7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Argazkien ezina


Destinoa izango da beharbada, patua nolabait, etenik gabeko bilaketan bizitzea. Ametsetan edo argazkian ikusi duzun lekua, bihotz taupada aztoratuak iradoki dizun laguna, nondik datorren asmatu ezinean buruan biraka darabilgun doinuaren jatorria… topatu nahi dituzu. Zer bilaturik ezean aspergarriagoa litzateke mundu hau; egunerokoa jakinagoa eta motelagoa litzatekeela iruditzen zait, eta bizipozen bat behar duzu beti, nahi genuke bederen.

Urrutiko intxaurrena edo urruneko urrezko eltzearena errepikatzen dira ezinbestean, bila jarraitzeko arrazoiak behar baititugu. Nahi duguna beti da urruneko zerbait, beti nonbait, han, auskalo non dagoena, eta gutxitan eskura eta bertan. Gaur atsedena bera, edo dibertimendua, gero eta urrutiago bilatzen dugula ematen du. Bertakoak asperra, nekea eta monotoniaren zama ekartzen dizkigu nonbait, edo ez zaigu aintzat hartzekoa. Bertakoaren errutina astintzeko beharra dugu noizean behin, eta urrutian astintzea, jakina. Zertarako dira oporrak!

Munduko beste lekuetako txokoak ezagutzea onuragarria da dudarik gabe, aberasgarria, bai geure ingurutik harago zer dagoen jakiteko eta bai norberaren etxaldea zein ederra den sentitzeko. Gauza batzuk sakonago eta minago sentitzen baitira urrutitik. Eta urruneko paisaia eta lekuak ikusi eta haien argazkiak altxortzat ekarri nahi izaten ditugu, eta begiradak memorian gorde ez dituen xehetasunak noiznahi berrikusi, eta batari eta besteari erakutsi, harridura partekatu.

Urrutiko paisaiak eta urruntzen doan denbora gehiegi lausotu gabe atxikitzeko egiten ditugu argazkiak, istanten batean harritu edo mirespenez txunditu gaituena betiko gorde nahian. Dena gorde nahi dugu, eta gero eta errazago da zernahi jasotzea argazkietan, eta gero eta zailago argazkirik gabe imajinatzea gure mundu hau.

Baina badira irudi grafikoetan kabitzen ez diren gauzak, gauza garrantzitsuak, memorian atxiki ezean betiko galtzen direnak. Argazkietan gorde ditzakezu mila gauza, eta gero eta gehiago gordetzeko gero eta argazki gehiago egiten ditugu, baina une bateko zorion sentipena edo bat-bateko hunkipena ez ditu kamerak harrapatzen.

Argazkietan ezin duzu jaso Legasako Ostatuaren atarian eserita Iriso aldera begira bazkaltzen duzun bitartean sentitzen duzun plazera edo Maiderrek erakusten dizun adeitasuna. Azken batean sentipenak dira edertasuna neurtzen dutenak, eta horiek ez dira argazkietan kabitzen.