7K - zazpika astekaria
ALPINISMOA ETA OREKA EMOZIONALA, ETENGABEKO BORROKA
Interview
Edurne Pasaban
Alpinista

«Etxean bakartasun bat sentitzen nuen, mendian sentitzen ez nuena»

Edurne Pasaban (Tolosa, 1973) alpinistak Mendi Film Festival-eko WOP saria jasoko du aurten. Hamalau zortzimilakoak igotzen lehen emakumea izanagatik baino, «bere baloreengatik» eskaini nahi izan diote saria, eta hori «ardura» handia da beretzat. Mendian aurkitu izan du etxean falta zitzaion zoriontasuna, eta, borroka luze baten ondoren, onartu du orain orekan dagoela, goi mendia faltan botatzen duen arren.

1279_pasaban_14 (Maialen Andres | FOKU)

Oporretarako bidean Edurne Pasaban alpinista harrapatu du 7K-k. Mendiarekiko zaletasunaz eta maitasunaz, gizarteak ezartzen dituen mugez, erronkez, amatasunaz, depresioaz… Gai bat bera ere ez du saihestu tolosarrak. Erronkak gustatzen zaizkio, beharrezkoak iruditzen zaizkio bizitzan aurrera egiteko. Hamalau zortzimilakoak bukatzea izan zen bere bizitzako jomuga bat, eta gailurra egiten lehenbiziko emakumea izatearen balentria erdietsi zuen. 2001ean egin zuen lehen gailurra Everesten eta 2010ean, azkena, Shisha Pangman. Bitartean, baina, eguneroko bizitzaren buruhausteekin borroka latza izan zuen, depresio batean jausi eta bere buruaz beste egiten saiatzeraino. Urte luzez behe kanpamentuetan etxean baino zoriontsuagoa izan da. Naturaltasunez kontatzen ditu orduan bizitakoak, beste Edurne bat izango balitz moduan: «Iritsi da momentu bat pentsatzen dudana beste bizitza bat izan dela. Nik ikusten ditut bi pertsona desberdin. Hain daude urrun... Hango pertsona hartaz gauza asko gustatzen zaizkit, beste gauza asko ez, baina bi bizitza ezberdin bizi izango banitu bezalakoa da. Eta horrek egin dezake honela kontatzea. Ni oso kontzientea naiz horrelako uneak eduki baldin badituzu, zurekin eramaten dituzula eta berriro gerta dakizukeela. Baina hango momentu horiek beste bizitza batekoak balira bezala ikusten ditut».

Bitzako motxilak askatzen joan da, eta orain bera dabil aholkulari lanetan, pilatutako esperientzietatik abiatuta jendea laguntzeko asmoz. Pertsona bakar bat lagundu badezake, asetuta sentitzen da. Bizitzaz eta amatasunaz gozatzen ari da, baina badauka hutsune bat: mendia. Mendiarekiko maitasuna amaigabea delako tolosarrarentzat.

Sei urteko umea daukazu. Obuluen izozketa izan zen bizitzako motxila bat askatzea, ezta? Bai, sekulakoa. Jende gaztearekin hitz egiten dudanean, gehienbat 30 urte luze dituzten neskekin, gomendatzen diet egitea, zalantzarik gabe. Nik zama handia kendu nuen. Emakumeok badaukagulako beste modu bat estrukturatzeko gure bizitza. Nik argi nuen ama izan nahi nuela. Hori argi edukita, urteak igaro ahala, niretzat sekulako presioa izan zen.

Presioa handiagoa izan zen hamalau zortzimilakoak igotzen lehen emakumea izatea baino? Askoz ere handiagoa. Hamalau zortzimilakoak egiten zituen lehen emakumea izatea une bateko kontua da, baina ama izatea bizitza guztirako da. Biak urteetan bateratu egiten zitzaizkidan. Ni 30 urte pasatxorekin zortzimilakoak bukatzen ari nintzen, eta garai horretan gure gizarteak pauta batzuk jarrita ditu. Eta inguruak, nahigabe bada ere, presionatu egiten dizu, 30 urteko muga pasatzen duzunean. Nik nahi nuen ama izan, baina ez momentu hartan. Orduan dilema bat sortzen zen. Eta hori gogorra da.

