OCT. 08 2023 ABORTUA ESTATU BATUETAN: BABESTUTA HEMEN, DEBEKATUTA HAN Abortua, eskubideen kartografia bat AEBetan Abortu-eskubidea onartu zenetik 50 urte betetzear zirela, babes konstituzionala kendu zion AEBetako Auzitegi Gorenak. Geroztik, haurdunaldia etetea erabat debekatu dute hainbat estatuk, eta beste batzuek are babes handiagoa onartu dute. Testuinguru horretan, eztabaida politikoaren erdi-erdian sartu da gaia. Unai Huizi | Getty Images Urtzi Urrutikoetxea Fargo, Ipar Dakota hiririk handiena, zinezale askoren gogoan dagoen lekua da, 90eko hamarkadan Joel eta Ethan Coen anaiek egindako izen bereko filmagatik. Era berean, azken urteotako kultuzko telesailetako batek ere izendapen bera izan zuen. Egun, Minneapolisetik iristen denak autobideko lehen irteera hartuta Fargoko harrera gunea aurkituko du, eta bertan filmari buruzko ezusteko bat edo beste. Baina pelikula, berez, ez zen Fargon filmatu, aldameneko Minnesota estatuan baizik. Izan ere, AEBetako iparraldeko bi estaturen mugan dago Fargo: Kanadarantz doan (bi ordura dago muga) Red River edo Ibai Gorriak Minnesota estatuko Moorhead hiritik bereizten du. Oro har, hirigune bakar bezala antolatu ohi da, Fargo-Moorhead izenez, baina bi estatutan daudenez hiriak, gerta liteke elkarren aurkako legeak izatea. Fargon, Ipar Dakota osoan bezala, abortua guztiz debekatuta dago; 2022ko ekainean AEBetako Auzitegi Gorenak Roe delakoa indargabetu zuen (1973tik indarrean zegoen babes konstituzionala, estatuei abortua mugatzea eragozten ziena), eta estatu bakoitzaren esku utzi zuen gaiari buruzko araubidea. Hala, Ipar Dakotak legerik gogorrenetakoa hartu du: emakumearen bizia arriskuan dagoenean baino ez da legala, edo, sei astera arte, haurdunaldia bortxaketa baten ondorio bada. Asko dira sei astera haurdun daudela ez dakiten emakumeak, ordea. Minnesotan berriz, bere horretan eutsi diote abortu-eskubideari, fetua bideragarri den artean eten liteke haurdunaldia, eta adingabeek ere izan dezakete abortua gurasoen baimenik gabe. Fargora iritsi baino lehen, ibai gaineko zubiaren aldamenean, atentzioa ematen du egurrezko eliza handi batek. 900 urte dituen Norvegiako Hopperstad egurrezko elizaren erreplika ikusgarria da. Leku lasaia da, baso txiki baten ondoan, muino batetik ibaia eta, beste aldean Fargo ageri da. Bost minutuan irits liteke oinez. Baina AEBetan bide gehienak autoentzat pentsatuta daude, eta halaxe daude paratuta abortuari buruzko iragarkiak publizitate-paneletan, amatasunari, haurren hilketari edo erlijioari buruzko mezuekin. Horien artean bakanak dira, baina hortxe daude halaber, emakumeen osasunaz arduratzen diren zentro baten oharrak ere. Urteetan Ipar Dakota guztian abortuak egiten zituen klinika bakarra, Red River Women’s Clinic, adreiluzko eraikin gorri batean egon zen Fargon. Iaz arte. Hiriaren erdialdean zegoen, oinezkoen gunean. Asteazkenero, estatu osotik iritsitako 20-25 paziente artatu ohi zituzten. Auzitegi Gorenak abortu-eskubide konstituzionala ezabatu eta berehala, zenbait estatuk ordurako onartuta zeuzkaten legeak indarrean sartu zituzten. Planned Parenthood eta antzeko elkarteek auzitegietan lortu zuten Ipar Dakotako kasuan zenbait hilez bertan behera uztea abortuaren gaineko debekua, baina klinikaren arduradunentzat argi zegoen estatu horretan ezingo zela aborturik egin. Tammi Kromenakerrek, zentroko zuzendariak, beste eraikin bat hartua zeukan, Fargokotik hiru kilometrora, zazpi minutu baino ez autoz, baina bi mundu juridiko tartean: erabateko debekua batean, abortu-eskubidearen babesa bestean. Fargon ez bezala, Moorheaden herriko kanpoaldean ezarri dute klinika, aparkaleku pribatua ahalbidetzeko. Lehen, izan ere, oinez sartu beharra zeukaten, astero klinikaren atarian elkartzen ziren abortuaren aurkako ekintzaileen artetik, aterki