SEP. 10 2023 IRITZIA Ez da txarrik,onik ez dakarrenik Amagoia Mujika Ez da txarrik, onik ez dakarrenik. Horretan hezi gaituzte, eta eskerrak, bizirauteko beharrezkoa baita txarraren atzetik ona datorrela sinistea. Emakumeen selekzio espainolak munduko txapelketa irabazi du. Ospakizunak mikaztu egin dira, gizonezko zenbait gizonkerietan aritu direlako. Pena, edo ez. Alfonbra azpian ezkutatuta zegoen zaborra munduaren bistara agertu da, eta hori ona izan daiteke emakumeen kirolarentzat. Txapeldunak izan dira eta mundua begira zegoen, hori aldeko faktore bat izan da. Auskalo zer ez den gertatzen irabazten ez denean aldageletan, bulegoetan, autobusetan... Hori bai, gizonezko batzuek oraindik ez dute lotsatzeko motiborik ikusten matxista izateagatik. Badira matxistak izan arren, matxista ez direla aldarrikatzen dutenak. Badira arazoa feministen begiradan dagoela uste dutenak; emakume exajeratu eta histerikoak ikusten dituzte nonahi. Nola izango dira matxistak beren amak, arrebak eta alabak hainbeste maite dituzten gizonezkoak? “Manada”-koek ere asko maite dituzte beren amak eta arrebak. Eta badira, ez asko, beren burua zalantzan jarri eta deseraikitzen hasi diren gizonezkoak. Eskerrak. Akaso gizonezko guztiek beren buruari egin beharreko galdera honakoa da: nola tratatzen ditut inguruko emakumeak? Nola ikusten eta irakurtzen ditut egunerokoa nirekin partekatzen duten emakumeak? Gero bada jendartearen parte bat oso kezkatua, erasoak jasan dituzten emakumeek izan beharreko jarreraren inguruan. Ez daudela behar bezain triste, lotsatuta eta birrinduta; parrandan ateratzen jarraitzen dutela; ez dutela beren janzkera aldatu; barre egiten segitzen dutela; ez daudela hain traumatizatuta; munduko txapelketa irabazi izana ospatzen jarraitzen dutela algaraka; oporretara joaten direla lagunekin... Badirudi biktima perfektua izateko irizpideak daudela eta horiek bete egin behar direla, jendartea lasaiago gera dadin. Kezka horrekin bueltaka dabiltzanei lasai egoteko esango nieke, txikitatik ikasia dugula emakumeok, kolpea jaso arren, burua altxatu eta aurrera egiten. «Noiz haziko zaizkin titiak?», «gona motz horrekin ipurdiko katarroa harrapatuko dun», «zein gauza itsusia emakume bat mozkortuta ikustea», «beste nobio bat?», «oso lista haizela pentsatzen dun», «etxe guztietan behar da fundamentua daukan emakume bat»... Umetatik prestatuta gaude erasoak jasan eta bizitzen jarraitzeko, batzuetan barrez, bestela aspaldi ahaztua genuke irria zer den. Eta bere zauri eta min, bizitza ospatzen jarraitzen dugu. Emakumeen selekzio espainolak munduko txapelketa irabazi du. Ospakizunak mikaztu egin dira, gizonezko zenbait gizonkerietan arituko direlako. Pena, edo ez. Alfonbra azpian ezkutatuta zegoen zaborra munduaren bistara agertu da, eta hori ona izan daiteke emakumeen kirolarentzat.