Hala ere, hamalau zortzimilakoak bukatzeko erronka zure buruari jartzea bizitzan motibazio bat izan zen, ezta? 2006ko depresio agerpenaren ostean, helburu bat jartze horrek salbatu zizun hein handi batean? Bai. Nik depresioa 31 urterekin pasatu nuen. Orduko bikotekide batek utzi ninduen, bakarrik geratu nintzen, bizitza elkarrekin pentsatuta genuen... Eta lehenbizi mendiari bota nion errua. Nire lagunekin alderaketa egin nuen. Baina gero ohartu nintzen mendia nire bizitza dela eta nire ondoan dagoenak ulertu behar duela hori; zaila da hausnarketa horretara iristea. Eta orduan berriz itzuli nintzen mendira, eta sortu zen hamalau zortzimilakoen azken txanpa. Ordura arte mendira joaten ginen, zortzimilakoak igotzen genituen eta kito. Baina bukaeran zortzimilakoak izan ziren nire bizitzako bidea: esatea, hau da nire bizitzan egin nahi dudana. Bizitzan baditugu jomugak, eta nik uste dut horiek asko laguntzen digutela aurrera egiteko, eta zentzu horretan asko lagundu zidaten.

Xede bat izan zen edo azkenerako obsesio bilakatu zen? Helburu bat obsesio bilakatu daiteke. Inoiz ez genuen ikusi lehia baten moduan hamalau zortzimilakoak bukatzea, baina, azkenerako, hedabideek eta inguruak ere presio antzeko bat egin zuten, ea korearra baino lehenago bukatuko genukeen. Jomuga hori ez zen obsesioa izan, baina bai presio moduko bat.

Orain daukazun coaching eta aholkularitza proiektuan, anbizioa, arrakastarako gosea eta horrelako adierak erabiltzen dituzu zure webgunean. Hamalau zortzimilakoak bukatzeko ezaugarri horiek behar dira? Anbizioa zentzu onean aipatzen dut. Denok daukagu anbizioa, era batera edo bestera. Gero muga bat dago, anbizioa obsesio bilakatu daitekeena; muga hori identifikatzen jakin behar da. Arrakastarako gosea da, bestalde, gehienbat nork bere buruarengan sinetsi behar duela. 14 zortzimilakoa egiteko, 26 espedizio baino gehiago egin genituen, eta hasierakoetan ez genuen igotzea lortu. Lehenbiziko lau espedizioetan kale egin nuen.

Bat, gainera, 8.600 metroan zeundetela. Bai, eta une horretan mundu guztiak esaten zidan uzteko. Gu 8.600 metrotaraino iritsi ginen Everesten laugarrengo saiakeran, eta pentsatu genuen tontorreraino igotzea bazegoela. Hori da arrakastarako gosea.

Zure hiztegian existitzen da porrot hitza? Nire lagun batek esaten du porrota dela ez saiatzea. Noski daudela porrotak, baina lortu ez baduzu eta gaitasuna baldin badaukazu hausnartzeko zergatik ez duzun lortu, ez da izango porrota. 14 zortzimilakoak egiteko 26 espedizio egin genituen. Askorentzat porrotak lirateke huts egindako beste guztiak, eta horrela sentiarazten ziguten. Gu itzultzen ginenean Bilbora, aireportura, gailurra eginez gero, mundu guztia zegoen bertan, itxaroten. Eta lortu ez baldin bagenuen, ez zegoen inor. Eta agian espedizio hura bestea baino gogorragoa izan zitekeen: itzultzeko erabakia hartu duzulako, baldintza gogorragoak izan dira...

Motibazioa dauka oinarri oraingo zure ofizioak? Bai, jendearen motibazioa, baina baita talde lana ere. Jende askok mendizaletasuna ikusten du bakarkako kirol bat bezala. Baina gehiago dauka talde lanetik. Egun asko dira, elkarbizitza handia, nire bizitza albokoaren esku dago, eta alderantziz. Batek egin dezake gauza bat, besteak beste bat, eta elkarri lagunduta igo goraino... Talde lan handia da.

Nola sortu zen proiektu hau? Prozesu bat da. 14 zortzimilakoak bukatu nituenean, ikasketekin hasi nintzen. Master bat egin nuen, coach bezala formatu nintzen urtebetez.