koloretsuekin babestu ohi zituzten dozena bat pertsonak lagunduta. Orain ere asteazkenero joaten dira Moorheadera manifestariak; bat arrosarioa eskuetan, beste bat fetuen argazkiekin, denak ere haurdunaldia etetea erabakitzen duten emakumeei presio egiteko asmoz. Estatu Batuetako mendebaldera joanda, Oregon Trail edo behinola Pazifikoraino zihoan bideko txoko batean Ontario herria dago. Ez da handia, eta bertako museo txikiak herrian eragina izan duten komunitateei txokoa egiten die: iparraldeko paiute indigenak, japoniar etorkinak eta euskal artzainak. Benetan topaleku bitxia osatzen dute hiru taldeek. Museoaren parean, 5. kalea gurutzatuta, bulegoa eta klinika ireki berri ditu Planned Parenthood elkarteak; Estatu Batuetan osasun- ginekologiaz arduratzen den erakunde handiena da, eta klinika gehien dituena. Izan ere, Portland hiriraino eta Pazifikoraino doan 84. estatuarteko errepidean Oregonen dagoen lehen herria da Ontario. Soziologikoki eskualde kontserbadorea da estatuaren ekialdea -izan da Oregon utzi eta Idahorekin bat egitea proposatu duen elkarterik-, baina nagusiki urdin bozkatzen duen eta abortua guztiz legezkoa den estatu batean egonik, oso gune berezian dago: 45 minutura dauka Boiseko erdigunea. Estatu Batuetako euskaldunen herririk garrantzitsuenetakoa da Idahoko hiriburua; hau da, irla progresista bat, oso estatu errepublikano batean. AEBetako neurririk gogorrenetakoak hartu ditu Idahoko Kongresuak: abortua erabat debekatuta dago. Salbuespen bakarrak dira poliziaren aurrean salatutako bortxaketa bat edo medikuak ebaztea emakumearen bizia arriskuan dagoela. Orain artekoa aski ez, eta are gehiago zorroztu ditu aurtengo udaberrian legeak: hala, espetxe-zigorrak aurreikusi dituzte adingabeei gurasoen baimenik gabe estatutik kanpora abortatzera laguntzen dieten pertsonei. «Gazte gehienek beren gurasoak inplikatzen dituzte horrelako erabaki batean. Gurasoengana jotzerik ez dutenen kasuan, oso egoera larrian dauden gazteei buruz ari gara. Zigor penalak ezartzeak, ez soilik osasun-arreta bilatzen duenari, baita laguntzen duena zigortzeko ere, ez ditu arazo hauek konponduko», salatu zuen Rebecca Gibron Planned Parenthoodeko arduradunak. Azken batean, gurasoengana ez jotzeko motiboetako bat izaten da etxean bertan jasotako sexu-erasoen ondorio izatea haurdunaldia. «Idahoko muturreko hautetsiak herrialde honetan ahal den beheren geratzeko lasterketan ari dira». Neurriak 57 boto izan zituen alde Idahoko Ganberan, eta hamabi aurka. Uneotan auzitegietan dago gaia, besteak beste, mugitzeko eskubidea ere urratzen duelako. Abortuen erdiak baino gehiago botika bidez egiten dira AEBetan, baina badira hori ere debekatzeko ahaleginak. Olivier Douliery | AFP BOTIKEN BIDEA Abortu-eskubidea estaturik estatura horrenbeste aldatzen denez, ez da harrigarria haurdunaldia eteteko aukeren artean botika izatea gehien hazi den neurria. Egun, AEBetan egiten diren abortuen erdietan baino gehiagotan erabiltzen da mifepristone botika. Hainbat estatuk kliniken aurka hartutako neurrien ondorioa izan da, hamar astera arteko haurdunaldiak eteteko onartu izan den pilula erabiltzea. Mifepristone misoprostol botikarekin batera erabili ohi da. Lehenak haurdunaldia geldiarazten du, eta bigarrenak umetokia husten du. Hilaurtzeetan ere -naturalki gertatutako abortuetan- erabili ohi den botika da. Abortu-eskubidearen aldeko manifestazioetan behin eta berriz oihukatzen diren izenak dira, haurdunaldiarekin aurrera jarraitu nahi ez eta zer egin ez dakitenek ere argi ulertzeko eran. Joan den udaberrian, baina, Donald Trumpek izendatutako Matthew Kacsmaryk Texasko epaile ultraeskuindarrak mifepristonea debekatzea ebatzi zuen. Bidenen gobernuak errekurtsoa jarri zuen, eta Helegiteen Auzitegiak erdibidea hartu zuen: Kacsmaryken debeku orokorra