Jon Jimenez
LITERATURA

Urteak izan ziren egunak

Frankismo bortitzetik frankismo lausoago baterako trantsizio-bidean, 1981. urteko urtarrilaren 28an, etorkizunean azak jatea ekidingo zuen Lemoizko zentral nuklearra eraikitzeaz arduratzen zen ingeniari-burua, Jose Maria Ryan, bahitu zuen ETAm-k, berau exekutatu aurretik obrak gelditzeko astebeteko epea emanez. Muga-eguna baino 48 ordu lehenago, Gernikan denak ziren zerurat so. “Ez da astelehena baina, ez da azoka eguna, eta ez dira Kondor dibisioko Heinkel hegazkinak Gernika gainera datozenak beren berun-konpitak eta lehergai-mokordoak eskuzabal oparitzera, ez, helikoptero bat da gaur bake emaile eta adiskidetasun keinu gisa datorren hau”. Juan Carlos I.a errege espainola da, euskaldunon arbola sainduaren pean foruen lege zaharraren gainean berriki negoziatu, onartu eta bozkatutako autonomia estatutua bedeinkatzera, bertako agintarien onespenaz eta Eusko Gudarika dabiltzan zenbait erradikalen aurkaritzaz.

Otsailaren 4a zen Madrilen ere auto berean ekintza bat burutzera zihoazenean poliziaren kontrol batean atzeman zituzten ETAm-ko lau kiderentzat. Komandoko bi kidek ihes egitea lortu zuten; Isidro Etxabe, berriz, bala batek harrapatu zuen sorbaldan, eta Joxe Arregi ihes egiten saiatzerakoan atxiki zuten eta komisariara, DGS ospetsu bezain zorigaiztoko errepresio-gunera, eraman. Bederatzi egun eta gau iraungo zuen bere Golgotaren igoeran barreneko oinazealdiak, harik eta torturatzaileek, bizia galduko zuen beldur, Carabanchelgo espetxeko erizaindegira eraman zuten arte. Han, hiru talde iraultzaile ezberdinetako hiru kide izan zituen tormentuaren testigu -idatzita utzi zuten- eta hil aurretiko azken bidelagun.

Egiazko gertakari hauek guziak eta bertze zenbait bildu ditu, eta, horretarako, bizirik jarraitzen duten lekukoak elkarrizketatu, protagonisten engaiamendurako arrazoiak batu, haien guzien biografiak eraiki eta kontakizun zirraragarri bat ondu du Xabier Mendiguren Elizegi 24/7 editore eta idazleak. Belaunaldi militante eta borrokalari baten erretratua, kazetaritza-kronikaren osagaiak dituena baina ezinbertzean errepresioak eta denborak sortu dituen hutsuneak fikziozko izkiriatzailearen baliabideekin osatutakoa. Eta, aldi berean, azken hamarkadetako gatazkaren errelatoaren eta irudiaren garrantzia bolo-bolo darabilgun garaiotan, behin hilobiratu zutela, bere hilkutxatik atera eta, argazkiak eginez, Joxe Arregiren gorpu ximeldu, egurtu eta ubelduraz betea ezagutaraztea ahalbidetu zuten lagunei omenaldia egin nahi izan die Mendigurenek. Urteak izan ziren egun haien laburpen.