Erraza izan zen alpinista profesional izatetik errealitatean lur hartzea? Ez da erraza. Hamar urtean egin duzu gauza bera, eta guztioi kostatzen zaizkigu aldaketak. Aldaketa horrek gertatu behar zuenean, hutsune handia nabaritzen nuen. Gu gustura geunden 14 zortzimilakoen zerrendarekin, bat egin eta egintzat markatzen. Orain ikusten ditut 14 zortzimilakoak 8 hilabetetan egiten dituztenak eta pena ematen didate... Hamar urtetan egin nituen eta motz geratu zitzaidan. Beste bost zortzimilako agertuko balira, gustura egingo nituzke (barrez). Hori gertatu zenean, nire burua apur bat prestatzen hasi nintzen. Unea zen, laguntza jasotzea ez zen erraza, ni nekatuta nengoen... Txip aldaketa egin behar da, baina ez dira errazak izan 12 urte hauek. Badaude momentu hobeak eta txarragoak.

Nola ikusi zenuen zerk asetu ahal zintuen? Ba, apur bat gauzak egiten. Gauza batean hasten naizenean, topera noa bukaeraraino. Hamalau zortzimilakoak bukatu, ikasketa batzuk egiten hasten naiz, coach moduan sartzen naiz eta une horretan ikusten dut nik historia bat daukadala kontatzeko. Badaude hizlari batzuk lan egiten dutenak nik bezain ondo, baina ez daukate historia propiorik. Esan behar dut ibilbide osoan topo egin dudala jende egokiarekin, bai eskalatzen hasi nintzenean, bai eta coach ikasketak egin nituenean ere.

Asetuta sentitzen zara? Bai, alde batetik. Lan aldetik bai, gustukoa dudalako egiten dudana, asko. Baina mendia falta zait.

Eta nola betetzen da hutsune hori? Sei urteko ume batekin zaila da betetzea. Amatasunak arriskuak beste modura batera ikustera eramaten zaitu. Gogoa badut baina kosta egiten zait.

Hemengo mendi batek, Aizkorrik, esaterako, ez zaitu asetzen? Bai, asetzen nau, baina Himalaian pentsatzen ari naiz (barrez). Neguan Pirinioetan bizi naiz, lanik ez daukadanean edo bidaiatu behar ez dudanean, umea ikastolan utzi eta eskiak hartu eta mendiko eskia egitera joaten naiz. Baina gero ikusten dut, adibidez, Alex [Txikon], berarekin hitz egiten dut, berarekin joatera animatzen nau eta... Hori apur bat faltan sumatzen dut. 50 urte beteko ditut aurten eta, ondo mantenduz gero, goi mendia egiterik badago. Ez dut nire burua ikusten zortzimilakoetan. Uste dut zortzimilakoen historia asko aldatu dela azken hamar urteetan. Baina Himalaian badaude beste mendi polit asko.

Azken hamarkadan ze aldatu da gehienbat? Masifikazioa, komertzializazioa... Duela hamar urte ikusten hasiak ginen jada nola sokak jartzen zituzten gailurreraino, bazeudela bezeroak ez zekitenak ezer mendizaletasunaz, baina Everest igotzeko prest zeudenak. Hori biderkatu da orain 14 zortzimilakoetan, eta gaur egun, hara joaten zara, xerpa talde bat dago, haiei ordaintzen diezu, soka jarrita dago gailurreraino eta ez duzu egin behar ezer, soilik soka horretan sartu eta gora joan.

Orain hamalau zortzimilakoak igotze horrek ba al dauka baliorik? Gaur egun, nire ustez, ez. Bizpahiru hilabete lehenago ateratzen ginen hemendik. 70eko hamarkadan Himalaiara espedizioa egin zuten Gregorio Ariz eta nafarrekin elkartzen ginen, Dhaulagiriri buruz galdetzera, informazioa hartu eta han batutakoarekin joaten ginen. Eta gaur egun, egon zaitezke komunean zure mugikorrarekin eta eros dezakezu Everestera joateko pase bat.

