Sustrai Colina
IRITZIA

Onddoez

S.apurgarria,

Aski onddo bildu al duzu? Galde niezazukeen eguraldiak aldartean eragiten dizun, zergatik iruditzen zaizun euskararen koofizialtasunaz mintzo direnak euskararen kozapalkuntza dutela ahotan, iraileko promesak lurrundu zaizkizun, Maddi Goikoetxearen “Ura jaten” irakurtzeak zure prekarietateaz jabearazi zaituen, noiztik ez duzun errezeta berri bat prestatzeko astirik hartu... Baina ez, aski onddo bildu duzun galde egin dizut. Nork erantzuten dio egiaz “zer moduz” bati? Zuk ez. Horregatik, esadazu zergatik sumintzen zaituen whatsappeko pornografia mikologikoak, zergatik egiten diozun hozka mingainari ingurukoek saskia gainezka ekarri dutela kontatzean edo, ezinbestean, zergatik irakurtzen dituzun kondairak diruditen onddoei buruzko egunkarietako albisteak. Ez zara nor inoren poza epaitzeko. Hobe zenuke inbidia eta gehiegizko testosterona egozten dizkizun zure baitako fiskalarekin tratua ixtea. Irene Solaren azken nobelak ere ez dizu historiak oinordetzan utzitako ehiztari-biltzaile primitiboa bezatu. Edo, agian, bai eta, besterik gabe, beste guztiak bezalakoa izan nahi duzu. Zure iritziak berresteko aukeratzen dituzu hedabideak, zein artaldetakoa zaren erakusteko erosten duzu arropa, zu bezalakoak hautatzeko manera bat baizik ez dira zaletasunak edo oporretarako destinuak... Zure antzeko pentsamendua duen jendez gainpopulatuta dagoen mundu bat eraiki duzu zuk ere. Jende horrek, ordea, nahi beste onddo bildu du aurten, eta zuk ez.

Alferrik azalduko diezu esku batean aitatxiren hatza eta bestean saskia oihaneratzen zinela umetan, oraindik gogoan iltzatuta duzula aitatxik muga igaro ezinik zebilen polizoi portugaldarra uretatik atera zuela kontatu zizun Bidasoa bazterra. Besteren nostalgiak ez du inor kontsolatzen. Mingarriegiak dira iraganetik orainerako ispilatzeak; epikak eta etikak gutxiegitan errimatzen dute. Aitatxik ekarritako onddo saskikadak izozkailuan sartu eta okasio seinalatuetan jan ahal izateko esker txarreko lana amatxiren bizkar jausten zela kontatuko zenuke, bestela. Berrogeita bat urte betetzear, eta ez duzu ikasi orbelak ez dituela onddoak soilik estaltzen. Onddo saski baten eta orbel zaku baten artean hautatzea nekeza zaizu oraindik. Ez ahantzi, dena den, dagoeneko bizitako bizitza bati so eserita zaudela iruditu arren, ibaiak ez direla inoiz sorburura itzultzen.