SEP. 10 2023 IRITZIA Askatasunaz Sustrai Colina S.apurgarria, Orain aste bi desiratzen zenuenak gogaituta? Ez duzu inor engainatzen lotaratu aurreko txokolate-ontzari uko eginez. Inor ez da zoriontsuago bizi “zoriontsu” hitza behin eta berriz errepikatzeagatik. Autoa tailerrera eraman zenuen, galdararen mantenua bideratu, ordenagailuaren antibirusa berritu...Baina non konpontzen da ez daukazunak daukazunari eragiten dion matxura? Nor arduratzen da neguan zure desirak berotzeaz? Nork babesten zaitu besteen manu eta zure mamuengandik? Iraila da, joan dira sorterriko festak, Kontxako bandera altxako dute gaur baina, bihar, semeak eskolara berriz eraman beharrak astinduko zaitu. Zintzoa izan eta eskolako lehen egunek zergatik aztoratzen zaituzten hausnartu behar zenuke, zure beldurrak haurrenekin estaltzea zilegi ote den, ez al zaren zure izua esku-ahur izerdituan transmititzen ari. Noiz ulertuko duzu “kontuz!” onberena aski dela inoren askatasuna mugatzeko, zure esperientziak ez duela beraiena zertan baldintzatu. Hobe zenuke eskolan zergatik eta zertarako saiatu behar diren azaltzeko narratiba berri bat asmatzea. Nota onak ateratzeak ez du deus ziurtatzen. Litekeena da euren guraso ala aitona-amonen ondasunik sekula ez metatzea. Zuri kontatu zizutena baino gezur hobea merezi dute. Ez da alferrik fikzioa aldaketen sismografoa. Txaloak hain merke daudenean, ordea, nor arriskatzen da txistuak jasotzera? Horregatik, agian, nahiago duzu, goizero, eskola-atarian, futbolean jokatzen duten neskekin gogoratu. Noizbait munduko txapeldun izatearekin egiten ote dute amets? Espainiarekin? Irudikatzen al dute, munduaren begien aurrean, gizon batek beraien ezpainak bortxatu ditzakeela? Gizon hori zure semeetako bat ez izatea zure esku dagoela sinesten duzu oraindik. Boterea askatasunarekin ez nahasten irakatsi nahi zenieke eta, aldi berean, ez dagoela askatasuna baino boteretsuagorik. Ikas dezatela oinetakoetan hartxintxarrekin ibiltzen, erortzen eta zutitzen. Ordena zaharrean eroso segi nahi dutenak dira politikoki zuzenaren diktaduraz mintzo. Baina gaur igandea da, bihar astelehena, eta semeak eskolara eramango dituzu berriz. Etxera bueltan, utzi Maite Mutuberriaren “Lohia”-ri azala zikintzen, entzun Aiora Renteria negua joan dela oihukatzen eta, batez ere, jan txokolate-ontza bat gaur desio duzunak hemendik aste pare batera gogaitu ez zaitzan. Iraila da, joan dira sorterriko festak, Kontxako bandera altxako dute gaur baina, bihar, semeak eskolara berriz eraman beharrak astinduko zaitu. Zintzoa izan eta eskolako lehen egunek zergatik aztoratzen zaituzten hausnartu behar zenuke, zure beldurrak haurrenekin estaltzea zilegi ote den, ez al zaren zure izua esku-ahur izerdituan transmititzen ari.