Hamalau zortzimilakoak egiten bigarren emakumea izango bazina, zure eragina berdina izango litzatekeela uste duzu? Gure nahia bukatzea zen. Guk saltzen genuen 14 zortzimilakoak bukatu behar genituela lehenbizi, markak behar dituztelako horrelako gauzek. Gehiago zen babesleei erantzun behar genielako nire bizitza baldintzatzea baino. Eta begira orain dagoen polemika ere. Eberhard Jurgalski delako alemaniar batek, 8000ers.com webgunekoak, oinordetzan hartu ditu beste baten datuak eta adierazi du Dhaulagiri, Annapurna I eta Manasluk metro gutxi batzuk gehiago dituztela. Honen arabera, Euskal Herriko alpinista batek ere ez luke hamalau zortzimilakoak eginda izango. Ez eta Reinold Messnerrek ere. Orain bertan hamalau zortzimilakoak bukatu dituen neska bakarra izango zen Dong Hong Juan txinatarra, oraintxe bukatu duena, esandako baldintza horietan: soka goraino jarrita, oxigenoarekin 6.000 metroetatik... Horren aurrean, gure erantzuna da, gu hamalau zortzimilakoak egiten ari ginenean hori zela punturik altuena, eta hori zegoen onartuta punturik altuena moduan. Gaur egun, neurriak beste era batera hartzen badira eta puntua aurrerago baldin bada, nire galdera da: gizon honek edo munduak uste du gu han geundenean ez ginela izango gai 10-12 metro horiek aurrera egiteko, jakingo bagenu hura zela punturik altuena? Bai, noski. Han goian geunden haiek benetako mendizaleak ginen, ez genion soka finko bati eusten. Guk bageneukan gure kabuz egiteko aukera hori. Beraz, guri esatea ez dugula egin Manasluko gailurra, ba, barregarria iruditzen zait.

Zortzimilakoak igotzearen atzean plan bat marraztu behar da: nondik igo, baldintzak aztertu... Zuri hori gustatzen zitzaizun? Edo gehiago gustatzen zitzaizun igotzea? Antolatzea asko gustatzen zitzaidan. Hemen janaria prestatzetik hasita abiatzen da espedizioa. Dena zen prozesu bat: bilatu nora joan, hitz egin han lehenago egon zen norbaitekin, janaria prestatu, bidali, hara joan hiru aste lehenago... Daulhagiri edo Anapurnako behe kanpamentura trekkingak egiten genituen 12 edo 14 egun lehenago. Orain kasik automobilean joaten zara.

Behe kanpamentuan zoriontsu zinen? Oso.

Etxean baino gehiago? Bai. Oso ongi pasatzen nuen. Han sentitzen nuen askatasuna.

Kanpoko begiradetatik aldenduta? Bai. Une hartan ez neukan ume baten ardura, ni nintzen eta kito. Badaukazu familia, anaia... Baina horiek ondo zeuden Euskal Herrian, eta zu joaten zinen egitera zuri gustatzen zitzaizuna. Zer gehiago eska zitekeen?

Beste elkarrizketa batzuetan aipatu izan duzu heriotzatik gertuen egon zaren momentuetan izan zarela zoriontsuen. Bai. Heriotza oso presente geneukan, ze bagenekien zein arrisku zeuden, eta gainera lagun asko galdu genituen bidean. ‘Muga horretan bizitzeak zoriontsu egiten zizun?’, galdetzen dute batzuek. Baina gu ez geunden heriotzatik gertu, zoriontasunetik gertu baizik. Pozik bizi ginen. Heriotza lehenago ikusi dut etxean, depresioa pasatu nuenean, nire buruaz beste egiten saiatu nintzenean… mendian baino.

2006an galdetzen diozu zure buruari, zer egiten dut hemen? Mendiak betetzen zintuen, baina hemengo errealitatea ez zitzaizun gustatzen. Hemengo errealitatea zen 30 urte nituela, lagunak bizitza egiten, bakartasun bat sentitzen nuen, mendian sentitzen ez nuena. Sentitu nintekeen bakarrik, baina mendiarekin harremana nuen, taldearekin harreman handia nuen, bat bagina bezala bizi ginen. Gizarte eredu honetatik urrun sentitzen nintzen, bizitzan jomugarik ez neukalako. Suposatzen da bizitzan xede bat eduki behar genuela: ikasketak bukatu, lana bilatu, etxe bat erosi, bikotea eduki... Eta oraindik ere horrela egituratuta dago gizartea. Eta, gainera, inguruan jende kontserbadorea baldin badaukazu, zama handia da.

