Iñigo Ocamica
ARKITEKTURA

Casa das histórias

Aste honetako arkitekturako artikuluak Portugalgo kostaldera garamatza, Lisboatik gertu, Cascais herri xarmagarrira. Han dago Paula Rego artistari eskainitako Casa das histórias museoa, hain zuzen, Eduardo Souto de Moura arkitektoak diseinatua, Pritzker saridunaren eraikin berezia, espazioen kateamendu sotil bikaina duena.

Casa das histórias museoaren barnealdea.
Casa das histórias museoaren barnealdea. (Iñigo Ocamica - Casa das Histórias Paula Rego, Eduardo Souto de Moura)

Zalantzan egon nintzen artikuluaren gaia hautatzen nenbilela, abuztuko azken egunetan, eta Portugaldik hamar eguneko bidaiatik iritsi berri. Bigarren aldia da Portugalen, eta, egia esan, liluratuta uzten nauen herrialde bat da. Alde batetik, zalantzak nituen bidaian gauza interesgarri asko ikusteko aukera izan dudalako... Oporrak kontatzea beharbada pitin bat pertsonala izan zitekeen, eta ziur aski irakurleentzako ez hain interesgarria. Bestetik, gai konkretua aurrean nuela, errespetu/beldur sentsazio batek zeharkatzen ninduen. Urtebete daramat hileroko lerro hauekin, baina lehenengo aldia da maisu baten obra bati buruz hitz egitera noala.

Casa das histórias Paula Rego artista portugesaren museoa da, Eduardo Souto de Mourak 2005-2009 urteen artean Cascais-en eraikia. Handik gutxira (2011) Souto de Mourak Pritzker saria irabazi zuen, “arkitekturaren Nobel saria” deitu ohi zaiona. Sariaren epaimahaiak azpimarratzen zuen Souto de Mourak 30 urtez garatutako lan sorta oparoak, garaikidea izanda, tradizio arkitektonikoen nolabaiteko kutsuak barneratzen zituela, eta itxuraz kontraesanak ziren ezaugarriak bateratzea lortzen zuela bere eraikinetan: ausartak baina sotilak, indartsuak baina umilak...

Gaurko lerroak ez dira Casa das histórias museoaren analisi sakona (horretarako badaude “El croquis”, “AV” eta beste hainbat argitalpen espezializatuetan xehetasun guztiekin azalduak), goiz bateko bisita baten, ibilbide baten istorioa baizik. Eraikin bat bizipenetik kontatzea baliagarria izan daiteke kasu askotan, eta museo baten kasuan berebiziko garrantzia duela uste dut. Azken finean, eraikinak eskaintzen digun ibilbide horretan dago antzemango dugun esperientziaren gakoa, eraikinak artelanak ikusteko prozesua baldintzatzen baitu, honen bitartekaria da. Sentsazio sotila izan daiteke, baina ziur museo-zale zareten zuetako askok bizi izan duzuela era oso naturalean nabigatu zitekeen erakusketa bat, ia azalpenik gabe, ia konturatu gabe, aretoz areto.

Hori da, hain zuzen, eraikin eder honek duen nabarmentzeko ezaugarrietako bat: aspaldian ikusi izan dudan espazioen kateamendu sotil lan bikaina da. Beste mila xehetasun eta ezaugarriei buruz hitz egin genezake eraikin honen inguruan, baina funtsezkoena, eta oraindik burutik kendu ezin ditudanak dira espazioen arteko trantsizio horiek.

Museora heltzen garenean, zelai baten erdian bidexka diagonal batek jasotzen gaitu. Pinuak dira museora sartzeko ibilbidean zeharkatzen dugun lehenengo atalasea. Fondoan itzaletan eta oso altuera domestikoa duen ataurre batek ematen digu barrura sartzeko trantsizioa. Barrura sartu bezain laster hasten da ibilbidearen magia.

Oina arretaz begiratuz gero, aretoak laukizuzen sinpleak dira; bitxiena da haien arteko atalaseak izkinetan azaltzen direla. Obrak ikusteko deriba natural horretan, beti dago izkina ireki bat, bidea eskaintzen. Sentsazioa areagotu egiten da atalase horiek era sotilean jositako konplexutasunak bateratzen dituztelako: patiora ematen duen leihoa, hurrengo aretorantz dugun ikuspegi diagonala, azentua jartzeko alboetan azaltzen den marmol zuria, espazioen bitarte hori gurutzatzen dugun unean babesten gaituena. Ia ez da behar azalpenik, aretoetan ez dago zaindari baten argitasun premiarik, eraikinak berak eramaten gaitu alde batetik bestera. Sotiltasun horretan dago maisulan honen gakoa: izkinak irekiz arkitekturak gidatu egiten gaitu konturatu gabe, arreta guztia Paula Regoren obraz disfrutatzeko libre uzten gaituen bitartean.