Garazi Aranguren Alberdi
ARKITEKTURA

Interbentzio minimoz, ederra eta erosoa

Park am Gleisdreieck, Berlinen, lekuak erabiltzeko moduaren adibidea da. Espazio ireki handi bat katastrofe batek sortu eta zerbitzu publiko bihurtu da. Emaitza, interbentzio minimoen bidez ebatzitako hiri-espazio atsegin bat da, ederra eta erosoa. Jarraitu beharreko eredua.

Park am Gleisdreieck zalaparta urbanoaren erdian atsedenerako eta aisialdirako oasi bat da.
Park am Gleisdreieck zalaparta urbanoaren erdian atsedenerako eta aisialdirako oasi bat da. (Argazkiak: Leonard GroschPlanoa: Atelier LOIDL)

Duela ehun urte burdinazko trenbide sare bat izandako basamortu iritsezin honetan gaur egun 30 hektareatik gorako landarediaz beteriko hiri-parke bat aurki dezakegu. Hiriaren maila baino lau metro gorago kokatuta, Park am Gleisdreieck zalaparta urbanoaren erdian atsedenerako eta aisialdirako oasi bat da. Tokiaren izena bertan zegoen hiruki formako trenen bidegurutzetik dator, alemanez “Dreieck” deituriko azpiegitura. Hortaz, “Park am Gleisdreieck” trenbide-triangeluko parkea litzateke itzulita, leku honen deskribapen soil eta garbia, bertako diseinuaren ildo berekoa.

Parkea Berlinen dago, Postdamerplatz-en eta Tempelhoff artean, eta 1990ean Alemania batu zenetik garatu den azken espazio ireki handienetakoa da.

Bigarren Mundu Gerran Berlinek jasandako aireko erasoetan gune hau helburu garrantzitsua izan zen, plataforma altxatu honetan kontzentratuta baitzeuden hiri-barneko eta distantzia luzeko garraio eta posta lerro nagusien terminalak, Berlin bere hegoaldearekin konektatzen zutenak. Bertan zeuden, besteak beste, Dresdner, Anhalter eta Potsdamer-eko geltokiak. Erasoek eremua suntsituta utzi zuten, eta 1945aren jarraian etorri ziren Gerra Hotzeko urte luzeetan, hiria zatitua egon zen aroan, gunea hesituta eta publikoari itxita mantendu zen.

1970eko hamarkadatik aurrera hainbat proposamen idatzi ziren bertarako, baina herritarren ekimenek hiri-mailan premiazko zituzten aisialdiguneen alde borrokatu eta arrakastaz blokeatu zituzten eraikuntza planak. Azkenik, 1997an, Berlineko estatuak kokapen pribilegiatu honen izaera publikoa mantendu eta parke bihurtzea adostu zuen.

Lehiaketaren deialdia 2006an atera zen, eta proposamen irabazlea Atelier LOIDL bulegoarena izan zen bi fasetako eraikuntza plangintzari esker. Diseinua parte-hartze bidez eraman zen aurrera, horretarako lantalde espezifiko bat sortuta, “Auzo Kudeaketetako” zinegotziek eta egoiliarren ordezkariek osatutakoa.

Park am Gleisdreieck elkarri konektatutako hiru parke-zatiz osatzen da: ekialdeko Ostpark (17 ha), mendebaldeko Westpark (9 ha) eta hegoaldeko Dora-Dunker-Park (5,5 ha), 2011tik 2014ra egokitzen joan direnak. Lehen biak elkarren alboan daude, ipar-hego ardatzean trenbide lerro batek bereizita. Hegoaldeko zatia, hasieran Flaschenhals (botila-lepoa) eta orain Dora-Dunken-Park deitzen dena, Yorckbrücken zubi-multzo babestuen bidez lotzen da Ostpark-arekin.

Proposamenak ebatzitako erronken artean inguruko hiri-sareak artikulatzea, erabilera, abiadura eta errealitate sozial ezberdinak uztartzea eta trenbide-ondarea babestea dira garrantzitsuenak. Hau guztia maisuki ebazten da xehetasun finak, material sentsualak, landaredia landua eta berdegune basatiak erabiliz, ahalik eta modu sinple eta naturalenean diseinatuz parkea.

Esparruko sarrera bakoitzean erantzun ezberdin bat eman da, plataforma handien bidez irisgarritasun-hesiak ezabatzetik lau metroak gainditzeko artefaktu abstraktuak txertatzeraino. Soluzio bereziena Yorkstrasse kaleko igoerarena da, lurrazalaren ondulazioen bidez Yorckbrücken zubien azpiko 500 metroko tunelari arnasgune bat oparitzen baitio.

Parkeko bi zati printzipalek, Ostpark eta Westpark-ek, antolaketa-eskema bera dute: erdian belardi zabal bat dago, eta perimetro guztia basoz inguratuz, oasi efektua sortzen da. Zuhaizti hauek trenbide aldera pantaila-akustiko paregabea dira, eta eraikinen aldera programa-eskaintzak antolatzeko balio dute. Erabilera batzuk aipatzearren, haur-parkeak, kirol ezberdinetarako instalazioak (hondartza barne), lorategiak, baratzeak, txakurrentzako parkeak eta belardi erruderalak daude. Espazioak antolatzeko, besterik gabe, mota ezberdinetako bideak baliatzen dira, hauen zabalera, izaera eta materialak bereizketa-kode gisa ibiliz.

Hirugarren zatia, hegoaldeko Dora-Dunker-Park estu eta luzea, pasekoa da soilik, eta bertan belardi erruderaleko basoan barneratzeko aukera ematen zaigu. Belardi erruderalak segida-ekologikorako guneak dira, natura bere kabuz birsortzeko erreserbatutako guneak.

Emaitza, interbentzio minimoen bidez ebatzitako hiri-espazio atsegin bat da, ederra eta erosoa.

Park am Gleisdreieck-ek Berlingo Arkitektura Saria jaso zuen 2013an, Alemaniako Hiri Garapenerako Sari Berezia 2014an eta Paisaiaren Arkitektura Saria 2015ean.

Arraroak dira Gleisdreieck bezalako aukerak, non hain espazio ireki handi bat katastrofe batek sortu eta zerbitzu publiko bihurtu den. Baina zer pentsatua ematen digu, guk ere baditugu-eta oraindik, hiriguneen erdian, industria eta azpiegitura azalera izugarriak.