Nik zortea eduki dut, ze 14-15 urterekin Alpeetara joaten uzten zidaten nire gurasoek, eta 24 urterekin Himalaiara joaten ere utzi zidaten. Alde horretatik ez dut eduki inolako arazorik. Gertatzen dena da hemen ez nintzela zoriontsua.

Ez zinen onartua sentitzen? Ez. Sentitzen nintzen onartuta egiten nuen kirolarengatik, bai errekonozitua. Baina Edurneren atzean ez zegoen soilik mendizalea, pertsona zegoen.

Zure ibilbide profesionala eta pertsonala ez zegoen orekan, alegia. Hori da. Eta esan genezake, emakume izateak ere pisu handia zuela momentu hartan. Nirekin eskalatzen zeudenak aita ziren. Eta askotan joaten ziren emazteak haurdun utzita etxean, edo egon dira espedizioetan eta semea jaio. Hori nire kasuan ezinezkoa zen. Ez egin ez nezakeelako, eduki nezakeen ume bat eta nire bikotearekin etxean utzi, baina ni nola sentituko nintzateke? Seguru ez nituela hamalau zortzimilakoak bukatuko.

Desoreka horretan, inoiz pentsatu al zenuen menditik aldendu eta zure ibilbide pertsonalean zentratzea? Bai, 2006. urtean. Depresioan jausten naizenean, psikiatrikoan sartzen nautenean. Momentu horretan argi nuen menditik aldendu beharra neukala. Nik egoera horretatik atera nahi baldin banuen, bide bakarra zen mendia utzi eta nire kuadrillako beste bat gehiago izatea. Eta eskerrak ezetz! (barrez).

Zure gurasoak inoiz sentitu dira errudun zure egoera ez konprenitzeagatik? Ez dakit. Pentsatzen dut momentu batean nire gurasoak errudun sentituko zirela, ez beraiek gaizki egin zutelako zerbait, batez ere laguntzen jakin ez izateagatik.

Psikiatrikora sartzeko erabakia zuk hartu zenuen, familiak lagunduta? Bion artean. Atal hori mugarria izan zen. Nire gurasoek ez zekiten zer egin. Bageneukan lagun bat medikua zena, eta esan zien ospitalean sartzea zela onena. Ez nik, ez nire gurasoek, ez genuen inolako trabarik jarri. Sartu behar badut hor barruan eta kendu behar baldin badidate hemen daukadan min hori, nik sartu egin nahi dut.

Nola oroitzen dituzu hilabete haiek? Izutzeko modukoa zen. Astebete lehenago Alpeetan nengoen, izotzetan eskalatzen. Eta bat-batean ospitale batean nengoen, marrazten, gurutze puntua egiten... Zeharo surrealista zen.

Hilabete horietan zein edo zer izan zen babeslekua? Hasiera batean, ezer ez. Liburuak irakurtzea. Eta gero utzi zidaten korrika egitera irteten. Kirola izan zen babeslekua. Jartzen zidaten eskumuturreko bat, eta kito.

Eta noiz hasi zinen argia ikusten? Eduki ditut berrerortzeak. Nire arazoa zen menpekotasun afektiboa. Nik lagun asko galdu nituen, baina horrek ez zidan eragiten horrela. Gehiago zen maitatua sentitzea. Eta hori seguru dela gizarteak erakutsi digun zerbait. Eta nik sufritzen nuen pila bat. Mutil lagunak utzi nauen guztietan krisi bat eduki dut, exajeratua. Hori zer zen egituratzeak eta jabetzeak asko lagundu zidan. Hori lortzeko urte asko pasatu behar izan dira, ze hasiera batean, nahiz eta jakin, berdin erreakzionatzen duzu.

Ingurukoez maitatua sentitu izan zara? Bai, nik uste dut baietz. Ze bestela zoratuta egongo nintzateke. Eta zortea izan dut, inguruan dauzkadanekin -oraingo bikotea, umea-, maitatua sentitzen naizelako, eta horrek bake handia eman dit. Asko.

Azken zortzimilakoa igo eta etxera itzulitakoan, ze sentsazio eduki zenuen? Hutsunea. Ingurua beldur zen ez ote zitzaidan beste depresio bat etorriko. Baina gertatutakoak lagundu zidan hutsuneari aurre egiteko prest egoten, gerta zitekeenaren aurrean prest egoten. Inguruak asko lagundu zidan. Hasi nintzen beste bide batean, bestelako jendea ezagutzen. Horrek asko lagundu zidan. Erronka berriak gustatzen zaizkit, asko. Nire bizitza erronka bat da. Erronka izan ziren 14 zortzimilakoak, erronka da bilatzea nola bizi naitekeen egin nuen balentria aprobetxatuta...

