7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Raw

Artikulu honek gordinaren joera ikertzen du; hau da, material natural, lehengai eta tratatu gabekoekin apaintzean datzan joera. Horrela, egungo arkitekturak zilegitasuna itzultzen die egitura-elementuei. Azken boladan arkitektura gordin hori gero eta ohikoagoa izateak bere ondorioak ditu.

Madrilgo Plantea Estudio gazteak egindako “Espacio Betty”-ren birgaitze proiektuan, barne diseinuaren eta espazioaren historiaren arteko jolasaldia argi ikus daiteke. (Argazkiak: Lucía Gorostegui)

Gordin, edo raw, ingelesek dioten modura. Halako joera aspaldi ari da aldarrikatzen, bai arkitekturan bai barne diseinuan. Agerian uzten dira, gordinik, materialak. Beste garai batzuetan “akaberak” gehitzen ziren espazio horiek janzteko beharra zuten pertsonek; bada, orain, agerian uzten dituzte, eraikuntzaren gorputza azalera ekarriz.

Lehen, materiala nobletasunaren arabera sailkatzeko joera zegoen. Horren arabera biltzen ziren harria, egurra... eraikuntza tradizionalarekin bat zetozen elementuak akaso, eta kanpoan geratzen ziren eraikuntza elementu modernoak; hormigoia, adreilua, altzairua... Azken horiek egungo eraikuntzaren giltzarri ziren, eta oraindik ere badira. Azken aldian, barne espazioei dagokienez, antzoki baten modura dekoratzeari utzi zaio.

Gaur, bada, espazioa sortzen duten materialak ulertu, baieztatu eta kontainer horren atmosferaren parte bihurtzen dira. Sarritan, espazioa sortzen duten materialak, egiturarekin zer ikusia dutenak gehienetan, diseinuaren gako bihurtzen dira. Joera hau ez da bakarrik birgaitzeetan ematen, eraikuntza berrietan ere ikus daitezke horrelako adibideak.

Birgaitze obren kasuan, gordintasuna objektuaren eta denboraren arteko elkarrizketaren ideiarekin lot daiteke. Eraikina denboran zehar emandako bizitzen eta espazioaren aldaketen arteko jolasleku bihurtzen da. Materialtasunaren hizkuntza erabiltzen du jolasleku. Horrelako lanetan sarritan agertzen dira aurreko erabiltzaileen historiak, eraikinaren programaren nondik norakoak, hauetan eman diren kalteen zauri eta sendagaiak, eta abar. Horrek guztiak denboraren testigantzaren oinordeko bihurtzen ditu diseinuak, edukiontzia aztarnategi bihurtzen du.

Egungo arkitekturak, aspaldiko partez, egitura elementuei zilegitasuna bueltatzen die. Hots, egitura osatzen duten materialei nortasuna eta balorea ematen die. Kontainer horren sortzaileei tartea ematen zaie, beraz, eta sarritan proiektuaren atal nagusi bihurtzen dituzte. Azken hamarkadetan sortutako material eta teknologia berriek joera honetan garrantzi handia duten arren, proiektuak sorrarazten dituzten profesionalek ere ematen dute zeresana. Kasuak kasu, askotan profesional horiek, proiektuen diseinua muga dezaketen araudiak interpretatzeko eta elementu horiek gordin utzi ahal izateko, materialak eta eraikuntzak ondo ezagutu behar dituzte.

Material eta eraikuntza teknikak ondo ulertu eta erabiltzetik datorren joera honek programa ezberdinetako eraikuntzetara aplikatzen diren ereduak ditu: etxebizitzak, lokalak, eraikin publikoak, espazio publikoa…

Proiektuaren eskala eta programa alde batera utziz, milaka adibide plazara daitezke. Madrilgo Plantea Estudio gazteak egindako “Espacio Betty”-ren birgaitze proiektuan adibidez, barne diseinuaren eta kontainerraren historiaren arteko jolasaldia argi ikus daiteke. Eskala txikiko birgaitze honek altzari denda baten lokal berriaren diseinuan datza. Espazioa aktibitate berrira moldatzerakoan espazioak denboran zehar izandako eraldaketen historia agerian uzten du, baita erabilera berriarekin datozen gehigarriak ere. Gehitutako elementu berriak zein zaharrak gordinik agertzen dira, espazioaren nortasuna aldarrikatuz eta bestelako lokaletatik bereiziz.

Arkitektura raw hori azken aldian gero eta komunago bihurtzeak bere ondorioak dakartza. Bada, moda bihurtzearekin batera, kontzeptua era egokian ez ulertu eta hasierako ideia hori guztiz galtzera joan daiteke. Beraz, azkenean, modak ez al du kontzeptua berriz ere antzokiaren ideiara bueltatzen?