Jon Urzelai Garrido - Salto Training

Ariketa fisikoa eta covid-19aren eragin psikologikoa

2019ko abenduan, Wuhaneko (Txina) Osasun Udal Batzordeko agintariek COVID 19 izeneko birus mota berri bat identifikatu zuten. OMEk (Osasunaren munduko erakundea) pandemia egoera deklaratu zuen, eta gobernu askok konfinamendu aldi luzagarria agindu zuten.

Bizi izan dugun berrogeialdiak funtsezko bi ezaugarri izan ditu: batetik, gure senide eta lagunengandik urrundu gaitu eta, bestetik, mugimendu murrizketa bat eduki dugu, gizakiontzat hain beharrezkoa dena, alegia. Honek, kalte psikologiko ugari sortu dizkio gizarteari, eta estresa, suminkortasuna eta tristura eragin dizkigu, inkomunikazio eta ziurgabetasun egoeretan. Gainera, antsietatea eta beldurra ere pasatzea tokatu zaigu, batez ere gure senide helduengatik. Egoera honetan, ariketa fisikoa ezinbesteko bihurtu zen. OMEren arabera, pertsona batek gutxienez astean 150 minutuko kirol edota ariketa fisikoko jarduna egin behar luke.

Argi dago, honek pertsonen osasun fisiko eta mentalean onurak ekartzen dituela. Gaur egun, frogatuta dago ariketa fisikoak gizakion immunitate sistema indartzen duela eta arazo kardiobaskularren aurrean, baita diabetes eta neoplasia duten pertsonetan ere, hobekuntzak ekarri dituela. Hori gutxi balitz, antsietate eta depresio egoerak ere leuntzen laguntzen ditu kasu askotan. Powell et al. (2019) diote pertsona aktiboa izateak medikamentu bat bezain edo eraginkorragoa dela. Nahiz eta, gizarteak egoera zailak pasatu dituen, honek ere gauza on asko ekarri dizkigu gurera. Gure ondokoa gehiago baloratzeaz gain, zentzu askotan pentsamendu asko aldaraztea ekarri digu, pixkanaka-pixkanaka pertsona bezala helduz. Ariketa fisikoarekin ere berdina gertatu da. Pertsonak birsortu egin gara zailtasunen aurrean. Oztopo guztiak direla ere, ahal izan dugun neurrian ariketa fisikoa burutzea lortu dugu, eta inoiz ikusi gabeko kirol fenomeno bat sortu dela esan genezake: jarduera fisikoa etxean.

Behin egoera hau bizi izanda, konturatu gara ariketa fisikoa beharrezkoa dela pertsonen egunerokotasunean. Orain aktiboagoak gara, ariketa fisiko gehiago burutzen dugu orokorrean, eta honek, gerora, onura asko ekarriko dizkigu. Orain arte aktiboa izatea lortu ez baduzu, denbora duzu izaten hasteko. Mugi zaitez, eta aktibo sentitu!