Zure mugak zein diren ezagutzen lagundu dizu mendiak. Saiatu zara inoiz muga horiek apurtzen edo muga horiez gaindi zer dagoen ikusten? Bakoitzak ahal duena egingo du. Baina ni nahiko “segurola” naiz. Muga pasatzeko, edozein muga -mendian, bizitzan...-, oso prestatuta eduki behar dut. Oso ingeniaria naiz, zentzu horretan (barrez). Antolaketak segurtasuna ematen du.

Kanpora begira, emakumea izateagatik errespetatua sentitu zara? Bai. Egia da bidea egin behar dela. 24 urterekin, behe kanpamentu batean jarri, inork ez zaitu ezagutzen, eta esaten duzu Dhaulagiri mendia igo behar duzula... Inork ez du zugan sinesten. 24 urteko gizon batek esango balu, ezberdina izango litzateke, hari aukerak emango lizkiokete. 7.000 metrotara igotzen banintzen bost ordutan, besteek pentsatzen zuten azkarrago egingo zutela. Eta agian ez. Eta gauza horien guztien artean lekua egin behar izaten da.

Bidea urratze horretan erreferentziazkoa izan zara zu. Zuk izan duzu eredurik? Bai, eduki nituen erreferentziazko emakumeak. Bazeuden Euskal Herrian, esaterako, Pili Ganuza. 1979. urtean Dhaulagiri igotzera joan zen bere gizonarekin; bi alabak etxean utzi zituen.

Esaten zidan oso kritikatua izan zela. Orain ere kritikatua izango zen. Okerrena da bere gizona ere berarekin joan zela; eta Pili ama txartzat hartu zuten, baina aitari ez zioten halakorik esaten. Eta orain, seguru, berdin gertatuko litzateke. Emakume horiek ziren eredugarriak niretzat.

Zure egoera latzena mendi batean? K2 mendiko jaitsiera gogorra izan zen. Berandu iritsi ginen gailurrera. Jaistean, Juanito [Oiarzabal] eta biok gaizki geunden eta Juanek [Vallejo] asko lagundu zigun, hark jaitsi gintuen. Hori oso latza izan zen. Eta Kanchenjunga jaitsiera ere bai.

Eta unerik zoriontsuena edo gogoangarriena? Behe kanpamentua, gailurra egiten dugunean. Hori da onena. Hurrengo egunean jaiki, gosaldu lasai, etxera buelta, egun batzuk hirian pasatu, ondo jan...

Aurten jasoko duzu Mendi Film Festival-eko WOP saria, 10. edizioan. Ohorea zela aipatu zenuen, baina sentimendu nahasi batzuk ere bazenituela. Zeintzuk dira sentimendu horiek? Ohore bat da etxean errekonozitua izatea. Batzuetan esaten dugu inor ez dela profeta bere herrian. Nik ez dut sekula hori sentitu. Ilusio handia egiten dit, eta ardura puntu bat ere ematen dit. Saria ez delako soilik egin dudan ibilbidearengatik, baizik eta helarazten ditudan baloreengatik. Eta ardura handia da. Beraiek pentsatzen badute zure balore onak dituzula, bizitzan horiei tinko eustearen ardura handia da.

Deskribatu beharko bazenu duela hamar urteko Edurne, 14 zortzimilakoak egiten buru belarri zenbiltzan garai hartakoa, nola deskribatuko zenuke? Kirolaria, mendizalea.

Eta orain? Sei urteko seme baten ama, 49 urteko emakumea, kirolaria, mendizalea beste era batera, konferentziagilea eta coach-a.

Orain motxila kargatuago dago, ezta? Pozten zaitu horrek? Bai. Izan ere, motxila tamaina berdinekoa da, baina, bai, orain dibertsifikatuago dago. Lehen pisua neukan bi gauzetan banatuta, nire bizitzako gauzarik inportanteenak; eta orain motxilak beste hainbat gauza ditu. Motxilaren pisua ez da handitu, baizik eta orekatu egin da. Daramadan motxila honek betetzen nau.