7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Auzo sinbiotikoak

Naturarekin lotutako hainbat gune diseinatu izan dira hirietan, baina horiekin harreman hutsala eduki izan du gizakiak. Zergatik ez eraiki bizidun ororentzat onuragarriak diren paisaiak? Horixe da, hain zuzen, Matthew Dalziel arkitekto ikertzaileak proposatzen duena.

Instalazioa elikagaien baso moduan ulertu nahi da. (Are Carlsen)

Ohituta gaude auzoetako eraikinen arteko berdeguneetan nahiz biribilguneetan lore dotoreak ikustera. Apaingarri hutsak diren lorategiak nagusi dira punta-puntako hirietan, natura artifizial hori inguratzen duten hesi ikusezin eta guzti. Hutsala da espazio koloretsu horiekin daukagun harremana, eta hartu-emanik gabe esan daiteke ez dagoela ia onuradunik. Izan ere, mundua bioaniztasun larrialdi batean murgilduta dagoen honetan, natura bere horretan ukitu gabe babesteak ez dirudi norabide zuzena. 2100 urterako espero da bizirik dirauten espezieen %40 desagertzea.

Gizakia ez da naturatik at dagoen elementua, baizik eta ekuazio berean parte hartzen du, zehazki esanda, ekosistema berean. Duela urte batzuk arte, hiria eta landa arloa ez zeuden hain bereizita, gizakia eta gizakiak ez direnen artean sinbiosi harremana benetakoa eta estua zen. Orain, berriz, gure elikaduraren jatorria lekuan lekukoa izatea ere erronka bilakatu da. Errealitate horren aurrean, Matthew Dalziel arkitekto ikertzaileak Multispecies Neighbourhoods proposamenarekin bestelako paisaiak eraikitzea posible dela erakusten digu. Osloko hiru urtez behingo arkitektura jaialdirako diseinaturiko instalazioan, arkitekturaren eta nekazaritzaren arteko hariak aztertzen ditu, eta lotura aurkitzen du auzoaren eta bestelako espezieen artean dagoen erlazioan. Zergatik ez dira bizidun ororentzat onuragarriak diren paisaiak eraikitzen? Atelier Dalziel bulego norvegiarreko arduradunak sinbiosian oinarrituriko auzoetan sinesten du, beti dagoelako batak besteari zer eskaini.

Espezie anitzeko auzo-proiektua eredu berrien ikerketaren emaitza da, natura dosi txikiak hirietan nola txertatu daitezkeen erakusten digun prototipoa. Instalazioa elikagaien baso moduan ulertu nahi da, eta jangarriak diren 30 landare desberdin hartzen ditu barnean gizakiak, intsektuak nahiz hegaztiak horiez elikatzeko. Aktuazio horien bitartez ekosistema osatzen dugun guztion artean komunitate bat sortzen da, elkar errespetatzeko joera bultzatuz, edozein motatako biziduna izanik ere. Norbanakoarentzat lehengaiak -frutak, barazkiak zein landare aromatikoak- hazteko azpiegitura etxepean izateak horien ardura eskatzen du, emaitza gisa zaindutako espazio atseginagoak lortuz. Auzoak bioanitzagoak izatea ohikoa bihurtu nahi du egitasmoak, apaingarri hutsak diren lorategiak birpentsatuz.

Ask Holmenen kolaborazioarekin Dalzielek eraikitako esfera formadun prototipoa zurarekin eta kalamuarekin -eskualdeko materialekin- eginda dago. Barrualdean, ahabiak eta mahats-zuhaixkak, sagarrondoak, hesilaharra, mendabeltza, ezkaia, gaituna, hurritzak eta gaztainondoak hazten dira. Begiluzeenek barnean gertatzen dena miatu dezakete, bolumenak dituen zulo batzuen bitartez.

Artefaktua hirian zehar hedatu daitekeen natura berri baten erakusleihoa da. Naturan oinarrituriko konponbideen -Natural-based solutions (NBS)- bitartez klima aldaketaren aurka borrokatu daiteke, eta lehia horretatik gizarte ongizatea, osasuna eta erresilientzia bermatzen dituzten hiriak atera ditzakegu.

Oslon 2022 eta 2023 urteetan ospatu den arkitektura ekitaldiaren edizioak “Mission Neighbourhood - (Re)forming Communities” du izenburutzat, eta prototipo bioanitza horren barruan aurkeztu da. Parte hartu duten proposamenek etorkizuneko auzoak nolakoak izan behar luketen hausnartzea zuten jomugatzat, eskala ezberdinetako erronka eraberritzaileak mahai gainera ekarriz, besteak beste, mugikortasunaren, bioaniztasunaren, zaintzaren edo irisgarritasunaren arloan.

Espezieen arteko arkitektura gero eta gehiago erabiltzen da, gizakia ekosisteman birkokatzeko eta bizidunek elkarrekin biziz aurrera egiteko. Esperimentuarekin erakusten da hiri ingurunean nekazaritzako jarduketa puntualen bitartez bizikidetza hori nola planteatu daitekeen, oinarria izanik komunitate-loturak sendotzea.