7K - zazpika astekaria
KIROLA

Beroaren eragina jarduera fisikoan


Termometroak eguneroko hizketagai bilakatu diren urte garai honetan, asko dira tenperatura altuak jarduera fisikoa praktikatzeko eragozpen handitzat jotzen dituztenak. Kontuan izan behar da tenperatura altuak, jarduera fisikoaren estresaz gain, estres gehigarri bat ezartzen diola gure organismoari. Horri aurre egiteko zenbait kontu zaintzea ezinbestekoa da: hidratazioa, izpiekiko babesa, arropa egokia eta abar. Gizakiaren gorputzeko tenperatura 37°C-ren inguruan kokatu ohi da, eta sistema termoerregulatzailea da tenperatura hori ahalik egonkorren mantentzen saiatzen dena, hipotalamoaren mekanismoen bitartez (Kabisch et al., 2020). Tenperatura aldaketa handiek hipotalamoaren aktibazioa eta zenbait mekanismo martxan jartzea dakarte, honek aldi berean estres gehigarri bat eragiten duela gure organismoan.

Tenperatura altuek, bolumen plasmatikoa jaistea, gorputzeko nukleoaren tenperatura igotzea, bihotz maiztasunaren igoera eta beste zenbait aldaketa dakartzate gure organismoan (Santalla et al. 2018). Horrenbestez, gutako edonork bizi ahal izan dituen kalteak eman ohi dira: bero kolpeak, deshidratazioa, nekea, intsolazioa, karranpak… Ondorioz, galera nabarmenak eman ohi dira kirol jardueraren errendimenduan. Baina, jarduera fisikoaren helburuetako bat gure organismoari oreka egoera (homeostasia) apurtzea eta hori baliatuz hobekuntzak lortzea bada, zergatik dugu beroaren estres gehigarri hori etsaitzat? Azken finean, errendimendu beherakada horrek gorputzak tenperatura altuetan jarduteko duen gabezia erakusten du. Beraz, baldintza klimatologikoek sortutako estres egoera horretara egokitzen ikasiz gero, errendimenduaren beherakada hori baxuagoa izatea lortuko genuke.

Askotan entzun izan dugu alpinistek aklimatazioak egiten dituztela altueran, zortzimilakoen saiakerak egin ahal izateko. Bada, gauza bera gertatzen da beroarekin ere. Egoera espezifiko horietara egokitzeak errendimenduaren hobekuntza dakar, bolumen plasmatikoaren igoerari, bihotz maiztasunaren beherakadari eta beste zenbait termoerregulazio mekanismori esker ematen dena. Izan errespetua tenperaturari, hartu prebentzio neurriak eta ekin egokitze prozesuari!