OCT. 01 2023 ARGAZKI ERREPORTAJEA Sebastiao Salgadoren «salba dezagun Amazonia» Rio Negroko Anavilhana uharteak (Amazonas estatua, 2009). (Sebastiao Salgado) Amaia Ereñaga Zazpi urtetan 58 bidaia egin zituen Sebastiao Salgado argazkilari brasildarrak Amazoniako oihanaren bihotzera. Erromesak legez, abentura honetako egonaldi bakoitzean ikasketa bat, aurkikuntza bat, konbentzimendu bat dago. Gure imajinario kolektibora ekarri du han ikasitakoa; alegia, paradisua eta bere biztanleak arrisku bizian daudela. Hainbat hiritatik pasatu ondoren, Madrilgo Fernan Gomez kulturgunean dago ikusgai 2024ko urtarrilaren 14era arte “Amazonia” erakusketa kitzikagarria. Laguntza oihu ozen bat da, maitemintzeko gonbita. Berotze globalaren aurkako borrokan, “planetaren birikak” deitzen zaion Amazoniako oihanak berebiziko garrantzia du. Baina paradisu eder hau tragedia baten agertokia ere bada –suteak, soja plantazioak, abeltzaintza intentsiboak, urre-biltzaileak...–, infernua bihurtzeraino, batez ere bertan bizi diren 370.000 indigenentzat. Argazki guztiak Brasilen ateratakoak dira. Behean, Yavari haranean bizi diren marubo indigenak. Rio Negro ibaiaren Mariua artxipelagoa. Xaman yanomami bat, Pico da Neblinara igo aurretik, errituala egiten (Amazonas estatua, 2014). Ashaninka etniakokideak (Acre estatua, 2016). Yawanawa emakume baten edertasuna (Acre estatua, 2016). Guztira 169 talde etniko bizi dira oihanean. Rio Negro «ibai hegalari» bihurtuta. Amazoniako paradisuaren hauskortasunaz kontzientzia piztea da erakusketaren xedea, oraindik salbatzeko garaiz gabiltzan oihan baten edertasunari eginiko omenaldi hunkigarria. Lelia Wanick Salgado komisarioaren hitzetan: «Gure helburua ez da hondamendiaren izugarrikeria salatzea, baizik eta eskualde honen edertasun paregabea erakustea eta basoa zein bertako biztanleak zaintzearen garrantzia azpimarratzea». Antzinako mundu hau, non naturak eta gizakiak bat egiten duten, desagertzeko arrisku bizian dago, baina mundu galdu bat irudikatu baino, proiektu honekin planeta mugiarazi nahi dute, edertasuna akuilu bihurtuta. «Kolapsoa hasi baita», Salgadok esan duenez. 1998. urtean, Sebastiao Salgadok eta haren emazte Lelia Wanickek Terra institutua sortu zuten Brasilgo Minas Gerais estatuko Rio Doce ibarreko familia-etxaldean. Higadurak suntsitutako eskualdea zen. Hogei urte baino gehiago igaro direnean, eta hiru milioi zuhaitz landatu ondoren, dibertsitate biologiko guztia itzuli egin da, baita jaguarrak ere, eskualdean desagertutzat jotzen zirenak. Erakusketa bertan egiten duten lan pedagogikoari lotuta dago erabat: «Hemendik bisitariak Amazonia babesteko borondate irmoarekin atera daitezela espero baitut», esan du Wanickek. 1,4 milioi pertsonak ikusi dute Paris, Erroma, Londres, Los Angeles, Sao Paulo eta Milanetik igaro ondoren, eta orain Madrilen egongo da datorren urtera arte.