero estatubatuarrek kafe bakoitzagatik hiru euro eman nahi dizkiolako. Kafe batengatik euro eta erdi bakarrik eskatzea guztiz ulertezina baita, bere etxean askoz gehiago ordaintzen duenarentzat. Bizkarreta-Gerendianen Paueko hirukote bat ezagutu dugu, Francisca eta lagunak. Nafarroako jatorria dute, Gardeko Otal familiakoa, hain zuzen ere, eta Erronkari bailaran transhumantzia egiten duten artzain baten familia ere ba omen dira. Lintzoainen gora erromesak arnasa estututa sumatu ditugu. Erro gainera iristeko kilometro pare bateko aldapatxoa libratu behar da, eta Orreagatik abiatu direnen hankak kexatzen hasiak dira dagoeneko, 15 bat kilometroko zamarekin borrokan. Erro mendatean, baina, bizipoza daukate zain: Fermin eta bere salmenta txokoa. Orisson aterperantz daraman seinaleztapena, lanbropean. Lehen eguna gogor samarra da fisikoki. «EZ DAUKAGU TURISMO MASIFIKATURIK» Fermin iruindarra da, baina hamalau urte daramatza dagoeneko udaberrian eta udan Erro mendatean lanean. Bi furgoneta erosi eta han jarri zen pintxoak, errazioak, barratxoak, freskagarriak eta beste saltzen, eta kontent da hautatu zuen bizimoduarekin: «Iruñean egiten nuen lana, burdindegi industria batean, baina ez nengoen gustura: ordutegiak, produzitu beharra, dena presaka…». Lan hura utzi eta Nafar Pirinioetara egin zuen. Lanordu asko sartzen ditu egunero, sei-zazpi hilabetetan, baina epe horretan ateratzen duenarekin urte osoan moldatzen omen da: «Sosak baino gehiago betetzen nau bizimoduak. Lanordu asko dira, bai, 9-10 ia egunero. Hala ere, nire martxan, gustuko dudan txokoan, eta jendearekin harreman handia edukiz une oro». Izan ere, dozenaka anekdota kontatzeko ditu Ferminek, hamarkada eta erdiko aroaren ostean: «Zerbitzu publiko baten parekoak garela esango nuke. Saltzeko gaude, baina laguntzeko ere bai. Jendeak informazio asko eskatzen digu: zenbat geratzen den herri honetara, nondik joan, taxi bat eskatu, eguraldia… Edota anbulantziari deitu norbaitek istripuren bat izan duenean». Eta mutiletan edo nesketan egiteari buruzko sonaz zer? Ligoteorik ba ote da Donejakue bidean? «Noski badagoela, eta asko», dio zintzo Ferminek. «Zenbaezinak dira bidean sortuko ziren bikoteak edo lagun kuadrillak. Kontuan izan, gutxi-asko, erromes gehienek batera hasi eta batera edo hurbil samar bukatzen dutela bidea. Egunero elkar ikusten dute, eta horrek azkenean halako lotura berezia sortzen du». Ferminek gizon estatubatuar bat eta Koreako emakume bat batu zituen pasadizoa gogora dakar: «Eguraldi txarra sartu zen bat-batean, haize bortitza. Koreako emakumea pisu gutxikoa zen, eta AEBetako gizona, aldiz, handikote samarra zen. Emakumea babestu zuen, haizeak airean eraman ez zezan, eta ondoren bide osoa elkarrekin egin zuten». ermin eta bere salmenta postua, Erro gainean. Duela hamalau urte utzi zuen lana, Nafarroako hiriburuan, eta askatasun gehixeago eman dion jarduna egiten du. Erroibar eta Esteribar bailarek Donejakue bidearen ondorioz izan duten eraldaketari buruz ere galdetu diogu Fermini, eta aho bizarrik gabe erantzun du zerbitzuak nabarmen handitu eta hobetu direla, «erromes kopurua handia