baliogabetu baina neurririk zaurgarrienetako batzuk indarrean utzita. Hala, posta bidez banatzea galarazi zuen, eta horrek beharrizan handiena duten emakumeei eragingo lieke, abortua ia guztiz debekatuta dagoen estatu errepublikanoetako neska pobreei, zehazki. Auzitegiaren neurria indarrean sartu baino bi egun lehenago Gorenaren ebazpena iritsi zen, Justizia Sailaren eskeari erantzunez: aldaketa guztiak bertan behera geratu ziren behin-behinean, hau da, mifepristonea lehengo baldintza bertsuetan sal daiteke. Oraingoz. Abuztuan, New Orleanseko epaile federal batek zazpi astera mugatu zuen mifepristonearen erabilera. Gorenaren apirileko ebazpena indarrean dagoenez, mugapen berri horrek ez dauka ondoriorik, baina Gorenak mahai gainean dauka gaia, eta auzian sartu behar dela ebatz lezake. 2000. urtean onartu zuten mifepristone botika, lau urteko behaketa prozesuaren ostean eta FDAk, AEBetako Gobernuaren Elikagaien eta Sendagaien Agentziak, medikamentu segurua zela ebatzita. Auzitegiek agentzia zientifiko baten ebazpena atzera botatzea aurretik inoiz gertatu gabea da. Baina eskubide konstituzionalak ezabatzea ere aurrekaririk gabeko zerbait zen, harik eta 2022ko ekainean Dobbs iritsi zen arte, Roe eskubide konstituzionala ezabatzen zuen erabakia. Eta Auzitegi Goreneko kideak orduko berberak dira, bost kontserbadore eta hiru progresista, Donald Trumpek egindako izendapenei esker. KANSASEKO ERREFERENDUMA Antzeko egoerak leku batean baino gehiagotan daude: Missouriko bi hiri nagusiak, esate baterako, estatuaren ekialdeko eta mendebaldeko mugetan daude. Hala, St Louisen zeuden klinikak Mississippi ibaiaren beste aldera joan dira, Illinoiseko estatuan abortua legezkoa baita. Era berean, Kansas Cityko erdigunea Missourin egon arren, Kansas estatuko muga ere hiriaren kanpoaldean dago, eta azken horretan legezkoa da abortua. Areago, Kansas mugarria izan da beste zenbait estaturi bidea erakusterako orduan. Izan ere, Chicagoren abaroan progresista bozkatu ohi duen Illinois ez bezala, Kansas estatu kontserbadorea da: hauteskundez hauteskunde errepublikano bozkatu ohi duen estatua da, baina gainerako estatu “gorrietan” ez bezala (errepublikanoen kolorea da gorria, eta urdina da demokratena), Kansaseko konstituzioan txertatuta zegoen emakumeak bere haurdunaldiaz erabakitzeko gaitasuna. Babes konstituzional horrek esan nahi du ez dela aski estatu bateko ganberetan bozkatze soila, herritarrengana ere jo behar da neurri konstituzional bat aldatzeko. AEBetako Auzitegi Gorenak abortuaz arautzeko eskubidea estatuetara itzuli zuenean, Kansaseko kontserbadoreak saiatu ziren, inguruko Texas edo Missourin bezala, erabateko debekua ezartzen, eta horretarako babes konstituzionala kentzeko erreferenduma deitu zuten 2022ko abuztuan. Gorenaren erabakitik hilabete eta erdi baino ez zen, eta sekulako mobilizazio feminista eta progresista piztu zen Kansasen; azkenean, abortu-eskubideari eustea lortu zuten. Are gehiago: beste estatu batzuetan segi zitekeen bidea erakutsi zuten, eta alderdi errepublikanoko bati baino gehiagori adierazi zieten herritarren iritzi orokorra, baita eskualde kontserbadoreetan ere, estremismo antiabortistatik urrun zegoela. Hala, iazko udazkenean agintaldi erdiko hauteskundeetan kale egin zuten inkestek. Kansasen bezala, AEBetako gainerako herrialdeetan ere mobilizazio handia gertatu zen. Errepublikanoek Ordezkarien Ganberan gailentzea lortu zuten, baina espero zutena baino askoz alde txikiagoa daukate. Are gehiago, Senatuan, atzera egin zuten. Urtero azaroan egiten diren bozketetan ez dira ordezkariak bakarrik hautatzen, ordea; herritarrek proposatutako dozenaka neurriri buruz ere bozkatzen dute. Sei estatutan egin zituzten abortuari buruzko erreferendumak: Kalifornia, Michigan eta Vermont estatu urdinetan (demokrata) babesa handitzea proposatu zuten, abortu-eskubidea estatuetako konstituzioetan txertatuz. Hiru estatuetan baietz bozkatu zuten herritarrek, espero bezala. Beste hiru estatutan, baina, aurkako proposamena izan zuten, lobby kristauek bultzatuta: abian ziren bataila judizialak atzean uzteko asmoz, haurdunaldia eteteko borondateari are oztopo handiagoak jartzea zuten helburu Montanan, Kentuckyn eta Kansasen. Azken bi horietan konstituzio-babesa kentzea zuten helburu erreferendumaren deitzaileek. Baina hiruretan kale egin zuten; herritarrek ezetz esan zioten neurriak are gehiago zorrozteari. Abortua eta abortu segurua legeztatzearen aldeko manifestazioak. Urtzi Urrutikoetxea BORROKA LUZEA AURRETIK Ehunka mila herritarren sinadurari esker datorren hilean Ohion egingo duten galdeketa oztopatzeko saiakera egin zuten joan den abuztuan ere; beste behin, herritarrek ezetz bozkatu zuten. Hala, azaroaren 7an abortu-eskubidea estatuko konstituzioan sartu ala ez erabakiko dute azken urteotan errepublikanoen alderantz lerratu izan den estatu industrial horretako herritarrek. Gorenak Roe ezabatu eta gutxira titular gehien izan zituen estatuetako bat izan zen Ohio, bederatzi urte zituela bortxatu zuten neskato bati haurdunaldia etetea debekatu ziotelako. Azkenean, aldameneko Indianara joan behar izan zuen abortatu ahal izateko. AEBetako hedabideetan behin baino gehiagotan agertu dira antzeko tragediak: Mississippin, jazz eta bluesaren sorlekutzat jotzen den Delta eskualdeko Clarksdalen, 13 urteko neskato bat bortxatu zuten iaz. AEBetako eremurik pobreenetakoa da, eta beltzek zuriek baino lau aldiz arrisku handiagoa dute haurdunaldiarekin lotutako konplikazioen ondorioz hiltzeko. 2022ra arte Ashley neskatoak Memphis edo Jacksonera jo ahalko zukeen (ordu pare batera autoz) haurdunaldia eteteko. Aukera horiek kenduta, zazpigarren maila hasi baino egun batzuk lehenago haur batez erditu zen 13 urteko umea. Aste batzuk lehenago, 19 urteko Celeste Burgess espetxeratu zuten, 17 urte zituela izandako abortuaren ondorioz. Irailaren 11n geratu zen libre, baina haren amari bi urteko espetxe-zigorra ezarri berri diote, online abortatzeko pilulak eskatu eta fetua desagerrarazi zutelakoan. «Kasu hau benetan tristea da, erabat etsita dagoenean jotzen baitu jendeak horrelako gauzetara», adierazi zuen Greer Donley Pittsburgh-eko Zuzenbide irakasleak. «Jendeari etsipena dakarkiona abortuari buruzko debekuak dira». Abortuaren aurkako elkarteek eta haien ordezkari politikoek behin eta berriz esan dute ez dituztela haurdun diren neskak kriminalizatu nahi, baina kasu honek agerian uzten du marra gorri hori gainditu egin dela. Mississippi eta hegoalde osoan legez, uneotan debekatuta dago abortua Indianan (Missouriko kasuan bezala, Illinoiseko mugako herrietara joan dira Indianako klinikak). Ohion, berriz, abortua sei astera mugatzen duen legea onartuta dago, baina abortu-eskubidearen aldeko abokatuek oraingoz neurria behin-behinean indargabetzea lortu dute auzitegietan. Etengabeko ziurgabetasun judizial hori amaiarazteko helburua dauka azaroko erreferendumak. Beste lau estatuk ere iragarri dituzte abortuari buruzko galdeketak. Abortua legezkoa den Pennsylvanian eta Washington estatuetan datorren hilean bozkatuko dute, eta kasu horietan aurkariek egin dute deialdia: Pennsylvanian Estatuko konstituzioa aldatzea dute helburu, abortatzeko eskubidea bertatik ezabatzeko. Washingtonen, berriz, abortua nahi luketen adingabeen kasuan guraso edo tutoreak jakinaren gainean izatea eskatzen dute deitzaileek. Era berean, abortu-eskubidea onartuta daukaten Marylandek eta New Yorkek are babes handiagoa ematea espero dute 2024ko hauteskundeetan: ekialdeko bi estatuetan gaia konstituzioetan txertatzeko galdeketak deitu dituzte. Errepublikanoak ere ohartu dira