7K - zazpika astekaria
KIROLA

Tourraren eragina Euskal Herrian


Gaur amaituko da Tourra eta aurtengoa euskaldunok bihotzean gordeko dugu betirako. Izan ere, gure errepideetan zehar igaro da lehenengo hiru etapetan. Argi dago euskaldunok kirol honekin maitasun istorio bat dugula, mundu osoko errepide bazterrak laranja kolorez eta ikurrinez betetzen baititugu karrera bat dagoen bakoitzean.

Baina munduko lasterketa famatuena gure artean izateak ere eragin ditu euskaldunon kritikak. Horien guztien oinarria arlo ekonomikoa izan da, 12 milioi euro inbertitu baitituzte euskal erakundeek. Inbertsio horren ondorioz itzulkin ekonomiko bat izatea espero da, Euskal Herriaren inguruan sortutako irudi kanpainak turismoa bultza dezake eta (bai turismo orokorra, bai bizikletaren inguruko turismoa); izan ere, Tourra gure artean izan den bitartean, hotelak gainezka egon dira. Gainera, txirrindulari lizentziek gora egin lezakete, euskal bizikleten salmenta (Orbea eta BH…) ere areagotu daiteke…

Baina kirol arloak ere erremina eragin du. Tourrean euskal txirrindulariak ikusi nahi ditugu, baina… gure harrobia zaintzen dugu? Erantzuna… ez! Aurten kategoria ezberdinetako zenbait proba bertan behera gelditu dira faktore ekonomikoak oinarritzat izanik, Beasain, Eibar edo Asteasu esaterako, Tourrean hainbeste milioi gastatu ditugun bitartean.

Kirol munduan, gorengo mailara iritsi ahal izateko, milaka ordu inbertitu behar dira. Txirrindularitzan, erresistentzia kirola denez, faktore fisiologikoak dira errendimenduaren oinarri. Horregatik, eguneroko entrenamenduak berebiziko garrantzia du. Baina, argi dago, faktore hauek benetan trebatu ahal izateko, lehiaketak ezinbestekoak direla. Gainera, lasterketak, ikasteko eta hobetzeko baliagarriak dira, non txirrindulari bakoitzak entrenamenduaren bitartez lortutako maila erakutsiko duen. Zenbat eta lehiakortasun handiagoa izan, orduan eta maila altuagoa lortuko da. Gainera, taldeko rolek garrantzia hartzen dute (liderra, esprinterra, laguntzailea…), estrategiak baliatzen ikasten den unea da (bestearen gurpilean jarri, erritmoa areagotu, erasoa sortu…). Hortaz, argi dago euskal txirrindularitza bultzatu nahi badugu, gure harrobia zaindu beharko dugula.