delako». Garbi utzi du, dena den, erromesek Nafar Pirinioak ez dituztela Mediterraneoan sona hartu duten resort edo gune turistiko masifikatua bilakatu: «Zenbaitzuk pentsatu izan dute Donejakue bidearekin bizpahiru urtean aberastuko zirela, ostatu erraldoiak eginez eta beste, baina errealitatea beste bat da. Nafar Pirinioetara jende asko etortzen da Donejakue bidea egitera, baina salbuespenak salbuespen, ez dira beste turismo gune masifikatuetakoak bezalakoak». Erromes gehienek Zubirin ostatu hartzen dute bigarren gauean, eta handik Iruñerako bidea egin hirugarren etapan, 18-19 kilometro erraz. Zubiritik Larrasoañaraino joatea ere txarra ez, biharamunean Iruñera azkarrago iristeko (bost kilometro eskas). Zubiri eta Larrasoaña arteko bidea arratsaldez, nekatu samar zaudenean egitea komeni da, ziur aski Nafarroako Donejakue bideko zatirik itsusiena Magna enpresa erraldoia inguratzen duena izango baita. Magna atzean utzi ostean Larrasoañan halako oasi bat topatuko du erromesak: Amari denda, taberna. Olivier belgikarrak kudeatzen du, eta txoko hartan edonor indarberritzen da. Donejakue bidean urteak irauten duten laguntasun edo harreman sendoak sortzen dira, erromes askok bideko etapak batera egiten baitituzte. Argazkian, erromesak Mezkiritz mendatera iristear. Ardo botila baten bueltan Geraldine eta Jonathan anai-arreba australiarrak batu dira. Jonathan 11. aldiz ari da Donejakue bidea egiten, eta Geraldine arreba lehen aldiz etorri da paraje hauetara. Donejakue bideak sortzen duen liluraz mintzatzen dira solaskideak. Jonathanek dio 11. ekinaldia duela, baina ez dela azkena izango, egunerokoan jarraitzeko arnasa baita berarentzat camino-a, bere aberrira bueltatu aurretik. Olivierrek kudeatzen duen taberna erromesek ekarritako banderek hornitzen dute, eta haien gainean mezuak idazten dituzte ibiltariek. Olivier berak ere 11 aldiz osatu du bidea, eta urri-azaroan berriro egiteko asmoa dauka. Belgikarra da jatorriz, eta han politika arloan lan egin zuen, giro hartaz nekatu eta Larrasoañara iritsi zen arte. Bidean, esperientzia aberatsak izateaz gain, emaztea ere ezagutu zuen, San Petersburgoko emakume errusiarra. Teologiaz eta espiritualitateaz mintzatzen da sarri Olivier, bideak gure barnean egunerokoan bilatzen ez duguna lortzen laguntzen digulakoan. Garbi dauka bere etorkizun hurbila Nafarroan pasatuko duela, Donejakue bidearekin lotuta. Ostaturen bat erosi nahi luke, bere familiarekin Nafarroan egonkortzeko. BIDEMINA, BUKAERAN Azken eguna, Larrasoañatik Iruñera, hiru orduko paseotxo erosoa da. Bidean azken bi egunetan ikusitako kide batzuk ikusi ditugu, “Irati” filma gomendatu diogun Floridako bikotea, adibidez. Zuriain, Arre eta Atarrabiara iristearekin bat, bidearen bukaera gertu dagoela sumatzen du erromesak, eta bidemin apur bat sentitzen hasi. Donejakue bideak lotu egiten baitu ibiltaria, harremanak sendotu, elkar ezagutza hauspotu, oharkabean. Noizbait bueltatzeko gogoarekin bukatzen da Donejakue bidean egindako lehen sartu-irten azkarra! Garazi lepo betetzen da udaberrian. Donejakue bidea 60.000 lagun pasak abiatzen dute urtero Nafarroa Behereko hiriburutik.