herritarren iritzi orokorretik urrun diren muturreko jarrerak hartu dituztela. Sean Rayford | AFP HAUTESKUNDEETAKO GAIA Estatu Batuak hauteskunde-urtean sartzear dira, eta Joe Bidenek Alderdi Demokrataren babesa du; errepublikanoen artean, aldiz, nahasmen handiagoa dago presidentegaia nor izango duten erabakitzeko: lau auzibide dituen eta datorren urtean espetxe-zigorrak jaso ditzakeen Donald Trump presidente ohia da orain arteko inkestetan faborito ageri dena, baina beste hautagai eskuindar ugari ere badira. Gainerako gaietan Trumpen aurka kritika egitera ausartu direnak gutxienak izan arren, abortuari buruz presidente ohiak esandakoek hautsak harrotu dituzte jarraitzaile kontserbadoreen artean. «2024an irabaztekotan, errepublikanoek ikasi behar dute nola mintzatu abortuari buruz». Trumpek iazko hauteskundeetan eta geroko galdeketetan zein inkestetan argi geratu dena esan zien boto-emaile errepublikanoei Iowan: oso muturreko jarrerak hartuz gero, abortuari buruzko erabateko debekua onartuz eta «inolako salbuespenik gabe, hauteskundeak irabaztea oso zaila» zela. Kongresuan uneotan daukaten «gehiengoa galduko dugu, eta baliteke presidentetza ere galtzea, salbuespenik onartu ezean». Bide batez, Ron DeSantis Floridako gobernadore eta Trumpen aurkari errepublikano nagusiari kritika egin zion presidente ohiak, abortuari buruzko neurri zorrotzak onartu dituztelako hegoaldeko estatu horretan. DeSantisek ohi ez bezala kritikatu du Trumpek gaiari buruz daukan jarreragatik. Praktikan, gobernadore errepublikano askok neurri gogorrak hartzen dituzten bitartean, hauteskundeetara aurkezten diren hautagai errepublikano gehienek ez dute gaia aipatu ere egin nahi: lobby kristauek eskatutako muturreko jarrerek kanpainak finantzatzeko dirua dakarte, baina aurkako erreakzio sendoa ere bai. Ildo horretan, bada gainerako hautagai errepublikanoengandik bereizi den figura bat: Mike Pence presidenteorde ohiarena. Ezin uka, berari zor zaiola neurri batean Trumpen zaleek 2021eko urtarrilaren 6an Kapitolioan egindako erasoak porrot egitea; Pencek uko egin zion presidenteak eskatutakoari, hauteskundeetako emaitzak eta beraz Trumpen porrota ez onartzea galdegin baitzion. Jarrera horrekin batera, baina, integrismo kristaua ere ez du ezkutatzen Pencek, gainerako hautagaiei posizionamendu argia eskatzeraino: berak, argi dauka, Gorenaren erabakitik haratago joan nahi du, debeku federala ezarriz abortu-eskubideari. Horregatik bakarrik, ia ezinezkoa da Pencek lortzea errepublikanoen hautagaitza, herritar kontserbadoreek azken hilabeteotan kontrako jarrera erakutsi baitute. Testuinguru horretan, garrantzi berezia izango dute azaroan Virginiako Ganberarako egingo diren hauteskundeek. Duela bi urte Glenn Youngkin errepublikanoak sorpresa eman zuen eta demokratei kendu zien agintea. Baina une hartan abortu-eskubide konstituzionala zegoen. Youngkinek badaki Virginiako zati jendetsuena progresista samarra dela -Washington hiriburuaren ingurukoa- eta ez du abortu-eskubidearen aurkako neurri askorik hartu beste gobernadore errepublikano batzuekin konparatuta. 15 astera arteko epea proposatzen du, egun dagoena murriztuz, baina Texas edo beste estatu batzuen legeetatik urrun. Izan ere, ofizialki dauden hautagaien babesa zeinen txikia den ikusita, eta Trumpek espetxean amai dezakeela, Youngkinen izena batek baino gehiagok aipatu du azken asteotan. Eta, zalantzarik gabe, 2024ko presidentetza hauteskundeetako eztabaidaren erdian egongo da abortu-eskubidea. Zazpi minutu baino ez dira autoz Fargoko klinika zaharretik Moorhead-ekora, baina bi mundu juridiko tartean: erabateko debekua batean, abortu-eskubidearen babesa bestean Zenbait estatutan egin diren erreferendumetan, abortu-eskubidearen alde edo neurriak zorroztearen aurka bozkatu dute herritarrek.