7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Denboraz


S.apurgarria,

Zer moduz zure urteguna? Biharamunik ez balego bezala topa egin, kolesterolaz ahazteraino gozoz ase, maite dituzunak gonbidatu, gurasoak jaio zinen eguna nolakoa izan zen enegarrenez kontatzen entzun, egun batzuk bereziak diren ilusioari heldu... Nork ez du sentitu nahi bizitza ederra dela? Tira, zuk ere izan dituzu garai ilunagoak: ospakizunik ez, oparirik ez, salbuespenaren lilurarik ez. Konbentzio sozialetatik libre nahi omen zenuen, kontsumoa desiraren plazeboa baizik ez zela proklamatu. Askotan oroitzen zara gogor plantak egiten zituen S are apurgarriago harekin, tarteka barkamena eskatzen diozu oraindik, nahiz eta, funtsean, zure errua onartzeko eta haztatzeko besterik ez izan.

Ez dakit nolakoa zinatekeen, zure aita bezala, 1952an sortu bazina. Ez dakit zer iritzi izango zenukeen lan munduaz, borroka armatuaren amaieraz, zaintza sistemaz, harremantzeko moduez, beldurrik gabe negar egiten dakien jendeaz… Ez dakit Mar Garcia Puigen “La historia de los vertebrados” zabalduko zenukeen edo Ines Osinaga dena aldatzen dela kantatzen entzuteak zerbait piztuko lizukeen. Bai, urguilutsua bazara, zure buruari gutxiegi erreparatzen diozulako da. Garai bakoitzak ditu bere denborak. Horregatik, baliteke, bihar-etzi, zure haurrek euren aita zarela esan baina zure semeak diren sentipenik ez izatea. Alferrik kontatuko diezu orduan, zure urtegun batez jakin zenuela zure aittittak Alzheimerra zeukala, zoriontzeko deitu eta norekin ari zen ez zekiela jabetu zinenean. Hitz egokienak aukeratuta ere nekez konprenituko dute, urte batzuk geroago, berriz zure urtegunez, ETAk bere jarduera armatua behin betiko amaitutzat emateak sentiarazi zizuna.

Arrazoi osoz, denborak ez duela zure urteguna bakarrik zeharkatzen aurpegiratuko dizutenean, beranduegi izango da, ordea, haietako batek erditze bidea zure urtebetetze egun batez abiatu zuela oroitarazteko. Alferrik da, ez galdu denborarik, 1982an jaio balira, zure semeak nolakoak liratekeen pentsatzen. Ez zara sekula 2016koen belaunaldikoa izango; aurrerantzean ere, dena mehatxu iruditzen zaizun egunak ibili beharko dituzu, zerbait kontatu nahi duenak ez du beti entzuteko belarririk kausituko eta, behiala aditzeko betarik hartu ez zuenak, kontalariaren hutsunearekin topo egingo du. Beste denbora batean bakarrik ez, noizean behin besteen denboran ere bizitzen saiatu behar zenuke.