7K - zazpika astekaria
KIROLA

Malgutasuna vs. indarra


Tradizionalki gaitasun fisikoei (indarra, abiadura, erresistentzia eta malgutasuna) ikuspuntu indibidual batetik ekin zaie, bereizitako blokeak izango balira bezala; eta fenomeno hau are eta garbiagoa da malgutasunaren kasuan. Agian ahultasunarekin lotu delako askotan, edo eta beste gaitasunekiko interferentziak sortzen dituela uste izan delako. Hau da, zenbat aldiz entzungo genuen malgua izateak indarra garatzea oztopatzen duela?

Baina aldi berean, kirol munduan giharren gehiegizko uzkurduraren eta luzaketaren ondoriozko zuntz hausturak ikusten direnean, pentsa genezake agian indar gutxiago eta malgutasun handiagoa izateak lesio horiek ekiditen lagunduko ligukeela. Baina errealitatean hau ere ez da horrela.

Malgutasuna, bere horretan, gorputz batek tolesteko duen gaitasuna izango litzateke. Jarduera fisikoaren munduan aldiz, ROM-az (Range of Motion) hitz egin ohi da. Holt eta Pelhamek (2008) definitu moduan ROMa, edo artikulazio baten mugikortasuna, malgutasunaren adierazpen kuantitatiboa (graduetan) da, eta adina, sexua, egitura artikularra, ehunen histologia eta beste zenbait faktoreren mende dago. ROM optimoak zein diren ez dakigun arren, jakina da mugikortasun mugatu bat lesioen arrisku faktorea dela.

ROMa hobetzeko teknikarik erabilienak luzaketa ariketak izan dira tradizioz, baina gaur egun indar entrenamenduak mugikortasunaren hobekuntzan izan dezakeen onura guztiz frogatuta dago. Alfonso et al.-ek (2021) egindako ikerketa batean frogatu zuten indar entrenamenduek luzaketen onura berberak sor ditzaketela mugikortasunean.

Azken finean, gihar batek karga bat jasateko duen ezintasunagatik gertatzen dira zuntz hausturak, eta giharra zenbat eta luzatuago egon, orduan eta karga txikiagoa jasan dezake. Beraz, lesioen prebentzioaren ikuspuntutik, azken helburua ez da artikulazio baten mugikortasuna handitzea, baizik eta, artikulazioak eta giharrak luzatuta dauden une horretan, gihar horiek karga jasan ahal izatea, hausturarik izan gabe, noski. Hau da, ez da indarra edo malgutasuna elkarren aurka egongo balira moduan, bien aldi bereko garapenak eta elkarreraginak sortuko baititu onura gehien.