AUG. 27 2023 IRITZIA Geldirik egoteaz Sustrai Colina S. apurgarria, Asmatu al duzu geldirik egoten? Ez nekatu erantzuten. Lanean dagoela eta oporrak egiten dituela dio jendeak. Firin-faran, gehiegi jan eta lo gutxiegi egin izanaren sentipenez zenbiltzala entzun nizun aurrekoan. Ez kexatu, gehiegi irensteagatik ametsik gabe geratu izan zara inoiz. Ez duzu ikasten, ordea. Egunerokoaren gurpil zoroan atsedena desiratzen duzun gisan behar duzu zurrunbiloa sosegu aroetan. Ezetz? Azkeneko asteetan, zenbat aldiz atera duzu sakelakoa norbait zurekin oroitu dela irakurtzeko esperantzan? Telefonoz iritsi zinen Edurne Pasabanen elkarrizketara. Mendian sentitzen ez zuen bakartasunak erasaten omen zuen etxean. Ordutik, dardara egiten dizute hezurrek. Eskerrak, haurrak eskolara nola, bizitza bere zereginetara itzuliko dela laster. Egunkariak gizendu ahala, noiznahi zernahi gerta daitekeela sentituko duzu berriz eta, konturatzerako, hurrengo arnasaldira arteko egunak zenbatzen ariko zara itolarriz. Beldurra ematen du, izua, Barne eta Justizia sailak bereizten ez diren progresismoan bizitzeak bezainbat. Errazegi ahanzten duzu onartezina oharkabean asimilatzen duzula sarri, lehen pasioz egiten zenituen zenbait gauza diruarengatik egiten dituzula orain ala, ezinbestean, egunsentiaren beste aldean gauak dirauela oraindik. Gogoan al duzu ziztaden uda izan zela iazkoa? Jabetzen ote zara karabela portugesak edo liztor asiarrak agertzen diren bakoitzean, arriskua kanpotik datorren ustea errotzen dela zugan? Nahiago duzu zure sorterriko festak ate joka direla pentsatu. Ez dakizu aurten joaterik izango duzun. Gezurra. Oraindik zure burua engainatzen tematzen zaren arren, badakizu ez zarela bertaratuko. Jakin nahi zenuke behiala biharamunik ez balego bezala bizi zenituen egunak noiz eta nola desagertu ziren zure egutegitik. Jakin nahi zenuke, arazoak legez, ornoen artean metatzen ote dituzun zuretzat esangura galtzen joan direnak ere. Onartu ezazu, libertate sentipenak kitzikatzen zaituen beste ikaratzen zaitu nora itzuli ez izateak. Askatasuna eta bakardadea errimatzen ez dakien bat gehiago zara. Horregatik, urrira helduko ez diren asmoz iraila betetzea baino hobe zenuke Mari Luz Estebanen “Andrezaharraren Manifestua” irakurtzea eta, batez ere, garapen pertsonala egoaren zabalkundearekin ez nahastea. Bizimunduak immobilista bihurtzeko zorian zaude. Geldirik egoten ez dakien immobilista. Jakin nahi zenuke, arazoak legez, ornoen artean metatzen ote dituzun zuretzat esangura galtzen joan direnak ere. Onartu ezazu, libertate sentipenak kitzikatzen zaituen beste ikaratzen zaitu nora itzuli ez izateak. Askatasuna eta bakardadea errimatzen ez dakien bat gehiago zara.