Jonander Agirre Mikelez
ARKITEKTURA

Arduraz

'The Architect' telesailean arkitekturaren egungo kontraesanak agertzen dira. Egileak konparaketa bat ezartzen du kazetaritzak eta arkitekturak bizi duten egungo egoeraren artean. Bi lanbideen krisiak eta prekaritateak erakusten dute ez dela nahikoa ideia onak izatea, zerbait gehiago behar dela.

“The Architect” pasa den otsaileko Berlinale zinemaldian aukeztu zen eta Filmin plataforman ikusgai dago.
“The Architect” pasa den otsaileko Berlinale zinemaldian aukeztu zen eta Filmin plataforman ikusgai dago.

Kazetaritza krisi batean murgilduta ote dagoen asko idatzi da azken urteetan. Paperezko egunkarien gainbeherari edo sare sozialen zabalkundeari egotzi zaie lanbideak pairatzen duen prekarizazioa. Konfiantza galera bat ere nabarmendu ohi da, kazetaritzak bere ‘printzipioak’ alboratu izanari egozten diotena batzuek. Arrazoia bat edo bestea izanda ere, uste dut gehienok onartzen dugula kalitatezko kazetaritzarik gabe demokrazia bat zail mantendu daitekeela dioen esaldia. Kazetaritzari ardura bat eskatzen diogu.

Kazetaritzaren egoerari askotan parekatzen diot nik Arkitekturaren egoera. Prekarizazio egoera tamalgarrian, aukera gutxi izaten dugu lanbidean zabalduak diren ideiak esfera publikoan txertatzeko, eta are gutxiago gauzatzeko. Arkitektooi ardura bat eskatzen zaigu gizartearekiko, eta gehienetan men egiten diogu boterearen exekutore soilak izateari.

Gai honen inguruko gogoeta interesgarria da ‘The Architect’ (Arkitekten) telesaila, pasatu den otsaileko Berlinale zinemaldian aurkeztu zena (eta Filmin plataforman ikusgai dagoena). 20 minutuko 4 atalez osaturiko telesail motza da, ia pelikula bat izango balitz bezala ikus daitekeena.

Bertan Julie (Eili Harboe) arkitekto gaztea agertzen zaigu etorkizun ez oso urrun bateko Oslo distopiko batean. Juliek 29 urte ditu, ez du bikoterik, ez semerik, ez eta dirurik ere, eta, hainbat urtez arkitektura estudio famatu batean praktiketan lan egin ostean, oraindik ez diote lanpostu finkorik eskaini. Alokairuaren errenta igo diote eta ezin du ordaindu. Topatuko duen aukera bakarra hiriko aparkaleku hutsetan bizitzea da (krisi klimatikoaren ondorioz kotxeak desagertu omen dira eta), hiriko errenta baxuko beste biztanle askok topatu duten aukera informala. Aukera jasangarri eta berrerabiltzailea, esango dio bere buruari.

Osloko zentroan mila etxebizitza eraikitzeko lehiaketa zabaldu denean, Juliek bere aukera ikusi du: etxebizitzak lur azpiko aparkalekuetan eraikitzea proposatzea. Ez da berak nahi lukeena, ez du horrelako gizarte batean sinesten, baina dilema honen aurrean topatuko du bere burua, bere etika profesional eta balizko arrakasta pertsonal baten bistan.

Telesaila arkitekturaren munduaren klixe askotan erortzen den arren, lanbide honen gaur egungo kontraesanak mahai gainean jartzen ditu. Aukera estetikoak lehenesten dituen eta oinarri politikoak alboratu dituen lanbide bat aurkezten digu Oslo deshumanizatu batean. Etxegabetzeak, birtualizazioa, espazio publikoaren pribatizazioa, greenwashing-a edo etsaitasunezko arkitektura (hostile architecture) agertzen dira Julieren inguruan, arkitekturaren praktikarekin lotura zuzena duten kapitalismoaren ondorioak.

Julie gaur egungo arkitekto gazte askoren isla da. Bere lana ondo egin nahi baina ezintasunean topatzen den lanbide batekoak gara. Etxebizitzak, espazio publikoa, ondarea, ekipamenduak eta gure egunerokoa moldatzeko ideiak baditugu, baina prekaritate eta frustrazioak bidean uzten ditu.

Kazetaritzan (eta beste hainbat arlotan) gertatzen den bezala.